liturgi lagungarriak

HOMILIA

 

 

Adiskide, gaurko ebanjelio zatiak argi erakusten du bere mezua: itsasontziak zaila du aurrera egitea gauaren erdian, baina Jauna gertuan dago beti, besterik badirudi ere. «Izan bihotz; ni naiz». Bakoitzak daki berea. Zer duen zailtasun aurrera egiteko. Zerk eragozten dion haztea. Zerk beldurtzen duen. Bakoitzak daki. Hantxe dago, gertuan. Mamu bat dirudi, ezin baitugu nahi bezain argi ikusi. Gaurko igandeak Jaunaren presentziari antzematera gonbidatzen gaitu. Fedeak ere bere begiak baititu, eta askotan urrutira ikusten du fedeak .

 

Begi fededunek, Jaunaren presentzia irakurtzen badakite. Jauna beti gurekin baitoa, ontzi berean. Ez da, ez, guk nahi bezala agertzen. Baina, hantxe doa beti bidelagun. Lehenengo irakurgaiak ederki sailkatu ditu Jaunaren presentziaren moldeak. Gu indar zaleak gara. Nabarmenkeri zaleak. «Baina Jauna ez zegoen han». Haize gozoaren zuzmurrean, hantxe ia ez entzun ez antzeman egiteko moduan. Baina hantxe! Presentzia suabea da, baina beti ere eraginkorra, askatzailea, onerakoa. Jakina, isiltasun sakona behar da presentzia hori entzuteko. Bihotz entzulea behar da aditzeko. Barrua bakean behar da, entzutea eragotziko digun builarik ez izateko. Jesus ez al zen mendira igotzen, isiltasunera, han bere Aitaren ahotsa entzuteko? Eta, ez al duzu ebanjelioko larrialdian ikusi?, Jaunari entzuten zaionean, gurekin dihoala antzematen zaionean, bizitzak beste atsedena hartzen du, beste gozamena! Bizitza bere onera datorkizu, bere barealdira, sakonenean!

 

Orduan Pedroren arriskuak zirikatzen gaitu. Jaunaren presentziari tankera hartu zionean, indartsu sentitu gizajoa! Uren gainean ibiltzeko ahalmena sentitu ez zuen ba! Baita ederki asko ibili ere. Baina, zalantza oso bihotz-azalean eduki, eta urpera! Bere indarretan soilik jarri ote zuen bere ustea? Pedrorengan txukun asko ageri da fededunaren jokalegea: Jaunaren ahalmenetan bakarrik sinetsi behar du, bestela jai dauka! Ur gainean ibili beharra dago, baina Jauna oinarri eta sendotasun harturik. Oso seguru zaleak gara, eta oinak ondo tinkatuak nahi izaten ditugu, lurraren gainean badaezpada! Baina ur gainean ibiltzen ausartu behar du fededunak. Oinazpian mugimendua sentitzearen ikara gainditzen jakin behar du jarraitzaileak. Beti, Jaunak ibiltzeko esan digulako! Horixe dugu gure bokazioa!

Elizaren ontzia ez dabil askotan eroso, egia da. Haize asko eta indartsuak ditu handik-hemendik tirabiran. Tartean eliz ontzia. Non da Jauna? Zailtasunak berak ez digu askotan Jaunaren presentzia «aditzen» uzten. Baina hantxe doa. Ez da mamua. Ez da ametsa. Ez da irudipena. Presentzia suabe bezain segurua da. Galdera bat egin behar diogu geure buruari, ordea: gaur nik, guk, zenbat geldiune eta isilune egiten dugu bizitzan, presentzia hori entzuten ikasteko? Bihotzak, gure bihotz beldurtiak, isiltasunaren eskolara joan behar du, presentzia ikastera, presentzia irakurtzen ikastera. Ikasketa horretan trebatzen ez bagara, ez dugu Jaunaren hurbiltasuna sumatuko. Eta beldurra, beldurra sentitzen! Beldurra gailentzen zaio gure ahulari!

 

Igandeko batzarra bera ez da eskola txarra Jaunaren presentzia ikasteko. Anai-arrebekin elkartu eta hortxe ikasi, astegunean ere, bizitza zailtasunez janzten zaigunean ere, ezinak astintzen gaituenean ere, Jauna gurekin dabilela. Jainkoaren hitzaz eta maitasunaren ospaketaz Jauna ondoan sentitu! Baina, ez igandean eta iganderako bakarrik. Berpiztuaren presentzia egunez egun luzatzen da aste guztian zehar.  Igandean, zure senideek Jaunaren eskuetan jartzeko esaten dizute, fedez eta kantuz. Eta Jaunaren eskuetan uzten duzu zeure bizitza, zeure beldurrak, zeure esperantza hauskorra. Seinideen testigantzak indartu egiten zaitu.

 

Eta orduan joan zaitezke berriro ere itsas uren gainean. Segurua ez denarekin atrebitzeko adina adore izan dezakezu. Fedeak, agian, ez dizu segurantzarik emango, baina segurantzarik gabe konfiantzaz bizitzen erakutsiko dizu. Politikan, kulturan, gizartean, lanean, kalean, ezkontzan, heziketan... gauzak kolokan daude, itsas uhinen, olatuen, harroaldia sentitzen da. Oporretan ere, senti dezakezu zure leialtasunen koloka izutzailea. Segurantzak maite ditugu. Oinak seguruan tinkatuak nahi izaten ditugu. Baina ur gainean ibiltzen ausartu behar dugu. Bakoitzak daki non eta zertan esaten dion Jesusek «zatoz». Non eta zertan esaten dion uretara salto egiteko. Bakoitzak badakigu ondo asko non dagoen dagokigun itsasoa. Eta Jesusen dei horri erantzun egin behar zaio. Eta uste ona Jaunarengan jarriz, joaten ausartu. Harrokeriak alferrik dira. Askousteak pauso laburra du. Eta berehala ikus dezakegu gure harrokerien pisuaz ur azpira sartzen hasten garela. Zenbat eta arinago eta, onenean, hobeto genbilzke ur gainean. Konfiantza sendoaren besoetan, ez gara urperatuko. Eta, gainera, beti hortxe daukazu Jesus, eskutik heltzen dizuna!

 

Fededun adiskide, zer arazok erakusten dizu urpera zoazela? Zerk beldurtzen zaitu? Zer duzu gaur gainditu ezineko arazo? Zertatik egin nahi diozu Jesusi garrasi: “salba nazazu, Jauna!»? Izan bake, ez beldurtu. Jesusek eskutik heltzen dizu, ez zaude bakarrik. Izan usteon, Jauna, maite zaituena, zurekin baitago. Berak askatuko zaitu, berak poztuko. Esku onetan, esku onenetan, gaude!

 

Eukaristia ospatzera goaz. Igandeko eukaristia. Ez ote dugu zuzmur suabe eta bakeosoa entzungo gaur? Bai. Hementxe, abuztuko goiz honetan, isiltasun sakonenean, Jaunaren presentzia entzungo dugu, entzuten dihardugu. Eta gero itsasora joango gara. Itsasontziari sendo eutsiko diogu olatu handien artean bada ere. Jauna gurekin daukagula badakigu eta!

FaLang translation system by Faboba