Fundazioa

arantzazuNatura

Bidezidorrez gain, zenbait mendi-tontor ere bada Arantzazuko inguruetan, apropos-aproposak mendizalez betetako gure herri honetan. Aloñatik Aratzeraino doa mendizerra, eta hor daude Euskal Autonomia Erkidegoko gailurrik goienak: Aitzuri (1.551 m.) eta Aizkorri (1.528 m.). Gipuzkoako hegoaldea, Arabako lautada edo Pirinioetako lehen tontorrak behatzeko leku paregabea da mendigune ikusgarri hau.

Arantzazuko mendiak

“Euskal Herriko biodibertsitatea behatzeko leku paregabea dugu Aizkorriko mendigune ikusgarria”

Kareharrizko harresi handi honen artetik sortzen dira Gipuzkoako hiru ibai nagusiak (Oria, Urola eta Deba) eta Zadorra. Aspalditik zeharkatu izan du harresi hau gizakiak, monumentu megalitikoen ugaritasunak eta San Adriango tunelak adierazten digutenez. Zulatutako haitz horretatik (San Adriango tunela) igarotzen ziren Done Jakue bideko erromesak Gipuzkoatik Arabara. Faunari dagokionez, belatz handia, sai arrea, basakatua, lepahoria eta gailurretako uhandrea dira aipatzekoak, ardi latxezko artaldeez gain, jakina.

Arantzazuko mendiak neguan, elurtuta

Mendiko ibilbide ugari egin daitezke Arantzazutik abiatuta. Gailur-lerroaren bi muturretan dauden bi aukera gomendatzen dizkizuegu, baina bada beste mila igoaldi edo ibilbide egiteko aukerarik ere.

Aukerak

Aizkorri, Aitzuri eta Aketegi. Arantzazutik Urbiarantz jo behar dugu; hortik, ezkerreko zuhaitzei jarraitu, ekialderantz. Norabide horretan eskuinera ageri zaigun lerroaren azkeneko tontorra dugu Aizkorri. Bi bat ordu irauten ditu igoaldiak, eta Aitzurira eta Aketegira ere eramaten du, nahi izanez gero. Ez du aparteko zailtasun teknikorik ibilbideak, airetiko pasabide batzuk badituen arren.

Aloña. Arantzazuko aparkalekutik Gandiaga Topagunera jo, eta, hortik, Duruko zelaietara. Gorago, gailurrera eramango gaituen pista bat aurkituko dugu. Ordubete pasatsu aski dugu Aloñako gailurrera iristeko. Azkeneko unera arte ez dugu ikusiko burdinazko gurutzedun tontorra.

Aloña-Aizkorri gailur-lerroa:

- Gorgomendi (Aloña), 1.248 m
- Buetraitz (Botreaitz), 1.325 m
- Akaitz, 1.315 m
- Arriurdin, 1.273 m
- Artzanburu, 1.368 m
- Andraitz (Andreaitz), 1.433 m
- Arbelaitz, 1.513 m
- Iraule, 1.511 m
- Aitxuri (Haitzuri o Aitzuri), 1.551 m
- Aketegi, 1.549 m
- Aitzabal, 1.519 m
- Aitzgorri (Aizkorri), 1.528 m

“Bi bat ordu behar dira Aizkorrira igotzeko, eta bide horretatik iristen da Aitzurira eta Aketegira ere”

Zabalandi eta Gazteluhaitz Arantzazutik

Baliabideak

Arantzazutik oinez egiteko zortzi ibilbideri buruzko informazioa duzue gida honekin batera, zenbait mendiri buruzkoa ere barne dela. Santutegiko dendan (tel.: 943 781 302) edo horren ondoan dagoen turismo-bulegoan (tel.: 943 718 911) eskatu.

Informazio gehiago behar izanez gero, begira- tu www.gmf-fgm.org (Gipuzkoako Mendizale Federazioa) edota www.gipuzkoaoinez.com web guneetan.

FaLang translation system by Faboba