liturgi lagungarriak

Liturgi lagungarriak

A) APAIZAREN MONIZIOAK

AGURRA ETA SARRERA

Biziaren Jainkoa, bere Seme Jesus herio-lokarrietatik askatu duena, izan bedi zuekin! 

 

Jaun Berpiztuak berekin atxikita, elkarte berean, ondo itsatsita nahi gaitu. Eta gu pozik biltzen gara, kristauon familia osatuz, haren Pazko-mahaiaren jiran. Jesus Berpiztuaren notizia ederra, eta berak bete-betean damaigun bizi berria, bere Espiritu eragilearen presentzia, hori dena hementxe mamitzen eta gauzatzen da guretzat. Gaur, gainera, Gaixoen Eguna ospatzen dugu. Pazko igande honetan, derrigor, gure elkarteko gaixo guztiak hartzen ditugu gogoan, beren familia eta sendikoekin, beren lagun eta zaintzaile guztiekin batera.  

 

Poz-giroan denok, eta gure bataioa Jaunari eskertuz, abia gaitezen misterio hauetan barna, gure bataioko eguna akordura ekarriz eta urarekin geure buruak zirtatuz.

(Kantu bat kantatu, urez zirtatu bitartean. Ondoren:)

 

Jainko guztiz ahaltsuak garbi gaitzala bekatu guztietatik eta, eukaristia hau ongi ospatuz, eraman gaitzala betiko bazka gozora, gizaldi eta gizaldietan.

 

PREFAZIOA

Une nagusi honetan, Aita Jainkoa bihotz-bihotzez eskertzera goaz: onegia baita gurekin, eta Semearen salbazio-dohainak eskaintzen baitizkigu.

 

GUREAITA

Jainkoaren seme-alaba garen bataiatuon otoitza zintzoki esatera goaz orain. Jesu Kristorekin bat, gure artean ere bat eginik, luza diezaiogun Aitari bere familiaren otoitza.

 

HONA HEMEN

Hona hemen Jainkoaren Bildotsa, hona Jesu Kristo gure Jauna, heriotza garaitu eta orain betiko bizitzaren seinaletan ematen zaiguna. Zorionekoak mahai honetara deituak.

 

 

 

 

B) IRAKURGAIEN MONIZIOAK

1) Lehenbiziko kristau-elkarte haiek ere korapiloak askatu beharrean aurkitu ziren. Taldetxo batzuk, judutarren lege kostosoak nahi zituzten kristaudi berriarentzat. Apostoluek, berriz, sinestea eta Ebanjelioaren arabera bizitzea zela beharrezkoena, halaxe erantzun zuten.

 

2) Kristau-bizitza  –hala esango digu Apokalipsis liburuko txatalak–  itxaropen sendoan oinarritua datorkigu: Jesu Kristok damaigun salbazioa da gure oinarri sendoena. Bera biziaren zuhaitza, bera gure egarriak oro ase ditzakeen ur bizia. Entzun ondo!

 

 

 

 

JAINKO-HERRIAREN OTOITZA

Senideok, aurkez diezazkiogun gure otoitzak Jaunari, Jaun Berpiztuaren bizi berria gizon-emakume guztiengana irits dadin.

 

 Eliza sukalde irekia izan dadin gizadi osoarentzat eta kultura guztientzat. 

 

 Gaixoen eta beren familien alde, Espirituak lagun diezaien sufrimenduari aurre egiten, eta gu guztiongan behar duten laguntza aurki dezaten.

 

 Sufritzen ari diren guztien alde, lurrikaraz hil eta zaurituen alde, gerrari ihes eginez ezinez dabiltzan errefuxiatuen alde: Jainkoaren maitasunak duintasunera jaso ditzan.

 

 Lehen Jaunartzea egin edo egingo duten neska-mutikoen alde, elkartearen laguntzaz hasi duten bidea ongi burutu ahal izan dezaten. 

 

 Gaurko ospaketa honek Jesu Kristorekin estuago lotu gaitzan eta elkar gehiago maitatzera eraman. 

 

Entzun, Aita, zure herriaren otoitza. Isur ezazu zure maitasuna mundu guztiaren gainera. Jesu Kristo gure Jaun Berpiztuaren bitartez. 

 

 

 

HOMILIA

Pazkoan ari gara. Pazko-pozaren ospaketa luzea gozatzen. Pazkoak aldarrikatzen eta eskaintzen duen elkartasuna gero eta sakonagotik jasotzen eta bizitzen. Horretantxe jarraitzen dugu. Izan ere, Pazkoa elkartasuna da, bat egitea eta bat izatea.

Aurreneko eta oinarrizko elkartasuna, Pazkoak eman diguna, Jaunarekin dugun elkartasuna da. Jesusek, bere heriotza eta piztueraz, Aitarekin bat egin gaitu. Jesus eta Aita bat diren bezala, gu ere bat eginak izan gara, Semearen bitartez, Aitarekin. Bat egite eta elkartasun hau ez dugu sekula behar adinean ulertuko eta gozatuko.

 

Baina, igande honetako irakurgaiok, aurreko igandekoek bezalaxe,  Pazkoaren eliz alderdia azpimarratu digute batik bat. Jesusek Aitarekin elkartu baldin bagaitu, geure artean ere elkartu gaitu, Aita beraren seme-alaba izatea emanez. Eta Jaunarekiko bat izatea, geure arteko bat izate bihurtu beharko genuke. «Guztiak bat izan daitezela, zu eta ni bat garen bezala». 

