Fundazioa

Frantziskotarrek zaindu dute Arantzazu azkeneko 500 urte hauetan. Arantzazu Aizkorri-Aratz Parke Naturalean dago, Euskal Herriaren bihotzean, Gipuzkoako Oñati herrian. Ezinbesteko erreferentzia dute Arantzazu herritar fededunek eta erromesek, euskal arimaren eta Euskal Herriko historiaren zati garrantzizkoa baita. Euskal kultura eta hizkuntza, natura, apaltasuna eta gizakiarenganako errespetu erabatekoa izan ditu beti ezaugarri Arantzazuk.

Ikuspegi orokorra

Ingurune natural apartekoan dago Arantzazu, frantziskotar izaeraren printzipioak oinarri dituela, eta garai bakoitzak dakartzan aldaketa sozial eta kulturaletara etengabe egokitzen, nortasunari eutsiz betiere. Horrenbestez, erlijioa ez ezik, kultura, artea, natura, etika, elkarrizketa eta bakea ere osagai ezinbestekoak ditu Arantzazuk. Horregatik, sormen artistikoaren eta kulturalaren iturri izan da Arantzazu zenbait garaitan, eta gizartera hausnarketa eta printzipioak hedatzen jardun da.

Horra, bada, frantziskotarren anaidiak bost mendez Arantzazun egin duen lana eta horren emaitza. 2008an, frantziskotarrekin bat egin genuen Gipuzkoako Foru Aldundiak, Oñatiko Udalak, Mondragon Taldeak eta Kutxak, eta Arantzazu Gaur Fundazioa sortu genuen, Arantzazu sustatu, berritu eta bultzatzeko, hots, guztion ondare dugun humanismo-iturri hau zaintzeko. Lau arrazoi hauengatik sortu genuen Fundazioa.

  • Arantzazu bihotzean daramagulako

Bost mendeko historiaren lekukotasun errotua dugu Arantzazu, gure herriaren bihotzean eta gure aurrekoen gogoan trinko itsatsia. Baina ez da iraganak utzitako arrasto hutsa; bizirik dago, mugitu egiten da. Historia bizia dugu Arantzazu, gaur egungoa, eta hortxe daukagu, gozatzeko, gerora ere hor irauteko asmoz. Sustatzen dituen balioekin bat egitera dei egiten digu.

  • Arantzazuk zirrara eragiten digulako

Arantzazun ez da hitzik behar: begiratu, entzun, sentitu, paseatu, Oteizaren apostoluak behatu, Basilikara jaitsi, absidera igo, Kripta edo Misterioaren eraikina bisitatu..., hori guztia egin de- zakegu bihotza zabaltzen.

  • Arantzazu erreferentzia delako

Arantzazu elkarrizketa da, elkartasuna, natura, musika, literatura, artea, kultura, bizikidetza, etika, bakea, espiritualtasuna... Balio materialistei eta indibidualistei lehentasuna ematen dien gizarte honetan, humanismo-iturri dugu Arantzazu, erreferentziarik gabe geratzen garenerako erreferentzia.

  • Arantzazuk esperientzia duelako

Gizarteko arazoek, naturak, kulturak, humanismoak, bakeak, espiritualtasunak, fedeak..., giza- kia arduratzen duen orok du lekua Arantzazun. Gugandik harago egin dezakegula gogoratzen digu Arantzazuk bilatzeko aukera eskaintzen digu, betiere ikuspegi-aniztasuna errespetatuz.

FaLang translation system by Faboba