liturgi lagungarriak

A) APAIZAREN OHARRAK

AGURRA eta SARRERA
Jainkoaren seme maite Jesu Kristoren bakea, grazia eta maitasuna, zuekin!

Mendi gailurrean, aintzaz beterik agertzen zaigu Jesus, bere hiru ikasle maiteenen aurrean. Jerusalemerako bidean, gurutzean burutuko den bide latzean, argigarria benetan une hau. Jainkoak erakutsiko du, gurutzeko bide hau dela beraren borondatearen bidea. Eta bide hau dela, ondorioz, egiazko bizia sortuko duen bide bakarra. Eliz festa antzinako honetan, argiaren festa ospatu behar dugu.

Eska dezagun Jaunaren errukia eta barkamena, burutzera goazen misterio santu hauek, gure fede-bizitzarako indar gerta dakizkigun.

- Jesus Jauna, gure bakea zarena. ERRUKI, JAUNA.
- Jesus Jauna, Aitaren aintza erakutsi diguzuna. KRISTO, ERRUKI.
- Jesus Jauna, Aitaren eskuinaldetik zure Espiritua eman diguzuna. ERRUKI, JAUNA.


PREFAZIOA
Esker-otoitza dagokigu orain. Jesusengan ikusi dugun jainko-aintzaren distiretan, eskertu dezagun Erreinuko lanetan adore eta bultzada ematen digun jainko-maitasun betikoa.

GURE AITA
Jesus, Seme maitearekin, eta haren ikasle guztiekin egiogun otoitz guztion Aitari, denok batera kantatuz:

HONA HEMEN    
Hau da Jesu Kristo, Jainkoaren Seme maitea, bekatutik bizira eramaten gaituena. Zoriontsuak mahai argitsu honetara deituok!



IRAKURGAIEN MONIZIOAK
1. Jesusen irudi da Itun Zaharrekoa. Orain entzungo duguna ere bai.
2. San Pedrok Jesusekin mendian izandako esperientzia argitsua kontatzen digu. JAINKO-HERRIAREN OTOITZA

 

JAIMNKO-HERRIAREN OTOITZA
Jesus da bidea eta bizia guztiontzat. Otoitz egin dezagun geuretzat eta munduko gizon-emakume guztientzat. Eska dezagun argia!


*    Kristau guztien alde: argiz beterik eta fedearen pozetan bizi gaitezen beti.

*    Jesu Kristo ezagutzen ez dutenen alde: Espirituak barrutik argi ditzan eta Jesus ezagutzeak poztu ditzan.

*    Etsipenaren ilunpetan bizi direnen alde: esku adiskide batek argiaren giro askatura erakar ditzan.

*    Oporretan daudenen alde: Atseden-egun hauetan argiaren hurbiltasuna eta gozoa bizi ditzaten.

*    Gure hildakoen alde: Jainkoaren erreinuko argi betera iritsi daitezen.

Entzun, Aita ona, gure eskariok. Argitarako egin gaituzunez gero, gorde gaitzazu zure Semearen bideen argitan. Jesu Kristo gure Jaun beraren bitartez.

 

