Sanurtziko anaidia Bilboko iparraldean —Nerbioi ibaiaren ezkerraldean— dagoen bizkaitar herri bat da Santurtzi. Herri bereziki industriala izateaz gain, portu-herri eta arrantzale-herria da, Bilbo Handiari hertsiki lotua. XX. mendean zehar, eta batez ere 1950etik 1970era bitartean ezagutu zuen etorkin-jario handiaren ondorioz, asko hazi da bere biztanleria. 2001ean, adibidez, 47.865 bizilagun zituen. 1990az geroztik frantziskotar fraideen anaidi txiki bat dago San Joan auzoan (2.700 biztanle).

Anaidi hau, gizartean zuzenki murgildutako komunitate bat ezartzeko aukerari buruz fraideen artean egin zen gogoeta ireki batetik sortua da, proiektuan zuzenean parte hartuko ez zuten anaiek ere esku hartu zutelarik gogoeta horretan. Eta gogoeta haren fruitu, auzo baztertu, sozialki behartsu eta erlijio aldetik ahaztu hau aukeratu zen. Eratzekoa zen komunitatean, txikitasuna eta pobretasuna bezalako karismak zituzten anaiek hartu behar zuten parte; soldatapekoak izan behar zuten nahitaez, inguruko jendearen egoera sozio-ekonomikoarekin ahalik eta antzik handiena izango zuen bizimodua egingo zutenak, eta auzotarren elkarte-mugimenduetan lehiatsu parte hartuko zutenak. Planteatu zen, baita, gerora begira, anaidi txikietan bizitzeko bokazioak lantzeko aukera ere.

Anaidi honen bizitzako lehen hamarkadan sei fraidek parte hartu zuten: ez eliza propiorik eta ez auzoko pastoralgintzarik gabe, kaleko hezitzaile modura eta auzotar guztientzat ateak zabalik zituen etxebizitza batean. Gaur egun lau fraidek osatzen dute anaidi hau.

Inprimatu
FaLang translation system by Faboba