liturgi lagungarriak

Liturgi lagungarriak

A) APAIZAREN MONIZIOAK


AGURRA ETA SARRERA
Nazareteko Jesusek adierazi zigun eta Espirituak biziarazten digun Jainko Aitaren maitasuna, bego indarrean zuekin.

Gaur galdera handi bat egingo dugu eta egingo zaigu ebanjeliokoan: Nor da nire lagun hurkoa?  Eta erantzun genezake: beharrean dagoen edonor dut lagun hurko.
Igandero, Eukaristia ospatzera biltzen garenean, maitasun-neurririk bikainena ikusten dugu: lagun hurkoa gurutzean hiltzeraino maitatzea. Maitasun horixe sartu nahi digu Jesu Kristo berpiztuak gure bihotzetan. Maitasunaren misterioan sartzera goaz bete-betean.

Gure elkartearen erdian tarteko dugun Jaunaren aurrean, aitor dezagun, bekatariak izanik, erruki beharrean gaudela.
– Jesus Jauna, Aitaren hitz bizigarria. Erruki, Jauna.
– Jesus Jauna, gure bide zaurituan samariar on zaituguna. Kristo, erruki.
– Jesus Jauna, izaki guztiak adiskidetzen dituzuna. Erruki, Jauna.


PREFAZIOA
JesukKristo da gutaz errukitu den samariar ona, maitasunik bikainena azaldu diguna.  Esker onez jaso dezagun gure bihotza, bera gurekin maitale dugulako beti.


GURE AITA
Otoitz egiogun guztion Aitari, anaiarte bat osatzeko borondatea bizi dezagun. Jesusek irakatsi bezala, esan dezagun inolako beldurrik gabe.




B) IRAKURGAIEN MONIZIOAK
1 – Zein da Jaunaren agindua? Zer espero du Jaunak guregandik? Ebanjelioan garbi eta sinple erantzungo dio Jesusek galdera horri. Lehenengo irakurgai hau, Jesusen hitzak ulertzeko prestaera dugu. Entzun dezagun.
2 – San Pauloren beste karta bat irakurtzeari ekiten diogu gaur. Lau igandez karta horretatik irakurriko dugu. Gaurko Turkian zegoen Kolosas hiriko kristauei idatzia da. Jesu Kristo nor den guretzat esango digu Paulok. Jesu Kristok eman digun salbazio-bidea nola egin behar dugun.



HERRI-OTOITZA
Egin dezagun otoitz eta eska diezaiogun Aitari bere Erreinuaren maitasuna eta senidetasuna hazi daitezela gure artean eta gizon-emakume guztien artean.

*    Guretako bakoitza eta Eliza osoa zaurituen zerbitzura bizi gaitezen, Jesusek agindu zigun bezala.

*    Herri aberatsetako agintariak jabetu daitezen herri pobreekin egiten den injustiziaz, eta ondasunen banaketa zuzenagoa bila dezaten.

*    Gogoan izan ditzagun azken egunetan atentatuen amorruz hil eta zauritu diren pertsonak: bakearen maitasunak giza harremanak senidetu ditzan, guztion mesederako.

*    Oporretan dauden gure senide eta adiskideek benetako atsedena goza dezaten gorputzean eta espirituan.

*    Jesusen Ebanjelioak gure bihotza eta gure bizitzak berri ditzan.

Entzun, Aita, gure eskariak, eta isur zure maitasuna gizon-emakume guztien bihotzetan. Jesu Kristo gure Jaunaren bitartez.

 

