Arantzazuk, udazken-garaian, mikologiaren zaleek nahiz gastronomia maite duten lagunek biziki estimatzen duten jardunaldia antolatzen du. Larunbat honetan, hain zuzen ere, hartuko du Arantzazuk Mikopoteoari eskainitako ekintza bereziaren bosgarren ekitaldia. Jardunaldia, urteen joan-etorrian ezagun egin dena eta publiko zabala festa-giroan elkartzeko ahalmena erakutsi duena, Arantzazuko Adiskideak elkarteak, Arantzazu Gaur Fundazioak eta Arantzazuko Parketxeak antolatu dute, eta laguntzaile izango ditu Arantzazuko paraje ederreko Zelai-Zabal, Goiko-Benta, Sindika, Milikua eta Arantzazuko Santutegia Hotela jatetxeak.

Jardunaldiari 18.30ean emango zaio hasiera, Gandiaga Topagunea batzar-zentroan, Perretxikoak nola ezberdindu? titulupean, Javier Gómez Urrutia biologo eta mikologo profesionalak eta Ultzamako Mikologia-Parkeko arduradunak eskainiko duen hitzaldi/mahai-inguruarekin. Haren parte-hartzea amaitzean, Arantzazuko jatetxeetako sukaldariek ekitaldi honetarako sortutako mikopintxoak aurkeztuko dituzte, eta xehetasunez jakinaraziko dute nolakoa izan den haien prestaketa-lana.

Aurkezpenak eginda, 19.30eko bueltan eta Gandiaga Topagunean bertan, mikopintxoen dastaketari ekingo zaio Zelai-Zabal jatetxeak sukaldatutako mokaduarekin. Horren ondoren, bertaratuak Arantzazuko gastronomia-zirkuitutik barrena eramango dituen ibilbidea hasiko da, Goiko-Bentatik Arantzazuko Santutegia Hotela arte, Sindika eta Milikua tartean direla. Mikopote bakoitzak 1,5 euroko salneurria izango du, jatetxe bakoitzean.

FaLang translation system by Faboba