Fundazioa

Patxi Zubizarreta idazlearen “Laranja bat zaborretan” eleberrian oinarritutako errezitaldi piktoriko-musikala hartuko du Arantzazuko Gandiaga Topagunea kultur zentroak azaroaren 19an, larunbata, arratsaldeko 18.00etan. Egilearekin batera izango dira Felipe Barandiaran, esatari lanetan, eta Mintxo Cemillán marrazkilaria eta Pello Ramirez txelo-jotzailea hitzez adierazitakoa beren espresio-bideak baliatuz interpretatzeko.

Egungo errefuxiatuen eta etorkinen auziarekin estu lotua dago Kairon kokatua dagoen “Laranja bat zaborretan” liburuaren argumentua: hiru erlijio desberdinek beren hariak gurutzatzen dituzte, hautsi gabe, protagonisten joan-etorrietan. Liburua abegitasunaren aldeko aldarria da, eta Arantzazuko emanaldiak ikus-entzuleengan espiritu horixe bera piztea bilatuko du, zentzumenen dardarrez.

Euskara hutsean egingo den emanaldirako sarrera doakoa izango da, eta 120 lagunentzako lekua prestatuko da. Bertaratzeko asmoa dutenek etorriko direla baieztatzea gomendatzen da 943-716575 telefono-zenbakira deituz edo Helbide elektroniko hau spam roboten kontra babestuta dago. JavaScript aktibatuta eduki behar duzu hau ikusteko. posta elektronikora mezua idatziz.

FaLang translation system by Faboba