liturgi lagungarriak

Liturgi lagungarriak

A) APAIZAREN MONIZIOAK


AGURRA ETA SARRERA
Aleluia! Aitaren eskuinaldean ospez aintzatua izan den Jesus Jauna, zuekin!

Gaur, Jesus Aitarengana igo zeneko edertasuna ospatzen dugu, adiskideok. Bizi betea, aintzaren borobiltasuna eman zaio Nazareteko Jesus gizonari, gure anaiari. Hauxe da Pazkoa, Pazko osatua!
Eta betetasun hori eskaintza gertatzen da, bizi-promesa. Biziaren dohain eder horixe ospatzen ari gara Pazkoan zehar. Jesusengan era betean ospatzen dugun bizi hori, hazi koskor bezala guregan ere ari da hazten eta mardultzen. Erreinu bete egingo da! Ikasleek bizi izan zuten esperientzia bera bizi nahi dugu orain.

Senideok, kanta dezagun bizi den Jaunaren aintza. Kanta dezagun askatasuna eman eta Aitaren eskuin aldera igo den Jesusen garaipena.

(Aintza)


PREFAZIOA
Gaurko gure esker onak badu arrazoin sakon eta ederra: Jesus zerura igo da eta berekin eraman gaitu bere jarraitzaileok, beraren jainkotasuna goza dezagun.


GURE AITA
Jesu Kristori ikasi diogun otoitzez egigun otoitz, bera gurekin otoitzean ari dela jakinik.


HONA HEMEN
Hau da Jesus berpiztua, guregatik hil eta betiko bizi dena. Zorionekoak beraren Pazko-mahaira gonbidatuok!





B) IRAKURGAIEN MONIZIOA
Gaurko irakurgaiek, apostoluek Jaunaren Piztuera nola ikusi zuten adierazten digute: guztiaren eta guztien gainetik dago orain Jesus; eta, bide batez, Berak bidaltzen digun Espirituari esker, gure artean jarraitzen du, Erreinua gure artean ezarriz. Entzun dezagun bizia ematen duen Hitz hau, gure bihotzak argi ditzan eta indartu itxaropenean eta maitasunean.




HERRI-OTOITZA
Bitarteko ahalsua daukagu Aitaren aurrean, Jesus Jauna; horregatik, uste onenaz egin dezakegu otoitz.

•    Mundu zabaleko kristau guztion alde: esperantza ederrez eta alaitasun handiz bizi dezagun gure fedea.

•    Komunikabideetako langile eta profesionalen alde: apaltasunez eta barne garbiz egia eta gizatasun-legea zerbitza ditzaten.

•    Sufritzen duten guztiek, kartzelatuek, gaixoek, bakardadean bizi direnek,  etxea galdu dutenek, langabezian daudenek, errefuxiatuek, kaltetuek,… jaso dezatela gaurko festaburutik itxaropenerako adorea.

•    Gure senide eta adiskide hildakoen alde; gerran eta torturapean hil direnen alde: bizi daitezela zoriontsu Kristo Jaunaren aintzatan.

•    Eukaristia hau ospatzen ari garen guztion alde: otoitzean bat eginik eta Espirituaren eraginpean, egin dezagula Jesusek nahi zuen bezalako gizarte berria, bakezkoa eta maitasunezkoa.

Entzun, Aita betikoa, gure eskari hauek. Zure eskuin aldean eserita aitortzen duguna senti dezagula geure ondoan laguntzaile. Jesu Kristo gure Jaun Berpiztuaren bitartez.



HOMILIA
Pazkoak bere barruan gordetzen dituen ahalbideak eta edertasunak honelakoxeak dira, gaur ospatzen dugun hau bezalakoak. Eta datorren igandean ospatuko dugun bezalakoa. A zer garaipena! A zer goitasuna! A zer ospea! A zer askatasuna! A zer... Pazkoa, hitz batean, Pazkoa!
Pozik gaude Jesusen Pazkoagatik, oso pozik. Ederra izan da Jesusen garaipena. Aitarengandik etorri zen, haren asmo ederra betetzera. Dagoeneko lau hilabete pasa dira misterio hori Eguberritan ospatu genuela. Gizadia bide onean jarri du. Esan digu Aitak nola eta zenbat maite gaituen. Erakutsi digu gure bokazioa eta dagokigun bizimaila zein den. Horren guztiaren egia bere odolaz izenpetu digu. Guregatik hiltzeraino maitatu gaitu, maitatzen hasita. Baina, ez heriotzean gelditzeko, ez. Maitasunezko heriotza guztiak ez baitira hiltzekoak, bizitzekoak baizik. Eta berpizturik garaile ospatu dugu ia zazpi astez. Eta gaur, Pazkoaren buruan, garaipen horren goitasuna ospatzen dugu, Aitaren eskuin aldera itzultzen baita, Jaun eta Seme, ospetsu, gizon eta Jainko. Zinez, bigarren irakurgaiak dioena, Aitak «ahalmen eta indar guztia Kristorengan agertu du berau hilen artetik piztuaraztean eta zeruan bere eskuinaldean eseriaraztean». Bai, Jesusek Erreinua martxan jarri du, askatasunezko erregetza harrigarria.