HOMILIA
Fedean adiskide zaren hori: Ebanjelio-zati honi alderdi askotatik hel dakioke, oso zati aberatsa izaki. Baina nik uste beste alderdi eta ikuspuntu guztien gainetik bat nabarmentzen zaiola garbi-garbi: errukiarena!
Jesusek, mundura etorriz, bere Aitaren maitasun errukiorra hots egin nahi izan zigun, gure bizibidearen argi eta poz bezala. Jainkoa, Aita errukiorra da, maitatzea gogo duena. Eta, maitatzeko, Jainko Aitak ez du begiratzen nork merezi duen maitatua izatea edota nori zor zaion maitasuna. Gizon-emakume bakoitza maitagarri ikusi du. Guztientzat izan du erruki. Guztioi bekatuak barkatu eta bizimaila berria eman digu. Hori da errukiaren gorengo neurri hautsiezina.
Gaurko ebanjelioan, aurrena, kristau-bizitza guztia josten duen lege askatzailea eman zaigu: Jainkoarekiko maitasuna. Maitasun erabatekoa, oso-osoa, zirrikiturik gabekoa, eskaporik gabeko lege borobila: «Maita ezazu Jauna, zure Jaungoikoa». Baina, Jainkoarekiko lege honek beste egintza guztien neurri izanik ere, badu berak ere bere neurria: lagun hurkoarekiko maitasuna. Askotan esaten baita esan, «nik Jainkoa asko maite dut», baina, esatea ez izan maitasun, arik eta esaten duguna hurkoarekiko maitasunez baieztatzen ez badugu. Askotan, Jainkoa ikusten ez dena izateak, patxada dezentea ematen dio gure maitatu beharrari. Baina, Jainkoa maitatu lagun hurkoarengan maitatu behar da, eta hortxe hasten zaizkigu estuasunak.
Izan ere, entzule, gaurko ebanjelioak, honetan erreparatuko zenuen, bi gizon-klase igaroarazi ditu bidean zauritua izan den horren ondoan: tenpluko bi zerbitzari, alde batetik, eta fedegabeko dei genezakeen samariar bat, bestetik. Horrek zer esaten dizu? Aurrena, ez dela aski tenpluan, elizan, elizkizun handiak egitea. Ez dela Jainkoarentzat gustagarri tenpluko eginkizun guztia. Ez berez atsegin ez zaizkiolako elizako horiek. Baizik eta horiek gero bizitzan maitasun bihurtzea nahi duelako. Jainkoa elizan maitatu eta laguhurkoa bizitzan baztertu, hori ez da Jainkoarentzat onartzekoa. Jainkoarekiko maitasuna, hurkoarekiko arduragabeaz uka daiteke.
Eta berriro hasierara gatoz: Jainkoak errukia nahi du. Beste guztiak ongi daude, baina errukia sortzeko, ez bestetarako. Jainkoak errukia nahi du, eta otoitza eta elizkizunak eta opariak eta sakramentuak eta, denak errukior izaten ikasteko dira. Jainkoak errukia nahi du. Eta errukia gorpuzduna da beti, ez teorikoa.
Ebanjelioko samariarrak ederki erakusten du errukia zer-nolako jokabidea den. Apaizak eta lebitarrak beren buruari begiratzen diote eta ez da abiapuntu txukuna: zaurituaren odola ukituz elizkizunetarako zikin zitezkeen legearen arabera. Samariarrak, berriz, bere buruari ez, beharrean dagoenari begiratzen dio. Eta horixe da errukiaren lehen pausoa: geure buruari begiratu ordez, nork behar gaituen begiratzea. Geu urreratu, geu egin hurko, behar gaituenarentzat. Bigarrenik, bere guztia zaurituaren zerbitzura jartzen du. Ez daki nor den, ez nongoa den, baina bere astia, bere ondasunak, bere ardura, zaurituaren zerbitzuan jartzen ditu. Bere ondasunak ez ezik, bere izate guztia ere premiadunaren alde. Hori da errukia. Hori da maitasuna. Hori da kristau-bide jatorra.
Baina, eta hau aurrena esatekoa da, samariarraren portaera hau, guk jarraitzekoa izan arren, bada aurreragokorik: alegia, samariarraren portaera, guretzat lege izan aurretik, guretzat grazia izan dela. Jesu Kristo izan baita guretzat samariar ona. Eta hemen bai, maitasunak buelo berriak hartzen dituela. Zergatik maitatu behar dugu? Aurrez maitatuak izan garelako! Zergatik arduratu besteez? Gutaz Jesu Kristo arduratu delako! Zergatik eman daukaguna eta garena besteen zerbitzuan? Jesu Kristo guregatik gurutzean hil delako! Ez duzu ba pentsatuko, entzule, guk egin behar dugun errukia gehiegizkoa denik, gure alde egin dena ordaintzeko, ez da?
Gaurko ebanjelio-zati honek, besteak beste, aurrena esker ona sortu behar liguke: Jainkoak bide-bazterretik jaso gaitu. Pazko misterioan maitasunaren jainkozko neurriak eman ditu. Gure alde. Jainkoak ez du ezer utzi eman gabe, egin gabe. Jainkoa izan da lehena maitatzen. «Maitasuna ez da guk egiten duguna. Jainkoak guretzat egin duena da maitasuna». Horregatik esaten nizun, esker ona dela gaur bizi behar dugun lehen sentipena.
Baina esker on horri, bigarrenik, gorputza eman behar genioke. Alegia, esker ona maitasun bihurtu. Eta Jainkoak gutaz errukia izan badu, maitasuna errukituz gorpuzten da. Errukitu? Bai, Jesu Kristok guretzat egin duena egin besteentzat. Besteentzat izan oso-osorik. Jainkoak errukia maite baitu. Barkatu, lagundu, hustu, ez gorde, ez begiratu nor den beharrean dagoena. Eta horrek bihotz zabala eskatzen du. Ez dugu inor bazterrera utzi behar. Ez diogu inori gure etxeko aterik itxi behar. Ez dugu inor gure besarkadatik kanpora bota behar. Kristauaren besoetan denak kabitzen dira. Esklusioak, baztertzeak eta antzekoak ez dira kristauak. Guk ez daukagu gaiztoena ere baztertzerik. Baztertzeak ez du ezer konpontzen.
Gure artean errukiari non gorputza eman ez zaigu falta, nik uste. Krisialdiaren zauriak asko eta handiak dira une honetan. Etenaren zauriak nabarmenegiak dira.
Goazen Eukaristiara. Errukiaren jarleku eta iturri da Eukaristia. Hortxe izan du Jainkoak gutaz erruki. Hortxe daukagu errukiaren eskola.    

FaLang translation system by Faboba

Gure cookieak eta hirugarrenenak erabiltzen ditugu helburu analitikoetarako eta publizitate pertsonalizatua erakusteko, zure nabigazio-ohituretan oinarrituta (adibidez, bisitatutako orrialdeak). Cookie guztiak onar ditzakezu "onartu" botoia sakatuz edo horiek konfiguratuz edo haien erabilera ukatuz "konfiguratu" botoia sakatuz. Informazio gehiago lor dezakezu edo, ondoren, doikuntzak aldatu gure Cookien politikan.