Fundazioa

Joxean Artzek (Usurbil, 1939) 70. hamarkadatik gaur egun arte egindako poesia-lanean murgiltzeko bidaia da “Ikimilikiliklik. JA Artzeren unibertsoa”. Mikel Laboaren abesti mitikoen egile delako da, besteak beste, ezaguna Artze. Baina XX. mendeko euskal artista berezienetakoa ere bada, eta baita hainbat alor artistikoetan (literatura, audio-grabazioak edota eszena-ikuskizunak) gauzatutako obra ezezagunagoaren jabea ere.

“Ikimilikiliklik. JA Artzeren unibertsoa” ikus-entzunezko instalazioa da, ordu erdi inguruko iraupena duena, eta bere xedea autorearen azken berrogei urteetako obra ezagutaraztea da haren mundua osatzen duten irudietan, musikan eta hotsetan ikusleak barneratuz. Bideo-instalazioak “Ikimilikiliklik bidekidekaria” ikuskizunari zor dio izena, Joxean eta Jexux Artze-anaiek Mikel Laboarekin batera, 70. hamarkadan, gauzatu zuten esperientzia artistiko aurrerazaleari. Multimedia ikuskizun hark (musika, poesia eta irudia) garaiko kultura-moldea astindu zuen, eta, besteak beste, Veneziako 1976ko Bienalean izan zen ikusgai.

“Ikimilikiliklik. JA Artzeren unibertsoa” zentzuen esperientzia ikusgai izango da Arantzazuko Gandiaga Topagunea kultur zentroan, doan, hilaren 12tik 27, honako ordutegian: asteartetik ostiralera, 11.00etatik 14.00etara, eta larunbatetan, igandeetan eta jaiegunetan, 11.00etatik 14.00etara eta 16.00etatik 18.00etara.

FaLang translation system by Faboba