Jesusek kunplittu du. Ondo kunplittu ere. Aitaren asmoa burutu du. Gizadiari beste bide bat utzi dio ebakia. Orain gizon-emakumeok badugu beste izanbide bat, nahi badugu. Jesusek ondo kunplittu du. Horregatik jotzen diogu gaurko festaburuaren txalo eta garaipen-oihu ederra. Merezi du eta! Jaun, errege ospetsu, bekatuaren eta heriotzaren garaile, gizakiaren eta Jainkoaren artean bitarteko, bizien eta hilen epaile... Horrelakoxe izen ederrak ematen dizkiogu gaurko liturgiarekin.

Eta ez litzateke ederra izango hementxe geratzea Jesus garaileari begira beste egitekorik gabe! Hari begiratu, hura ikusi... eta gozatu! Ez da harritzekoa ikasleak zerura begira gelditzea! Garaipenaren zorabio ederra! Baina, ezin dugu hori egin! Ezin diezaiokegu Igokundeari bere indarra kendu. Zerura begiratzea ondo dago, beharrezkoa ere bada. Baina, begiak berehala batean lurrera jaisteko. Gaur hauxe egin behar dugu, labur esateko: aurrena, begiak itsi, argi handia hobeto ikusten baita begiak pixka bat itxiz. Konturatzen al zara eguzkiari begiratzeko begiak pixka bat itxi egiten ditugula? Gaur begiratu behar dugun eguzkia argiegia da eta bera ikusteko begiak erabat ixtea onena!

Baina, gero, eguzkia ikusitakoan, berehala ireki begiak. Eta lurrera begiratu, gizon-emakumeei begiratu. «Zertan zaudete hor zerura begira?». Jesusek kunplittu du, orain Elizari dagokio berea egitea. Jesusek oratu duen Erreinu libre eta berria Elizaren esku geratzen da. Elizak eraman behar du gizon-emakumeengana Jesusek ekarri duen notizia. Orain Elizaren ordua da. Jesusengan garaipen dena, Elizarentzat eginkizun da. Eta horrelaxe, begiak ireki eta mundura joan behar du. Baina bi gauza izan behar ditu Elizak gogoan:
- Bata, joaten ikusten duen Jesus ez da joan guregandik joateko. Betiko gurekin gelditzeko joan da. Bera gurekin dago. «Ni zuekin nauzue egunero».
- Eta bestea, Espiritua ematen digula. Datorren igandean edertasunez ospatuko dugun Espirituaren etorrera, arnasa eta sua gertatuko da Elizaren bihotzean. Bai, gurekin aritzeko joan da. Eliza ez da umezurtz gelditzen.

Honetatik guztitik bi sentipen oinarrizko sortzen direla esan genezake:
-    lehenengo sentipena, alaitasunarena da. Poza. Kristoren garaipenagatik alaitasuna. Eta haren garaipena gurea ere badelako, alaitasuna. «Zeruko ondasunetan eman zaigu parte» esaten dugu. «Kristo buru joan den tokira joango da artaldea ere» esango dugu prefazioan. «Ikasleak pozik itzuli ziren Jerusalena» esaten digu Lukasek. Bai, alaitasuna behar dugu. Jesus ezagutu eta haren ikasle izatearen poza sentitzen al dugu?
-    eta bigarren sentipena, esperantza. Izan ere, ez dugu geure burua engainatu behar. Egiteko eman zaiguna ez da txantxetako gauza, ez da jolasa. Eginkizun handia, eta zaila. Egunero-egunero ikusten dugu zenbat kostatzen den Erreinua ereitea. Zenbat kostatzen den Jesusen mezua zabaltzea. Eta badakigu, Jesus Berpiztuaren presentzia sumatzeak fede-bizitza sufritua eta ustetsua eskatzen duela. Baina, esperantza indartzen digu gaurko festak. Kristorengan ikusten dugun garaipena begiratu, eta aurrera! Eta ez ahaztu, eginkizun honetarako, Jesusek ez ditu behar gizaki bereziak, espezialak, erraldoiak. Bere barruan harritzen dakien jende xumea baizik. Beldurra eta zalantza sentitu arren, konfiantza izaten dakien jendea behar du. Gu behar gaitu.

Orain Eukaristia ospatzen ari gara. Jesus Berpizturik hementxe, tarteko, Espiritu-emale. Pazkoan aurkitzen gara une honetan. Ospa dezagun pozik Misterioa!

FaLang translation system by Faboba

Gure cookieak eta hirugarrenenak erabiltzen ditugu helburu analitikoetarako eta publizitate pertsonalizatua erakusteko, zure nabigazio-ohituretan oinarrituta (adibidez, bisitatutako orrialdeak). Cookie guztiak onar ditzakezu "onartu" botoia sakatuz edo horiek konfiguratuz edo haien erabilera ukatuz "konfiguratu" botoia sakatuz. Informazio gehiago lor dezakezu edo, ondoren, doikuntzak aldatu gure Cookien politikan.