Fundazioa

Arantzazuko Basilikako beirateen egile den Xavier Álvarez de Eulateren ibilbide artistikoa aintzat hartzea eta egindako lanari omenaldia egitea izango da datorren irailaren 13an, larunbata, Arantzazuko Adiskideak elkarteak eta Arantzazu Gaur Fundazioak aurten bigarrenez antolatu duten pintura-lehiaketako xede nagusia.

“Xavier Álvarez de Eulate” pintura-lehiaketako II. ekitaldian nahi duten guztiek hartu ahal izango dute parte, hiru kategoria baitaude: helduena (16 urtetik gorakoak), gazteena (12 eta 16 urte bitartekoak) eta haurrena (11 urte artekoak). Lehiakideek Arantzazuko Santutegiko edozein zoko, paisaia edo monumentu margotu ahal izango dute, eta teknika librea baliatuz sortutako lan bakarra aurkeztu.

Zigilatzea eta izen-ematea Arantzazuko Gandiaga Topagunea kultur zentroan egingo dira 10.00etatik 12.00etara, eta obrak 17.00ak baino lehen entregatu beharko dira leku berean eta sinadurarik gabe. Epaimahaia Edorta Kortadi arte-kritikoak eta Xabier Egaña, Elena Goñi eta Luis Lascurain pintoreek osatuko dute. Haiek erabakiko dute nortzuk izango diren irabazleak: helduen kategoriako lehen saridunak 1.500€ eta diploma lortuko ditu, bigarrenak 750€ eta diploma eta hirugarrenak 400€ eta diploma. Gazteen eta haurren kategorietako lehen eta bigarren irabazleek pintura-material sorta bana eskuratuko dute.

Pintura-lehiaketan saritutako koadroak, nahiz beste denak, ikusgai izango dira urriaren 11tik azaroaren 2ra bitartean Gandiaga Topagunean. Erakusketa asteburuetan eta jai-egunetan egongo da zabalik 11.00etatik 14.00etara, eta sarrera doakoa izango da.

FaLang translation system by Faboba