liturgi lagungarriak

Liturgi lagungarriak

 

A) APAIZAREN MONIZIOAK

 

AGURRA ETA SARRERA

Anai-arreba maiteok: Pazkoa burutzen duen Mentekosteko festaburuan, Espiritu Santuak gure fedea edertzen duen egun honetan, hauxe dut zuentzako agurra: Jainkoaren Espiritu biziemaileak bete zaitzatela itxaropenez eta iraun dezala beti zuekin!

Etorri zaigu Pazkoa bere gailurrera. Gaurkoa ere Pazkoan gertatu zen. Eta gaurkoa, Jesusen Pazkoaren emaitzarik ederrena da. Jesus gurekin geratu da. Guregan ari da. Maitasunaren egintzaz Erreinua hazten ari da. Horregatik orain hemen, poza eta barruko begirada behar ditugu. Kanta dezagun barru-barrutik, Espirituaren uretan eman zaigun bizi berria.

(Urez zirtatzea)

Eta kanta dezagun denok batera eman zaigunaren poza eta edertasun betea. Kanta dezagun Pazkoan Jainkoak erakutsi duen aintza!

(Aintza abestua)

 

PREFAZIOA

Jainkoaren maitasunean sinesten dugulako, bera Espirituaren bidez gure artean tarteko eta bizirik dagoela dakigulako... eskerrak eman diezazkiogun pozez beterik.

 

GURE AITA

Guregan dagoen Jesusen Espiritua da otoitzera eragiten duguna, seme-alaben otoitza esanaraziz:

 

HONA HEMEN

Hona Jainkoaren Bildotsa, Kristo Jesus, heriotza zapaldu eta Espiritua ematen diguna. Zorionekoak Espirituzko mahaira gonbidatuok!

 

 

 

 

 

B) IRAKURGAIEN MONIZIOA

Espiritu Santuak, Jaunaren Espirituak, elkartzen gaitu igandero hitza entzun eta Eukaristia ospatzera. Gaur ere, Pazkoko azken igande honetan, Espirituaren dohaina era berezian nabarmentzen dugun honetan ere, Jainkoaren Hitza entzun behar dugu. Berak berritu eta biziaraziko gaitu. Entzun ditzagun patxadan hiru irakurgaiak, tartean Salmoa kantatuz.

 

 

 

 

HERRI-OTOITZA

Eska dezagun orain Espiritua gizon-emakume guztientzat, gure bizi-lurra erabat berri dezan.

 

 Munduko gizon-emakume guztien alde: Espirituak Ebanjelioaren egiarekin topo egitera eraman ditzan.

 

 Munduan zabaldua bizi den Elizaren alde:  Espiritu Santuaren eraginari barrua ireki eta berak indarturik Berri Ona zabal dezagun.

 

 Gizon eta emakume behartsuenen alde; gure gaixoen alde: Espirituak eragiten duen bakeak poztu ditzan beren barruan.

 

 Gerran ari diren herrien alde; gure Euskal Herriaren alde: Espirituaren eraginez mundua elkartasunean bizi eta hazi dadin.

 

 Ospakizun honetan elkartuta gaudenon alde:  Espirituak sendotu gaitzala zalantzaldian eta ahultasetan.

Aita ona, Jesusen bideari jarraitu nahi diogu. Bete gaitzazu Espiritu Santuaz, zure Erreinua guregan eta munduan hazi dadin. Jesu Kristo gure Jaun berpiztuaren bitartez.

 

 

 

HOMILIA

Adiskideok: Pazkoaren betetasuna ospatzen ari gara Espirituaren ekintza askatzailean. Berrogeita hamar egunen buruan esan dezakegu Misterioaren edertasun betea eman zaigula. Esan dezakegu Jainkoak bete-betean maitatu gaituela. Esan dezakegu dena berria dela Espirituaren begirada berrian. Eta pozik ari gara ospakizunean. Pozik gaude.

 

Espiritua, esaten dugu. Espirituak ez dauka «aurpegirik», baina berak ematen die aurpegia errealitate guztiei. Espirituak «aurpegia» ipintzen dio Jainko Aitari, lehen maitasunaren aurpegia, errukizko eta harrera onezko aurpegia, «mundua hainbat maite izan duen» aurpegia. Espirituak Jainkoaren esperientzia itsasten digu bihotzetan. Gaur, zorionez, Jainkoa ezagutzen dugu.

