basilika

Eduardo Chillida Donostian jaio zen 1924ko urtarrilaren 24an. XX. mendeko eskultorerik garrantzitsuenetakoa da. 50. hamarkadan nazioarteko mailako sona lortu zuenetik haren obra Europako eta Estatu Batuetako museo eta kolekzio ospetsuenetan izan da ikusgai, eta 40 eskulturatik gora ditu munduan barreneko hirietako kaleetan. 1987. urtean Arteetako Asturiasko Printzea Saria eman zioten.

1943an Madrilen hasi zuen arkitekturako karrera. Lau urte geroago fakultatea uztea erabaki zuen denbora osoan marrazten eta eskulturan aritzeko. 1948an, frankismo garaiko Espainian zegoen giro artistikoa ez zen beste bat ezagutzeko nahian, Parisera joan zen, eta han ezagutu zituen Picasso edota Brancusi bezalako artista sonatuak. Garai horretan egin zituen eskulturak tradizio figuratiboak markatu zituen oraindik. 1951n, Euskal Herrira itzuli zenean, Manuel Illarramendiren sutegian hasi zen lanean. Eskultorearen ibilbide artistikoan mugarria izan zen obra egin zuen bertan, Ilarik. Horixe izan zen bere lehen eskultura abstraktua.

Berrogeita hamarretik gora urte eman zituen Chillidak hutsa eta bolumena, argia eta itzala eta muga eta infinituaren izaera bezalako kontzeptuak aztertzen. Bere lanak egiteko erabili zuen materiala (burdina, harria, altzairua, hormigoia eta abar) ez zen harentzat helburua izan. Berdin-berdin, baliatu zituen formak ere ez ziren jomuga. Materiaz eta formaz haratago, egindako artelanen bidez existentziaren ikusmolde etikoa, mistikoa eta transzedentala adierazi nahi izan zuen.

FaLang translation system by Faboba