liturgi lagungarriak

  1. APAIZAREN MONIZIOAK

 

AGURRA eta SARRERA

Anai-arreba maiteok: Pazkoa burutzen duen Mentekosteko festaburuan, Espiritu Santuak gure fedea edertzen duen egun honetan, hauxe dut zuentzako agurra: Jainkoaren Espiritu biziemaleak bete zaitzatela itxaropenez eta iraun dezala beti zuekin!

Etorri zaigu Pazkoa bere gailurrera. Gaurkoa ere Pazkoan gertatu zen. Eta gaurkoa, Jesusen Pazkoaren emaitzarik ederrena da. Jesus gurekin geratu da. Guregan ari da. Maitasunaren egintzaz Erreinua haziarazten ari da. Horregatik orain hemen, poza eta barruko begirada behar ditugu. Kanta dezagun barru-barrutik, Espirituaren uretan eman zaigun bizi berria.

(Urez zirtatzea)

Eta kanta dezagun denok batera eman zaigunaren poza eta edertasun betea. Kanta dezagun Pazkoan Jainkoak erakutsi duen aintza!

(Aintza abestua)

 

PREFAZIOA

Jainkoaren maitasunean sinesten dugulako, bera Espirituaren bidez gure artean tarteko eta bizirik dagoela dakigulako... eskerrak eman diezazkiogun pozez beterik.

GURE AITA

Guregan dagoen Jesusen Espiritua da otoitzera eragiten duguna, seme-alaben otoitza esanaraziz:

HONA HEMEN

Hona Jainkoaren Bildotsa, Kristo Jesus, heriotza zapaldu eta Espiritua ematen diguna. Zorionekoak Espirituzko mahaira gonbidatuok!

 

 

 

 

 

B) IRAKURGAIEN MONIZIOA

Espiritu Santuak, Jaunaren Espirituak, elkartzen gaitu igandero hitza entzun eta Eukaristia ospatzera. Gaur ere, Pazkoko azken igande honetan, Espirituaren dohaina era berezian  nabarmentzen dugun honetan ere, Jainkoaren Hitza entzun behar dugu. Berak berritu eta biziaraziko gaitu. Entzun ditzagun patxadan hiru irakurgaiak, tartean Salmoa kantatuz.

 

 

 

 

HERRI-OTOITZA

Eska dezagun orain Espiritua gizon-emakume guztientzat, gure bizi-lurra erabat berri dezan.

Munduko gizon-emakume guztien alde: 

Espirituak Ebanjelioaren egiarekin topo egitera eraman ditzan.

 

Munduan zabaldua bizi den Elizaren alde: 

Espiritu Santuari barrua zabal irekiz eta, Mariaren antzera, maitasun edertzailean bizi dadin.

 

Gizon eta emakume behartsuenen alde: 

Espirituak eragiten duen solidaritatea jaso dezaten beren beharrean.

 

Hauteskundeak egiten ari den gure Herriaren alde:

Erantzukizunez eta arduraz herri osoaren mesedea bila dezagun.

 

Ospakizun honetan elkartuta gaudenon alde: 

Espirituak egia bihur dezan gure bihotzetan, Eukaristian ospatzen duguna.

Aita ona, Jesusen bideari jarraitu nahi diogu. Bete gaitzazu Espiritu Santuaz, zure Erreinua guregan eta munduan hazi dadin. Jesu Kristo gure Jaun berpiztuaren bitartez.

 

 

 

 

 

HOMILIA

Fededun adiskideok: ederki gaude Pazkoaren bihotzean! Ederki, Pazkoa betetasunez burutzen duen Festaburuan! Ederki gure kristau bizieraren oinarritan! Ederki Berpiztuarean mahaian! Festaburu honek geure izaeraren sustraietaraino eramaten gaitu.

Gaur Pazkoa da! Pazkoa betetasunean lehertu duen eguna! Jesusen agintzaria betetzen den unea. Jesus betiko gure artean gelditu den egun librea. Elizari arima eman zaio gaur. Gure fedeari eginkizunerako arnasa. Gure esperantzari aurrera-nahia eman zaio. Gure maitasunari maiteminduen elkartasun-boterea eman zaio. Gure giza bizitzari bokazio berria eman zaio. Eta munduari edertasuna eman zaio. Egintza guztietan askatasun-historia idazteko argia eman zaio. 