HOMILIA
Bere misioaren une nagusian, Jesus Jerusalema bidean ikusten dugu. Eta, egia esate aldera, ez zaigu beti erraza gertatzen Jesusen bide hori ulertzea. Konturatzen baikara zer dakarren bide horrek: Jesusen nekaldia eta heriotza. Hori horrela izanik, gaurko jaia paradatxoa gertatzen da, Jesusen bideak norantz garamatzan pentsatu eta ikusteko geldiunea. Jerusalemerako bidearen sentidua argitzen digu gaurko jaiak. Tabor mendian dakusgun argi dirdaitsu hori, Jesus gurutzetuaren argia da, azkeneraino maitatu gaituen entregatuaren argia. Jesusen Jerusalemerako bokazioari oso ondo datorkio gaurko jaia. Eta gure kristau bizitzari ere esku-eskura datorkio gaurko jaia.
Jesusen bideak bide bereziak ziren. Ez ziren giza pentsamoldeetan aise sartzen. Gehiago: Jesusi berari ere nahiko lan eman zion, Aitaren bideak nondik zihoazen jakiteak. Eta ikasleei zer esanik ez! Hala ere, bere adiskide haiek ulertu behar zizkioten bideok. Ulertu behar zuten gurutze-bidea ez zela bide iluna eta etorkizunik gabea. Horrek eskema asko apurtzen zuen, bai. Baina, horixe zen egiazko bidea askatasunerako, zorionerako, gizatasun betea burutzeko... Eta, beraz, Jerusalemerako bideak bere barnean zekarren argi askatzailea ikusi behar zuten. Hortxe kokatzen da gaurko Ebanjelioak adierazten digun pasadizoa.
Aurrena, Jesusentzat berarentzat da Taborko ikuskizuna. Markos ebanjelariak mendiko bakardadera darama Jesus. Eta bakardadean, Jesus bere etorkizuneko zoria konfrontatzen ari da Profetekin eta Itun Zaharrareko historiarekin (Elias eta Moisesekin). Jesusek ez zuen batere argi ikusten nondik norantz zebiltzan bere bideak. Aitarekin hizketatu beharra zeukan. Jainkoaren hitzak eta ekintzak bakarrik argi baitezake Jesusentzat ere fedezko historia. Jesusek ere Jainkoaren hitzarekin aurrez aurre jarriz ulertuko du bere Jerusalemeko zoria. Bestela ez dago eskema eta bide horiek ulertuko dituen kristaurik! Aurrena, Jesusek berak argitzen ditu bere bideak Tabor mendian. Handik indarberritua jaitsi zen; alegia, gauzak argiago ikusiz eta bere norabidea garbiago ikusiz. Lehenengo irakurgaiak aipatu digun jauntasuna izango da Jesusen bideen helmuga. Bere suzko aulki dirdaitsuan eserita ikusiko dugu bere Erreinuaren bideak burutu orduko.  «Agintaritza, ospea eta erregetza eman zitzaizkion».
Bigarrenez, ikasleentzat da Taborko ikuskizuna. Jesusek nekez ulertzen bazituen bideak, nola ulertuko zituzten bada ikasle haiek!? Horregatik, komeni da Kalbario mendiko argia Taborren ikustea. Komeni da haiek ere ulertzea Jesus bide onetik dihoala. Komenigarria ezezik, beharrezkoa ere badela Jerusalema igotzea eta han gertatuko den guztia. Azken batean, Itun Zaharreko agintzaria (Elias) Jesusek Jerusalemen beteko du. Eta Itun Zaharreko askatasun-historia (Moises) Jerusalemen gertatuko denari begira zegoen. Ulertu ote zuten Tabor eta gero? Nahiko lan!
Hirugarrenez, Elizarentzat da Taborko argia! Ikasleen bidea jarraitu behar duen fededunen Elizak ere badu lanik franko Jesusen bideak ulertzen. Bai bakarka, bai elkarteka, zaila zaio Elizari egunero-egunero Jesusen bidea zehaztea. Gaurko festa esperantza zaio Elizari. Bere bideen, bere bide ilunen, ondorioa ikus dezake aurrez. Taborko argi horixe du bokazio gure bideak. Ez goaz gaizki, nahiz eta nahi adina efikazia ez izan gaur bertan. Gure usteona eta gure aurrera-nahia indartu behar ditugu Tabor mendira begira.
Izan ere Pedroren tentazioa betikoa ezezik, gaurkoa ere bada. "Hiru txabola egingo ditugu". Zergatik jotzen ote dugu gaudenean gelditzera!? Zergatik akomodatzen ote gara!? Elkarteak lasatu, fededun bakoitzaren bizitza moteldu, gure otoitz-giroa indargabetu, ebanjelizazio-sena erori... Hain da erraza parean suertatzen zaizkigun txaboletan sartu eta hantxe gelditzea! Baina Elizak eta fededunak berritzaile izan behar lukete, ebanjelizatzaile, ekintzaile, egile, sutsu! Beti askatasunerako bide berriak urratzen behar genuke! Baina horrek erosotasunak atximurkatzen dizkigu. Eta hortxe hasten dira komeriak!
Garai hain zailak eta ilunak suertatu zaizkigu parean. Eta gure aurreko historiak ere, oraindik orain bizi izan dugun historiak, horrenbeste mugatzen gaitu. Kosta egiten zaigu gure ibilbideen ospe-karga eta ahalmen-karga gainetik botatzea. Ezin dugu ulertu efikaziarik-ezaren bide bakarti hau onartu behar dugula. Elizak ahalbide pobreez baliatu behar duela. Inportantea ez dela Eliza bera, Jesusek berrionaren argiz  jantzi nahi duen gizaki bakoitzaren bihotza dela inportantea. Eta hainbestetan atsekabetzen gara gure ametsak apurtuta ikustean! Eliz ametsak, ebanjelizazio-ametsak, perfekzio-ametsak... Horiek denek ere Kalbario mendiaren galbahe estutik pasa behar dute. Eta hor oso inportantea da Taborreko argia beti begibistan edukitzea. Bestela ezer gutxi ulertuko dugu!
Gure herriaren bakegintzak ere Tabor behar du ba! Bizi ditugun une ilun eta itxi hauek ezin gerta dakizkiguke etorkizunik gabeak. Jakin beharko du gure fedeak aurrera begiratzen, aurrez ikusten. Gure fedeak Taborreko esperientzian poztui beharko du bere eguneroko bake-lana. Tabor argigarroia da fededunaren alor guztietarako.
Bai argia eta bai iluna oso elkartuta daude, gurutzea eta aintza, lotura eta askatasuna, Gurutzea eta Pazkoa. Fede bizitzan bi ertzak uztarri berean lotzen ikasi beharra dago. Askoz errazago ulertzen dira gauzak sinpletuz, baina errealitatea bestelakoa da! Eta kontutan har dezagun kristau bizitzak beti beharko duela Taborreko esperientzia, edonoiz eta edonun sortzen baitzaizkigu krisiak eta zalantzak.
Eukaristia ospatzera goaz. Taborreko argia hemen ere. Jesusek bere Kalbarioko eskaintza berrituko digu argitan. Ospa dezagun argia, gure ilunbeek argia izan dezaten.

FaLang translation system by Faboba

Utilizamos cookies propias y de terceros para fines analíticos y para mostrarle publicidad personalizada en base a un perfil elaborado a partir de sus hábitos de navegación (por ejemplo, páginas visitadas). Puede aceptar todas las cookies pulsando el botón "Aceptar" o configurarlas o rechazar su uso pulsando el botón "Configurar". Puede obtener más información o cambiar posteriormente los ajustes en nuestra Política de Cookies.