liturgi lagungarriak

(Homilia bakarrik argitaratzen dut hemen, gainerako beste lagungarriak liburu batean argitaratu ditut-eta: Igandetik igandera A urtea. Han daude monizio guztiak eta Jainko-hertriaren otoitza).

 

HOMILIA   
Adiskide maiteok: itsasoko uhinen edo olatuen irudia ekartzen dit burura Zoriontasunen irakurraldi honek. Hortxe daude, etorri eta etorri, hortxe atergabeko desafio setati, hortxe inoiz etsitzen ez duen eskaintza berritzaile, hortxe itsas-bazterra plasta-plasta bere kolpe sendoz jotzen duen Jainkoaren olatu sendo... hortxe Jesusen Zoriontasunak! Baina eta... hortxe gure horma sendoa olatuei eusten, hortxe gure ulertu-ezina eskaintza isiltzen, hortxe gure erabaki sendoak desafio guztiei paso ematen... hortxe aurrez aurre!

Batek aspergurea sentitzen du honelakoetan: zertarako beste behin Zoriontasunen eskaintea hots egin? Zertarako beste behin zoriona bide honetatik daukagula esan? Zertarako munduak eta gizarteak egiten dituen aukeren kontra jardun? Zertarako? Ez ote dauzkagu Zoriontasunak  domestikatuak, etxekotzat hartuak, kate motzean lotzen den zakur koskorra bezala? Munduaren norabideak oso zehaztuak eta sakonean idatziak daude. Zertarako beste olatualdi batez astindu giza-horma zahar sendoak, dena betiko bere horretan gelditzekotan? Zertarako?!

Baina, aizu!, beste hau ere egia da: Zoriontasunak irakurtzen diren bakoitzean, barrenak salto jotzen du. Halako xarma eta berritasuna darie! Hain arrazoizkoak dira! Gure zoriontsu ezin izanaren motiboa hain argi azaltzen digute! Batek Zoriontasunak maite ditu! Hor mundu berri bat baitager! Hor bihotzaren ametsak betetzeko bidea sumatzen da! Hor zoriontsu egin gaitzakeen jokamoldea ikusten da! Hain arrotzak ez balitzaizkigu! Gureagoak izango bagenitu! Bizitzekoagoak gertatuko balitzaizkigu! Ai Zoriontasun maite eta gorrotatuak! Ai Zoriontasun urrutiko eta gertuko! Ai Zoriontasun ezagun eta ezezagunak! Hain gure, hain beste! Hain maitagarri, hain gozo!

Merezi du Jesusen hitzaldi hau sakonki aztertzea. Ez zaidazu ezetzik esan: ederra da Jainkoak behartsuenak maite dituela jakitea! Ederra da Jainkoak otzanak eta negar egiten dutenak eta zuzentasunaren gose-egarri direnak eta errukitsuak eta bihotz-garbiak eta bakegileak eta erasotuak eta maiteen dituela jakitea! Hori ederra da! Ederra da gaurko gizon-emakumeok bazterrera utzi ditugun aukera horiek Jainkoak bere aukera bezala onartu dituela jakitea. Akaso gure bizimoduan alde batera utziko ditugu, baina ezin ukatu hor badela zerbait giza-eskema guztiak hankaz gora jartzen dituena! Badute, bai, xarma berezia Jesusen zorion-bide hauek!

Eta horrekin ez dut ezer askorik esan. Ederrak direla, liluragarriak... Baina hau da harrigarriena, zorion-bide direla! Bide horietan daukagula zoriona! Gaur gure bizitzari, gure bihotzari, zorionik, irtenbide onik, azken onik, betetasunik opa baldin badiogu, hori Jesusen Zoriontasun hauetan dagoela guretzat, ez beste inon! Eta, onenean, horrexegatik gertatzen zaizkigu hain barruko, hain geure, hain maitagarri! Zoriontasun hauetan sumatzen baitugu gure zorion-ametsak ez direla amets zoroak, Jesusen bidean bete daitezkeen amets baizik! Eta ametserako eskubidea, zoriontsu izateko eskubidea da! Ez ametsak zoriona dakarrelako, baina bai gaurko gizartearen kateari ihes egiteko aukera bakarra gehiagoko baten ametsa delako, zorion beteago baten ametsa delako! Jesusek ematen digun ederrenetakoaez ote, oraindik ere zorion-ametsetan bizitzeko bihotz-gaztetasuna!?

Hasieran  "zertarako?" galdetzen genuen. Orain badakigu: Zoriontasunak oraindik ere aldarrikatuko ditugu, gizon-emakumeon zorion-bide betea direlako, fededunon zorion-proportzio bakarra direlako, gure barruak sentitzen duen gehiago beharraren amets-bide bakarra direlako! Horrexegatik Sofonias profetarekin biziki poztuko gara eliztarrok, Jainkoak munduan utzi duen herri apal eta behartsua garelako. Biziki poztuko gara gure babes eta irtenbide bakarra Jaunaren indarra dugulako. Biziki poztuko gara San Paulorekin gure artean, Elizan, ez dagoelako jakintsurik asko, ez dagoelako ahaltsurik asko, ez handizkirik asko. Biziki pozten gara Jainkoak munduarentzat zoro eta arbuiagarri dena aukeratu duelako. Biziki pozten gara munduko argala, zorion-bide bihurtu duelako. Eskerrak ematen dizkiogu gure Jainkoari, zorion-bidean jarri gaituelako!

Bai, badakigu munduan zehar joan behar dugula zorion-bide hauen erakusle bezala! Badakigu guri eskuetara jarri zaigun zorion-bide hau, mundu guztiarentzat zorionbide bihurtu behar dugula! Horrexegatik, zorionbide honen zerbitzura jarriko ditugu gure guztiak. Zertarako ditugu dauzkagunak, zoriontsu ez bagara? Dauzkagunetatik libre garenean, pobre alegia, orduan goza dezakegu daukaguna! Eta gaur ez zaigu askorik eskatzen, libre izatea bakarrik, bihotza pobre egitea bakarrik, gure bihotzean bizirik eustea zoriontsu izateko ametsari!

Arantzazun gaude eta apaltasunari eta pobretasunari gorespen egiterakoan, nola ahaztu gure Andre Maria? Berak zein egoki eta zein gozoki bizi eta kantatu zituen Zoriontasunak! Zein zabal, zein hutsik, entregatu zion bere toki guztia Jainkoari, Hark nahi zuena egin ziezaion! Zein ederra den Maria bere zorion-bidean! Eredu paregabea! Laguntzaile gertukoa! Merezi duenak merezi du, eta merezi ez duenak ez du merezi! Zorion-bideek merezi dute, gureek ez asko!

Orain Eukaristiara goaz! Hortxe jasoko dugu, bihotz behartsuz, ondasunik beteena eta zorion-emaleena! Aitor dezagun Zoriontasun hauek sinesten ditugula! Eta har dezagun zoriontsu egiten gaituen dohaina!

FaLang translation system by Faboba

Gure cookieak eta hirugarrenenak erabiltzen ditugu helburu analitikoetarako eta publizitate pertsonalizatua erakusteko, zure nabigazio-ohituretan oinarrituta (adibidez, bisitatutako orrialdeak). Cookie guztiak onar ditzakezu "onartu" botoia sakatuz edo horiek konfiguratuz edo haien erabilera ukatuz "konfiguratu" botoia sakatuz. Informazio gehiago lor dezakezu edo, ondoren, doikuntzak aldatu gure Cookien politikan.