Tolosa Gipuzkoa probintziako herri hau Oria ibaiaren arroaren erdi parean dago, eta inguruko herrien eskualdeburua da zerbitzuetan. Tolosak 8.111 biztanle zituen 1900ean, eta 2001ean, berriz, 17.020. Bi komunitate frantziskotar izan ditu herri honek bere historian: klaratarrena (1612koa) eta fraideena.

Tolosako San Frantziskoko fraideen komentua 1587an fundatua da, Ordenako Nagusi Francisco de Tolosaren ekimenez. Bai eliza eta bai komentua XVII. mendean eraiki zituzten, eta dorrea, berriz, 1640-1642an. San Jose ikastetxe ohia —fraideek gobernatua— garrantzi handikoa izan zen eskualde eta probintzia zibil mailan. Komentua eta ikastetxea errautsi zituztenean, elizaren hormak eta erretaula bakarrik salbatu ziren. Eraikin hau monumentu probintziala da gaur egun.

Tolosa karlisten mendeko eremuan zegoelarik, Estarta errestauratzaileak berriro ireki ahal izan zuen komentu hau 1875ean, baina —denen harridurarako— berehala uzteko, ordea, handik hilabete batzuetara alde egin behar izan zuen-eta liberalak etortzean. Frantziskotarren anaidia ez zen itzuliko behin betiko 1915era arte. Vatikanoko II. kontzilio aurreko urteetan, eta geroago ere, Tolosaldeko jende-andana handiak biltzen ziren komentu honetara aitortza egitera. Horregatik, bere pastoralgintzako profila franko bereizi izan da Arantzazuko probintziako gainerako komentuetatik bertako fraideek urteetan eta urteetan egin izan duten konfesonario-lan eskergarengatik.

Laikoei dagokienez, Hirugarren Ordenako Anaidian bildu dira hauek batik bat, jadanik 1935ean bazituen-eta 1.074 kide. Eta ildo horretatik bertatik jarraituz, Tolosatik gidatu izan dira Hirugarren Ordenari laguntzeko beste hainbat ekimen probintzia osora zuzenduta. Esate baterako, bertan argitaratu izan dira “TOF” delakoaren (Frantziskotarren Hirugarren Ordenaren) buletinak, bai gaztelaniaz eta bai euskaraz, 1935 eta 1945 artean. Bestalde, komentu honetatik Arantzazuko Santutegira antolatu izan diren herri zein eskualde mailako erromesaldiek gure egunetara arte iraun dute etenik gabe. Eta esan dezagun, azkenik, komentu honetan eratu zela formalki Jakin kultura-taldea (1973-1977), gero Donostiako Jakinen jarraituko zuena (1978).

Bertako anaidiak ez ditu inoiz 15 fraide baino gehiago izan, eta 11/14 kidez osatua egon da normalean. 2004ko urtean bederatzi fraide zituen, beren komentu-elizako bertako, Elduko elizako (1970...) eta Berrobiko parrokiako (1978...) gurtzaz arduratzen zirenak, katekesiaz eta gazte eta helduen prestakuntza erlijiosoaz ahaztu gabe.

Inprimatu
FaLang translation system by Faboba