Eta hori, Jesusek berak dioen bezala, «munduak sinets dezan». Elizak Pazko-batasunaren bidez egingo du bere mezua sinesgarri. Elizaren maitasunezko elkartasuna da Jesusen aldeko hitzik eginkorrena eta eragileena. Balio gehien duena. Baina, nondik datorkio Elizari batasun-indar biltzaile hori? Inolako zalantzarik gabe, Elizak badaki bere batasunaz, Jainkoaren batasuna ari dela erakusten. Jainkoagandik baitatorkio Elizari bere batasuna. Esan genezake zera: Jainkoak ematen digun Espiritua dela Elizaren baitan batasun-iturri ahaltsuena.  

 

Hala ere argi dago: kontua ez da denok berdinak izatea. Alegia, batasuna berdintasunean oinarritzea. Ez. Batasunak ezberdintasuna ere behar du, egiazko batasun izan nahi badu. Jainkoak ez ditu herri batekoak edo izaera berekoak edo balio berdinekoak edo aukeratu. Jainkoak munduko herri guztietako jendea, eta jende ezberdina, aukeratu eta bildu du. Eta horien arteko batasun miresgarrian erakutsi du berak Elizaren barnean sortu eta lortu nahi duen batasuna nolakoa den. Batasunak ez digu eskatzen geurea uztea. Bakoitzak berea gordez eta landuz, Espiritu bat bera daukagula azaldu behar dugu.

 

Mendekoste egun handiaren atarian gara dagoeneko. Mendekosteko Espiritua gertatuko da ezberdintasunean batasuna sortzen dakien Jainko-indar. Hark sortuko du era horretako batasun librea. Hark berritzen eta elkartzen ditu bihotzak.

Guk, iganderoko Meza ospatzen dugunok, poza sentitzen dugu Jainkoaren Hitz honen aurrean. Guk esan dezakegu era askotako jende ezberdina biltzen garela, eta, hala ere, elkarte bat bera osatuz, batasunean. Langileak, baseritarrak, kaletarrak, etxeko andreak, zaharrak, gazteak, era askotako gizon-emakume ugari gure mahai zabal honen inguruan. Baina asko izateak eta ezberdinak izateak, ez gaitu etenda bizitzera eramaten. Mahai bat beraren inguruan bat eginda sentitzen gara. Eta hori ederra da. Hori Pazkoko Espirituaren emaitza da. Bestela nola?

 

Arazoak izatea? Hori ez dago saihesterik. Lehenengo elkartekoek ere izan zituzten arazoak eta ez nolanahikoak gainera. Ikusi duzue lehenengo irakurgaiko egoera tirabiratsu hura. Baina, Espirituaren batasunari ez zaio antzematen arazorik ez izatean, arazoen gainetik dagoen batasuna sortzean baizik. Benetan esan dezakegu, San Joanek bigarren irakurgaian azaldu digun Eliza ederra osatzen dugula. Bildotsaren bizitokia, apostoluen harresi ederrak babestua. Betiko Pazkoko Eguzkiak argi egiten digula. 

 

Jesusek batasunaren alde otoitz egin bazuen, guk ere badugu motiborik batasunaren aldeko otoitza egiteko. Elizaren batasun-eza aurrena: batasunik gabeko ebanjelizatze-ahalegina alferrikakoa da. Batasun-ezak mututu egiten du Elizaren hitza. Batasunik ez duen Eliza ez da Pazkoko Eliza.

Herriaren batasunik eza, bigarrenik. Ezberdintasunek zatitu egin gaituzte askotan, horixe txarra. Ez dugu asmatu elkar errespetatzen eta bat izaten. Eta herri zatituak, bizi-ezin asko sortzen du.  Gure herriaren batasunaren alde ere egin behar genuke otoitz.

Hirugarrenik, Meza honetan elkartzen garenon batasunaren alde ere eskatu behar dugu. Ez da nahikoa elizan bilduta egotea. Bat egin behar dugu. Eta batasunaren testigantza uka-ezina eman, Espirituaren baitan.

 

Gaur «gaixoen eguna» ospatzean, gu bereziki elkartuak sentitzen gara gaixo daudenekin. Gaixotasunak berekin duen samin eta bakardadean, ez genuke fededunok geure gaixoengandik urrun egon behar. Gaixoak profesionalak behar ditu ondoan, baina, batez ere, maitasun gozoz hurbilduko zaizkion pertsona errukitsuak behar ditu.

 

Seguru gaude, gaurko Ebanjelioko Jesusen otoitzak Pazko-batasuna eta elkartasuna emango dizkigula. Seguru gaude Pazkoaren emaitza bezala espero dugun Mendekoste eguna, dena berrituko eta elkartuko duen egun pozgarria gertatuko dela.

Goazen orain Eukaristiaren bigarren atalera. Hau bai dela batasunaren mahaia. Jesusek bere Pazko-dohainaren inguruan biltzen eta elkartzen gaitu. Hortxe gertatzen da ederrena, batasuna. Ezberdin baina mahai beraren inguruan bildurik, ospa dezagun Pazkoa, «munduak sinets dezan».

FaLang translation system by Faboba

Gure cookieak eta hirugarrenenak erabiltzen ditugu helburu analitikoetarako eta publizitate pertsonalizatua erakusteko, zure nabigazio-ohituretan oinarrituta (adibidez, bisitatutako orrialdeak). Cookie guztiak onar ditzakezu "onartu" botoia sakatuz edo horiek konfiguratuz edo haien erabilera ukatuz "konfiguratu" botoia sakatuz. Informazio gehiago lor dezakezu edo, ondoren, doikuntzak aldatu gure Cookien politikan.