Forua Forua, bere kutsu argiro erromatarreko izenarekin, Gernikatik hurbil dagoen herri bat dugu. Hain zuzen ere, udalerri horri atxiki zitzaion orain dela urte batzuk (1996an), baina 1987an ostera banandu eta udalerri bilakatu zen. 996 biztanle zituen 2001ean.

Foruan bazen frantziskotarren komentu bat XIX. mendeko Esklaustrazioaren aurretik ere (1719an), Izaro uharteko komentu mitikoaren (1422an eraikiaren) eta garai hartako Erreformen Bizkaiko lehen berme-puntu izan zenaren lekualdatze edo birfundazio baten fruitu gisa.
Gernikatik Bermeorako bidean nahitaez zeharkatu beharreko lekuan dagoenez, XIX. mendeko gerren gorabehera lazgarri guztiak pairatu behar izan zituen, ospitale militar bihurtzeraino iritsiz, 1835ean seguru asko. Eta geroago, berriz, gainerako komentuen destino bera nozitu zuen Esklaustrazio orokorrarekin, nola komentua hala baratzea salduak izan baitziren. Berreraikuntza, berriz (1886an), jatorrizko lekutik urrutirago egin zen, zimendu berriekin.

Forua izenak, Bizkaiko nekazari-munduko sermolari frantziskotarren komentua eta Arantzazuko Probintziako fraidegai txikien prestakuntza-etxea (1930-1968) ekartzen dizkigu batik bat gogora. Sute batek harri-pila bihurtu zuen ikastetxe serafikoa, baina handik gutxira berreraiki eta apaizgaitegi txiki bihurtu zen ostera berriz (1975-1994). Bere historiako bi aldi horietan 1.230 ikasle eduki zituen, eta horietatik 679 nobiziatura pasatu ziren zuzenean.

Ikastetxea itxi ondoren, hainbat gogoeta-talde biltzen eta gizarte-ekimen antolatzen dira bere lokaletan. Azkenik, esan dezagun, Bizkaiko elizbarrutiak frantziskotar anaidi honi esleitu dizkion parrokia eta kultu-etxeez arduratzera mugatzen dela bere egitekoa. Zortzi fraidek osatzen dute anaidia, eta Forua, Ajangiz, Albiz, Errigoiti, Gernika-Lumo, Gorozika, Ibarruri, Mendata, Morga, Murueta eta Muxikako parrokiez erantzuten dute horiek.

Inprimatu
FaLang translation system by Faboba