Fundazioa

arantzazuNatura

Aizkorri-Aratz Parke Naturalaren barruan dago Arantzazu. Euskal Herriko mirarietako bat dugu Parkea, 19.400 hektareakoa, eta, Aralar mendizerrarekin batera, Pirinioak eta Kantabriako mendikatea lotzen dituen korridore ekologikoetako bat. Aipatzekoa da Aratz eta Aloña mendien arteko haitz-horma. Gailur ezagunenetik (Aizkorri) datorkio izena mendiguneari. Kristo Santuaren ermita dago mendi horren tontorrean.

Aizkorri-Aratz Parke Naturala

“Euskal Herriko mirarietako batean, Aizkorri-Aratz Parke Naturalean, dago Arantzazu”

Mendizerraren hegoaldea zeharkatzen du Flandes eta Gaztela lotzen zituen Erdi Aroko galtzadak, eta Gipuzkoako pasabiderik ezagunenetako batetik igarotzen da: San Adriango tuneletik. Urbiako zelaietan (Parke Naturalaren bihotza), berriz, historiaurreko aztarna ugari eta garrantzitsuak ditugu, gure aurrekoen artzain-bizimoduaren erakusgarri. Pagoa da bertako zuhaitzik ugariena, eta Gipuzkoako pagadirik handienetako bat dago hantxe: Iturrigorriko basoa.

Urbiako hermita

Aukera ugari eskaintzen dizkigu Aizkorri-Aratz Parke Naturalak, eta horietatik bi azpimarratuko ditugu atal honetan. Parkearen aberastasuna ezagutzeko zenbait aukera aurkituko dugu bide eta mendiei buruzko orrialde hauetan.

Aukerak

Urbia eta Aitzkorri

Urbia. Arantzazutik, ordubete pasatsu behar da Urbiako zelaietara iristeko. Larre zabalak, noranahiko ibilbideak, artzainen saroiak, historiaurreko trikuharriak... aurkituko ditugu, eta mendigunearen gailurrak hurbiletik ikusteko aukera izango dugu.

Iturrigorriko basoa. Norabide berean, Urbiarako bidea- rekiko paralelo, eskuinerantz, Iturrigorriko basoa dugu. Antzina-antzinakoa da, edertasun apartekoa eta balio ekologiko izugarrikoa. Hori dela eta, baso-eskolatarako erabiliko da.

“Urbiako zelaiak eta Iturrigorriko basoa, edertasun eta balio ekologiko aparteko bazterrak”

Arantzazuko zelaiak eta basoak

Baliabideak

www.oinati.org/natura-kirola web gunean ere badago Parke Naturalari buruzko informaziorik.

Naturaren InterpretazioZentroa, Arantzatzuko Gandiaga Topagunea eraikinean. Parke Natural honetako ondare guztiaren erakusketa interaktiboa da Zentroa.

Arantzazuko dendan (tel.: 943 781 302) eta horren ondoan dagoen turismo-bulegoan (tel.: 943 718 911) badira Parke Naturalari buruzko liburuxkak, gidak eta argitalpenak.

Parke Naturalak telefono bat jarri du ingurumen-hezkuntza lantzeko eta natura-turismoa egiteko bisita gidatuak eta beste ekintzak antolateko (943 251 015).

FaLang translation system by Faboba