Gasteiz-Ariznabarra Gasteiz hiria, Arabako probintzia zibileko eta Euskal Autonomia Erkidegoko hiriburua da. Nafarroako Antso Jakitunak fundatu zuen (1181ean), San Frantziskoren jaiotzako denbora bertsuan (1181/82). Hiri honek izugarrizko garapena ezagutu du industria eta hirigintza aldetik, eta azken denboran oraindik indartuagoa geratu da Autonomia Erkidegoko administrazio-hiriburutza bereganatzean. 220.622 biztanle zituen 2001ean.

Frantziskotarrak oso goiz ezarri ziren bertan, 1236 baino lehen bai behintzat, eta San Frantzisko komentutzarrak —jadanik XIII. mendean eraikitzen hasi zirenak— zutik iraun zuen 1930era arte. Bere garaian garrantzi handiko erlijio-zentroa izan zen (Gasteizko Kustodiako eta Kantauri/Arantzazuko probintziako burua 1551tik), eta teologiako prestakuntza- eta ikasketa-etxea. Arabako erakunde publikoek ere baliatu zuten batzar- eta artxibo-leku gisa. XVII. mendean fundatu zen bigarren fraide-komentu bat ere, Sortzez Garbiaren kalonje erregeladunena (1648an), erretiro-etxea edo errekoletoa oraingoan.

Esklaustrazio-aldi luzea gainditu ondoren, 1973an itzuli ziren frantziskotarrak Gasteizera, eta etxebizitza-bloke batean jarri, prestakuntza-etxe modura, baina eliza propiorik gabe. Anaidi hau ere, beraz, frantziskotar txikertasunaren testuinguru berrian kokatzen da, bereziki Diozesiaren pastoralgintzan laguntzeko asmoarekin. 1980an iritsi zitzaien anaidia eratu eta Ariznabarran finkatzeko apezpiku-baimena.

Ikasleak ahitzean, bost fraide geratzen dira gaur egun, eta irakaskuntzaz (teologiako fakultatean), kristau-gogoetako taldeez eta moja-komunitateez arduratzen dira, Diozesiak gomendatutako parrokia-lanekin batera (2004an, Abornikanoko parrokia).

Inprimatu
FaLang translation system by Faboba