Zarautz Gipuzkoar herri hau Bizkaiko Golkoaren ertzean dago. Bere bizitza sozioekonomikoaren garapenean industria eta turismoa izan ditu zutabe nagusi, eta gainera, neurri handi batean, bizitegi-herri bat dela ere esan behar da. 21.211 biztanle zituen 2001ean.
Oñatirekin batera, Zarautz izan da Aro Garaikideko frantziskotar historian jarduerarik oparoenak eman dituen herria. Hasteko, Zarautzek bi frantziskotar komentu zituen XVII. mendean: frantziskotar erregularrena bata (San Joan Bataiatzailearena, 1610ekoa) eta klaratar mojena bestea (Santa Klara monasterioa, 1611koa).

San Joan Bataiatzailearen komentua, hasiera batean, erretiro-etxea —erlijio-bizitza zorrotzagokoa— zen Kantauri/Arantzazuko probintziaren barnean, harik eta 1840an Esklaustrazioko legeek itxiarazi zuten arte. Bien bitartean misiolari-kolegio ere izan zen, 1746az geroztik. Horren ondorioz, liburutegi aberats baten jabe zen kolegioa, garai hartako prediku- eta espiritualitate-liburu ugarirekin, euskal literaturako original argitaragabe biziki baliotsuekin batera. Horrela, esate baterako, Etxeberri Sarakoa, Joan Antonio Mogel, etab.en lanak.
Esklaustrazio ostean goiz zaharberritu bazuten ere (1867an), bigarren karlistaldiaren ondoren eman zioten behin betiko egitura, eta bertatik ekin zitzaion, erakunde mailan, Arantzazuko probintziaren berreraikuntza orokorrari. Eta, etenaldi labur bat edo besterekin, bera izan zen kuria probintzialaren egoitza ere 1925era arte.

XX. mendeari dagokionez, fraide-komentu honetan sortutako ekimenek pastoralgintza, hezkuntza eta gizarte mailan izan duten eragina nabarmen-nabarmena izan da Zarautzen eta eskualde osoan. Jadanik 1911n hasi, eta pixkana-pixkana gero eta gehiago garatu zen frantziskotar hezkuntza-sistema irakaskuntza arautu eta ez-arautuetaraino zabaldu da, Marrazketa, Musika, Lanbide Heziketa, Lehen eta Bigarren mailako Irakaskuntza, Batxilergoa, etab. besarkatuz; eta bertako fraideen kopuru handi baten lana ez ezik, herriko jendearen era guztietako lankidetzaren beharrean gertatuz.

Gaur egun (2004an), bi fundazio arduratuko dira multzo horretaz guztiaz: alde batetik, Jose D. Epelde Fundazioak (frantziskotarren, familia-gurasoen eta irakasleen partaidetzarekin) Antoniano Ikastetxea eramango du (Haur-hezkuntza, Lehen mailako Hezkuntza eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza), eta bestetik, berriz, Bitoriano Gandiaga Fundazioa (frantziskotarren eta Orio eta Zarauzko ikastolen partaidetzarekin) Oteiza Lizeo Politeknikoaz arduratuko da (Batxilergoak eta Zikloak).

Zarauzko anaidia 9 fraidek osatua dago gaur egun (2014an), irakaskuntzan, bertako parrokia-elizako elizkizunetan eta bestelako jardueretan (sakramentu-bizitzan, katekesian, helduen erlijio-prestakuntzako taldeetan, etab) lan eginez, eta herriko eta eskualdeko plan pastoral bateratuan lagunduz.

Inprimatu
FaLang translation system by Faboba