liturgi lagungarriak

(Homilia bakarrik argitaratzen dut hemen, gainerako beste lagungarriak liburu batean argitaratu ditut-eta: Igandetik igandera A urtea. Han daude monizio guztiak eta Jainko-hertriaren otoitza).

 

HOMILIA   
Senide maiteok: ahal duenak ahal du, eta ezin duenak ezin! Eta Jesusi eta bere irakaspenari ahalmena, agintea, dario. Bera ez da edozein. Bere hitza ere ez du nolanahikoa.  Oraintxe entzun dugun ebanjelio zatia, noizbehinka entzun beharrekoa dugu. Izan ere, badirudi zenbaitentzat Jesusen hitzak ez duela zer esanik. Gaur gizartean gehienek egiten dutena bihurtu zaigu lege eta arau. Jesusen agindua indarrik gabe geratu balitz bezala. Eta, esanak esan, Jesusen hitz honek badu zerbait, ez dakit, zerbait berezia... Onenean, barneko aginte hori izango da!

"Entzuna duzue".  "Nik, ordea, hau diozuet". Gaur esaten da! Jesusek, ordea, esaten du! Eta, noski, Jesusek ez dio inori bere askatasuna hedez lotuko. Jesusek gizon-emakume bakoitzaren askatasuna errespetatzen du, beste inork baino areago. Baina, sakonean, Jesusek esaten duena argi dago: askatasuna ez da hazten norberak nahi duena eginez, Jesusen bidea jarraituz baizik. Eta hori da, seguru asko, ulertzen eta, beraz, onartzen ez duguna. Nola izan daiteke bat libre, beti beste baten borondatea eginez? Norberari sortzen zaion gogoa da askatasunerako bide, diotsate.

Beraz, ondorio bat argi eta garbi ageri da: bi bizi-estilo daude. Bata, bere gogoa egin nahi duenarena eta, bestea, kristau-estiloa. Eta kristau-estilo horren norabideak eta nolakotasunak, Mendiko Hitzaldian dauzkagu zehaztuak. Gizartean jite hau edo bestea gailendu daiteke. Gizarteak hau edo hura egin behar dela esan dezake. Bat edo beste modan jar dezake. Baina, kristauarentzat, Kristo da eredu. Eta Kristoren hitza da bere jitea moldeatzen dion portaera. Fededunak, beraz, Kristori eta beraren hitzari egingo dio kaso. Beraz, ahalik eta atsegin gehien lortzea, ahalik eta aginte gehiago eskuratzea, ahalik eta diru gehien irabaztea, ahalik eta gorago igotzea, ahalik eta izen ospetsuagoa izatea... ez dira baliozko lege kristau-estiloa bizi nahi duenarentzat.

Zergatik ez ditu, bada, horiek guztiak nahi? Hori ez delako zoriontsu izateko bidea. Lehenengo irakurgaian entzun duguna errepika dezakegu: "Zure aurrean dituzu sua eta ura; hartu nahi duzuna. Bere aurrean dauzka gizakiak bizia eta heriotza; zer duen aukeratzen, hura emango zaio". Eta ez dago besterik. Gizarteak, noski, badu bere mailako zoriona, ez gehiegi zoritxarrez! Baina, Jesusen bidea utzita, beste bizimodu hori onartzen duenak, ez du sekula gozatuko Jesusen bideak ematen duen zorion bete eta eragilea. Ezer argi ikusten bada, hauxe: Jesusek zorion hobea eta pertsona-egileagoa ematen duela. Jesusen bidetik zoriontsu garela!

Gizarteko bideen zoriona ere ez da motza, esaten du zenbaitek. Akats bat dauka askotan, azalekoa dela oso. Azalekoa da, zorion horren iturri bezala ere azalekoak hartzen direlako. Gizarteak eskatzen eta eskaintzen duen portaerak ez du pertsona bere barnera sartzen, ez du pertsona bere barrutik haziarazten. Eta, ondorioz, sortzen duen zoriona ere ez da barrukoa, ez da pertsona-egilea. Azalekoa da! Eta horrexegatik beti berritu egin behar izaten ditu zorion-iturriak. Agortu egiten baitira gaur edo bihar. Egia da, gizarteak ez daki zer nahi duen, ez daki eta nora doan. Horregatik sarri egon-ezinean, izan-ezinean, ase-ezinean, zorion-eskasian bizi da! Pena da! Hain eskura daukagu zoriona! Hain eskura daukagu Jesusen bidea! Nola iritsi daiteke pertsona hain gutxirekin, hain azalekoarekin, konformatzera! Nola?!

Jesusek bihotzera jotzen du! Aginduak azalean gera daitezke. Baina, Jesusen hizkeran, ez du kanpoko legekeriak balio. Gizon-emakumearen bihotzean jokatzen da zoriona! Jainkoaren Legea, barrura sartzen du Jesusek. Jainkoaren borondatea ez da gauza bat edo beste ondo egitea, baizik bihotza garbi gordetzea, bihotza Jainkoari emana edukitzea. Eta horixe da, kristau-moralaren oinarria. Farisearrak eta idazlariak baino hobeak izan behar dugu. Alegia, haiek legea kanpotik, azaletik, betetzearekin konformatzen ziren, azalaren itxura. Jesusek, ordea, bihotza eskatzen du, barnetasuna, egizaletasuna! Eta begira ezazu zer diferentzia dagoen: gizarteak kanpotik honela edo hala jokatzea eska dezake, baina bihotzekoan ez da gizartea sartzen! Ezin du! Jesusek, ordea, badu agintea gure barren barrukoenera sartzeko. Hori da agintea! Hori da zorionaren sustraiak sendatzea!

Adiskidea, fededun bazara, biderik onena hautatu duzu. Ez bazara, berriz, hortxe daukazu bide onenaren aukera. Eta erdipurdika bizi baldin bazara, fededun ustez, baina azal hutsean, ez zaitez horretan geldi, mesedez. Hori tristea da! Horrek ez dizu zoriona piztuko! Eta zoriona nahi baduzu, ez daukazu urruti! Ez da zaila! Entzun duzue! Nik, ordea, esaten dizut! Entzun eta onartu! San Paulok esan diguna: "Kristau bikainen artean darabilgun jakinduria ez da gizarte honetako jakinduria; baizik eta, Jainkoaren jakinduria ezkutua darabilgu". Eta bihotzeko pozik ederrenaz errepikatzen dugu San Paulorekin entzun nahi duenarentzat eta, batez ere, geuretzat: "Ez du, ez begik ikusi, ez belarriak entzun, ez bihotzak sumatu, Jaungoikoak prestaturik daukana, Bera maite dutenentzat. Eta Jaungoikoak guri agertu digu hori!".

Eta goazen Eukaristiara! Goazen agintea duenaren mahaira! Goazen zoriona jateko ematen zaigun mahai jakintsura! Goazen zorionaren iturburutik edatera! Jesusek bere Espiritua emango digu, berorren eraginez zorion-bide ederretik ibiliz, libre izan gaitezen. Bizilegerik ederrena eman zaigu!

FaLang translation system by Faboba

Gure cookieak eta hirugarrenenak erabiltzen ditugu helburu analitikoetarako eta publizitate pertsonalizatua erakusteko, zure nabigazio-ohituretan oinarrituta (adibidez, bisitatutako orrialdeak). Cookie guztiak onar ditzakezu "onartu" botoia sakatuz edo horiek konfiguratuz edo haien erabilera ukatuz "konfiguratu" botoia sakatuz. Informazio gehiago lor dezakezu edo, ondoren, doikuntzak aldatu gure Cookien politikan.