basilika

Jorge Oteiza Orion jaio zen 1908ko urriaren 21ean. Eskultore-, poeta-, filosofo- eta arkitekto-lanak eginik, XX. mendeko artista garrantzitsuenetarikoa izan zen, eta mugarria 50. hamarkadako abangoardiarako. 1988an Arteetako Asturiasko Printzea Saria jaso zuen, eta 1998an Arte Ederretako Zirkuluaren Domina.

1927an Madrilera joan zen arkitekturako ikasketak egitera, baina azkenean medikuntzako karreran eman zuen izena. Hiru urte geroago medikuntza bertan behera utzi zuen Arte eta Ofizio Eskolan sartzeko. 1935ean Hego Amerikara iritsi zen, non urte luzeak eskaini zizkion kreazio artistikoari nahiz irakaskuntzari. 50. hamarkadan sorterrira itzuli zen, eta sendo borrokatu zen euskal mugimendu artistikoa biziberritzeko asmoz. Horretarako Equipo 57, Gaur, Emen, Danok eta Orain bezalako abangoardiako taldeen sortzaile izan zen. Garai hartan enkargatu zioten Arantzazuko Basilikako aurrealdea dekoratzeko eskultura.

Bere obrak eboluzioa izan zuen forma espresionistetatik hutsaren gaineko gogoeta bihurtzeraino. Hutsunea izan zen orduz geroztik protagonista haren artelanetan. “Giza espirituaren hutsune existentziala” adierazteko baliatu zuen artea. 60. hamarkadan eskultura alde batera utzi zuen, eta kezka artistikoak poesiaren, arkitekturaren eta filosofiaren bidez landu zituen. Quosque tandem...! Ensayo de interpretación estética del alma vasca, bere idatzi teorikoetan azpimarragarriena, garai hartakoa da.

Monumentu megalitikoen espiritualtasuna, batez ere Euskal Herrikoena, eta abangoardiako mugimenduen berrikuntzak uztartzen asmatu zuen. Pedagogiaren mailan egin zuen lana eta estetikaren eta artearen teorian egindako ekarria ezinbestekoa izan zen etorkizuneko eskultore-belaunaldiak formatzeko.

FaLang translation system by Faboba