liturgi lagungarriak

(Homilia bakarrik argitaratzen dut hemen, gainerako beste lagungarriak liburu batean argitaratu ditut-eta: Igandetik igandera A urtea. Han daude monizio guztiak eta Jainko-hertriaren otoitza).

 

HOMILIA
(Erramu-igandeko Hitzaren liturgia oso betea gertatzen da, kontuan izanik Nekaldia bere osoan irakurri behar dela. Beraz, ezer laburtzekotan, homilia bera laburtu beharko litzateke. Hori dela eta, homilia laburra proposatzen dugu hemen).

Gaurko jaiak eta ospakizunak Aste Santuan sartu gaituzte, Pazkoan alegia. Pazkoko berritasuna ukitzen hasi gara. Dena ezaguna gertatzen zaigu: Prozesioa, erramu-adarrak... Nekaldiko historia bera ere bai. Baina hemen bada zerbait beti berria dena. Maitasuna beti berria baita, eta Pazkoak, ezer eskaintzekotan, maitasun azkengabea eskaintzen digu. Eta maitasun hori gure bizitzan txertatua ikusiko dugu. Horrek gure izate guztia berritasunez janzten digu. Pazkoko maitasunaren berritasunak gure bizitza osoa berritzen digu.
Jesus Jerusalenen sartzen ikusi dugu. Era berean ikusi behar dugu gure bizitzan sartzen ere. Eta Jerusalenen maitasunaren gertakaria bere betean gertatu den bezala, halaxe gure bizitzan ere. Gure bizitzan eta gure gizartearen bizitzan. Maitasunez guregana datorren Jesus askatzaileari ateak irekitzea da egin beharrekoa, aurtengo hau benetako Pazko izan dadin, benetako askatasun-gertaera izan dadin.

Txokagarria gertatzen da: Jerusalemera garaile distiratsu sartzen ikusi duguna, orain Nekaldikoan lurreraino beheratua ikusi dugu. Beheraturik, maitasunak bakarrik beheratzen dakien bezala, garaipenaren gorenera jaso gaitu, jasotzen gaitu. Gure bizitzaren gora-behera guztietan jasoa eta eraitsia ikusi dugu Jesus. Baina Nekaldiaren historia ez da lurrean edo lurpean amaitzen. «Apaldu egin zuen bere burua, menpeko eginez heriotzaraino... Horregatik, Jainkoak goratu egin zuen». Maitasunak, gure ezina bere osoan besarkatzera eraman du. Baina ez ezinean geratzeko; gure ezinari bizi berria emateko baino.
Maitasunak badaki beheratzen. Maitasunak badaki zerbitzen. Maitasunak badaki lurrean dagoena besarkatzen. Maitasunari ez zaio inporta nora jaitsi behar duen. Maitasunak ez ditu bere «mailak» gogor babesten. Maitasunak maila guztiak galtzen ditu, maite duenari laguntzeko. Gurutzeko lotsaria ere onartzen du, bekatuaren lotsaria guri kentzearren.
Eta gu benetan maitatuak senti gaitezke gaur. Maitasun ederrenaren besarkada jaso baitugu gure ezinaren erorialdian.

Gaurko ospakizun hau Pazko-atarikoa da. Jesusen gurutzeko garrasi iluna, mundu guztian ezinez garrasi egiten dutenen garrasi bihurtuko da: «Zergatik baztertu nauzu?». Hainbeste gizon-emakumek sufritzen du. Hainbeste bakardade sumatzen da munduan zehar. Gure Pazko-ospakizunak Berpiztuaren argia eta maitasuna eraman nahi du, sufritzen ari diren guztien bizitzara. Guri, hain gertutik biziarazten zaigun maitasun hau, mundu guztiari opa diogu. Guretzat itxaropen betea den Pazko-ospakizuna, gizon-emakume guztientzako itxaropen izatea nahi dugu.

Gurutzeko maitasun betea, orain ogi-arditan emango zaigu, jateko eta edateko maitasun egina. Har dezagun bihotz zabalez Jainkoak erakusten digun maitasun hondogabea. Eta poztu gaitezen.

FaLang translation system by Faboba