berriak

Asis Topagunea

Xavier Álvarez de Eulate artista frantziskotarren margolanak oinarri izanik, 2014.az geroztik, urtero-urtero eta gaur egun arte, Donostiako Santa Mariako Basilikan antolatu diren lau pintura-erakusketetan publikoaren ikusgai jarri diren obrak jasotzen dituen katalogoa kaleratu berri du Edizio Frantziskotarrak argitaletxeak. Erakusketok Álvarez de Eulateren artea publikoari gerturatzeko asmoa eta margolari bezala zor zaion ospea aitortzeko xedea izan dute.

Edorta Kortadi arte-kritikoaren irizpideari jarraiki, Álvarez de Eulatek haren ibilbide plastikoan, formatu handian zein txikian, landu zituen serie desberdinetako laurekin osatu dituzte Arantzazuko Frantziskotarren Probintziak, Arantzazu Gaur Fundazioak eta Arantzazuko Adiskideak elkarteak publikoari erakutsitako bildumak. Lehen erakusketak autorearen hamalau Aurpegi Santu hartu zituen. 2015ean, Sasia sutan motibo biblikoaren hogeita bat interpretazio hautatu ziren. 2016. urtean, abstrakzio puruaren aldeko apustua eginez, Agerkunderako espazioak saileko hamasei margolan jarri ziren ikusgai; gogoetarako eta kontenplaziorako espazio koloretsuak horiek. Eta 2017ko erakusketak, apirilaren 25ean inauguratuko dena, Paisaiak saileko beste hamasei obra erakutsiko ditu.

Katalogo berriak, interesdunek eskuragarri dutena (www.edicionesfranciscanasarantzazu.com), Álvarez de Eulate kreatzaile prolifikoaren (eta umilaren) pintura-ekoizpeneko zati txiki bat baino ez du jasotzen. Haren katalogo osoak, margolanak eta eskulturak batuta, 600 lanetik gora hartzen ditu. Oparoa da ondarea. Arantzazutik, gogo betez, gizarteratzen jarraituko dena, gainera (arte-zirkuituetan ez nabarmentzeko artistak zuen borondatearen gainetik).

FaLang translation system by Faboba