Espiritua, irakurgaietako sinboloak erabiliz, sua da, arnasa da, haizea, hizkuntza berria, ura... Begira iezaiozu egur gozoz egindako suari. Nola kiskaltzen duen, berritzeko. Nola berotzen duen. Zein ederra den. Begira haizeari, bere ahalmen guztia erakusten duenean. Ez duzu ikusten, baina bai antz ematen horratio! Dena mugimenduan jartzen du. Begira urari. Nola garbitzen duen. Nolako uholde-indarra edukitzera irits daitekeen. Hizkuntzak, batzeko ala banatzeko? Espirituarena batzeko, inolako zalantzarik gabe! Arnasa! Bizi-aidea! Hori dena Espirituari lotzen badiozu, ez duzu artean jakingo Espiritua nor den, baina jakingo duzu zer egiten duen. 

Espiritua, Espiritua... baina ari al da Espiritua gure mundu nahastu honetan? Ariko ez da ba! Bai, ari da! Egunero maitatzen duten gizon-emakumeengan, hortxe ari da. Pozik bizi diren guztiengan, nork sortzen du poza? Beren bizi-indarrak pobreen alderako eskaintzen dituztenengan nor ari da ba? Gure familien bihotzean maitasuna pizten nor ari da ba? Pobreen bihotzetan esperantza sortzen nor ari da ba? Justizia egiteagatik sufritzeko ere prest daudenengan, nork sortzen duela uste duzu indar eta gogo hori? Haurtxoen bizi-alaitasuna nondikakoa dela uste duzu? Herrien arteko harremanak justizian oinarritu eta bideratzeko gogoa nork eragiten du Espirituak ez bada? Etsai zirenak adiskidetzen direnean, noren obra dela esango zenuke? Edo zaharrak heldutasunaren edertasun gozoz betetzen dituena nor? Gehiago oraindik. Izadiaren edertasuna nondikakoa dela uste duzu? Gure mendietako argitasun berde eta oparo hori... Gure hirietako aurrerapen koloretsuak nork eragindakoak? Erietxeetan, kartzeletan, beren bisitaz, poza sortzen ari diren gizon-emakume maitale  horien presentzia nork eragiten duela uste duzu? Ariko ez da ba Espiritua!

Eta Elizaren bihotzean ere ari da. Egunero fededunen bihotza eta bizitza maitasunera eragiten, fedearen berritasuna gozarazten, etsipenak dena iluntzen duenean itxaropenaren izpi txikiak pizten… nor ari da Jesus Berpiztuaren Espiritua ari ez bada? Eliz elkarteak bere barruan dituen miserien artean elkartasuna sortu eta indartzen, Jesusen Espiritua ari da. Egunero ate itxien beldurra kendu eta leiho eta ateak irekitzen, Eliza gizartera atera dadin, Jesus Berpiztuaren Espiritua ari da. Espirituak eguneroko maitasun-zerbitzu txikien bihotzean jokatzen du atergabe. Bai, eliz elkartean ere ari da!

Ez dugu begirik itxi behar, hala ere. Injustizia ere hortxe dago, heriotza, zapalketa, biolentzia... Hor dago Elizaren aldatu eta berritu ezina, ebanjelizazio-lanerako adore-falta, miseria askoren pisu astuna…Baina Espiritua ari da. Espirituak ari du bere lana. Eta ederki ari du. Hain zuzen gaurko festaburuak badakizu zer eskatzen digun? Mundua Espirituaren eraginez berritu behar dugula. Eliza eta mundua Espirituaren egintzaz edertu behar ditugula. Era batean eta era betean! Horretarako eman zaizkigu sua eta haizea eta arnasa eta hizkuntza eta ura eta... horretarako! Mundu hau eraberri daitekeela sinesten ez duenak, ez du Espirituarengan ere sinesten! 

Ederra da gaurko festa. Gure bihotzak esperantzaz janzten dizkigu. Jarrai dezakegu lanean. Erorialdiak baditugu eta izango ditugu. Baina festa ere badugu eta izango dugu. Igandero-igandero misterio hauxe ospatzen dugu. Eta fededunok igandetik igandera Pazkotik giza askatasuna eginez bizi gara!

Ospa dezagun Espirituak gure artean gertarazten duen Pazkoa ogi-ardotan!

FaLang translation system by Faboba

Gure cookieak eta hirugarrenenak erabiltzen ditugu helburu analitikoetarako eta publizitate pertsonalizatua erakusteko, zure nabigazio-ohituretan oinarrituta (adibidez, bisitatutako orrialdeak). Cookie guztiak onar ditzakezu "onartu" botoia sakatuz edo horiek konfiguratuz edo haien erabilera ukatuz "konfiguratu" botoia sakatuz. Informazio gehiago lor dezakezu edo, ondoren, doikuntzak aldatu gure Cookien politikan.