 

Espirituak ematen dio «aurpegia» Jesus berpiztuari. Espirituak sumarazten digu Jesusen jarduera askatzailea. Espirituak itsasten digu bihotzean «Zoriontasunen» ibilbidea. Espirituak ematen digu Jesusen maitasuna, pobreak askatzeko, baztertuak jasotzeko, tristeak pozteko, gaixoak sendatzeko, bakarrik daudenak maitatzeko. Espirituak egiten gaitu Jesusen segizioan leial. Espirituaren eraginak Jesusen proiektua mamitzera garamatza.

 

Espirituak ez baitauka «aurpegirik», sinboloaren erabilpena ugaltzen da gaurko irakurgaietan. Mihiak, sua, hizkuntzak, ulermen berria. Dohainen ugaritasuna, aniztasunean batasuna, batasunean aniztasuna, gorputz bat atal asko, ekintza asko guztien on bakarra, izaera asko Espiritu bakarra. Sinbolo hauetako bakoitzak Espirituaren alderdi bat argitzen digu. Irudiek bilatzen dutena ez da Espiritua zer den adieraztea, Espirituak zer egiten duen eta nola jokatzen duen adieraztea baino.

 

Sinbologiak, ordea, dena azal hutsean bil dezake. Hori da arriskua. Azal hutsean ez geratzeko, behar dena «esperientzia» da, Espirituaren eragina barnean bizitzea. Esperientzia hori ezin daiteke beste ezerekin ordezkatu. Espirituaren eragina barruan bizi ez duenak, ez du sinetsiko Espiritua badenik eta ezer egiten duenik.

 

Nolanahi ere, eta esperientzia pertsonalaren beharraz jabeturik, gaurko festaburuak misioaz hitz egiten du batik bat. Pazko eguneko mezu berak mundura bidaltzen gaitu ikasle guztiok. Bakea eman eta gure kokalekua mundua dela adierazten digu. «Aitak ni bidali nauen bezala, hala bidaltzen zaituztet zuek». Eta bidaltze hori Espirituaren dohainetan gertatzen da: «Hartzazue Espiritu Santua».

 

Misioa, jakin bai baitakigu gure bizia dagoeneko ez dela gurea. Gure bizia Jainkoaren eskuetan utzi dugu eta gizaki bakoitzaren bidera ateratzen gara, ez hari ezer ezartzeko, baizik Jainkoaren egintzari lekua egiteko. Misioa, Ebanjelioak barrutik erre egiten gaituelako; baina ez da dena erretzeko sua, zerbitzurako grina baizik. Misioa, eguneroko eginkizun txikienak Aitarekiko menpetasun libre bihurtuz. Ez daukagu gauza handiak egin beharrik, ezta gauzak espiritualizatu beharrik ere. Baizik, kontua da egiten dugun txikienari sakontasuna eta kalitatea ematea. Misioa, maitasuna geldiarazi ezin den indarra delako eta mundua aldatzera garamatzan indarra delako. Misioa, nahiz lana egin nahiz otoitz egin; inportantea ez baita zer egiten den, baizik Espirituaren eskuetan bizitzea.

 

Gauza handiak, benetan! Baina desioaren hego hutsaletan amets egin gabe. Eta gure bizitza txikiaren araberako asperduran lo hartu gabe. Kontua da «misioan bizitzea». Gure bizitza osoa, errealismoz, misio bihurtzea.  Espirituaren eskuetan gaudela sinestea.

 

Gaur burutzen dugu Pazkoa. Zer aldatu da gure bizitzan Garizuman sartu ginenetik eta hona iritsi garen bitartean? Pazko-ospakizunak izan ahal du presentziarik gure bizitzan? Utzi dezagun Espirituaren eraginaren eskuetan gure guztia.

FaLang translation system by Faboba

Gure cookieak eta hirugarrenenak erabiltzen ditugu helburu analitikoetarako eta publizitate pertsonalizatua erakusteko, zure nabigazio-ohituretan oinarrituta (adibidez, bisitatutako orrialdeak). Cookie guztiak onar ditzakezu "onartu" botoia sakatuz edo horiek konfiguratuz edo haien erabilera ukatuz "konfiguratu" botoia sakatuz. Informazio gehiago lor dezakezu edo, ondoren, doikuntzak aldatu gure Cookien politikan.