Fundazioa

Arantzazuko Basilika berria eraiki eta dekoratu zen garaian, Jorge Oteizaren itzalean, zenbait frantziskotar artistek beren lengoaia propioak landu zituzten espresio artistikoa garatzeko, Arantzazuko arte-lantegian. Lau fraideren lana nabarmendu zen batik bat: Xavier Álvarez de Eulate, Jose Luis Iriondo, Juan Arriola eta Xabier Egaña. Álvarez de Eulate elizgizon klasikoak eta tradizionalak asmatu zuen, gure inguruan aurrenekoz, Jainkoaren esentzia abstrakzioaren ikuspegi modernoaz margotzen. Iriondo margolari finak eta abilak figurazio gozoz jantzi zituen Gipuzkoako eta Euskal Herriko hainbat eliza. Arriolak eskulturak eta konstrukzioak landu zituen art povera-ren lerrotik, frantziskotarren pobrezia-botoaren eraginez, ziur aski. Eta Egañak espresionismo koloristari eutsi zion, Alemaniako mugimenduen gertuko, gizakiaren gorputzak ezinezko eskortzoetan hautsiz.

Arantzazun erro sendoak zituzten lau artista horien zenbait pintura- eta eskultura-lan ikusgai izango dira, Arantzazuko Gandiaga Topagunean, irailaren 2tik urriaren 16ra. Publikoari zabalik egingo den inaugurazio-ekitaldian Juan Arriola eta Xabier Egaña artistak eta erakusketako komisario Edorta Kortadi izango dira, eta bertaratuei erakusketako katalogoaren ale bana emango zaie. Bisita-ordutegia honakoa izango da: larunbatetan, 11.00etatik 14.00etara eta 17.00etatik 19.00etara eta igandeetan eta jaiegunetan, 11.00etatik 14.00etara.

FaLang translation system by Faboba