liturgi lagungarriak

(Homilia bakarrik argitaratzen dut hemen, gainerako beste lagungarriak liburu batean argitaratu ditut-eta: Igandetik igandera A urtea. Han daude monizio guztiak eta Jainko-hertriaren otoitza).

 

HOMILIA

Beste behin Garizumako aldi berritzaileari hasiera eman diogu. Eliza Pazkorako bidean jarri da. Garizumako basamortu luzearen ondoren, Pazkoko argia baitu erakarle, dei egile, poz emaile. Eta Pazkoa maite duelako, Pazkoa duelako helmuga, Eliza martxan jarri da. Martxan jarri... Penitentziaz, barauz, Jainkoaren Hitza entzunez, otoitz eginez, bizitza neurritsuz, Garizumako hitzaldiez... Garai berezi baten deiak jo du, eta eliztar guztiok barrenenetik aditu dugu dei hori.

Jesusi berari begira geniezaioke. Honela esango digu gero Prefazioak: «Berak, berrogei egunez jan-edanak utzirik, santu egin baitzuen barauzko penitentzia». Jesusek Aitarenganako Pazko-bideari ekiten dionean, Israel herriaren basamortuko ibilaldia berregin nahi duenean, barauz arintzen du bere gorputza, Jainkoaren Hitzez indartzen, egin behar duen ibilbidea ongi burutu ahal izateko. Gu, Jesusen Pazko-bide berbera goaz egitera. Eta hark bezala Pazkoa dugulako amets, barau eta penitentzia egiten dugu, alfer-kargak alde batera utzita, arin egin nahi dugulako argitarako bidea. Izan ere, ez al da egia, gehiegiz kargatuak gabiltzala, aurrera egin ezinez, lotuta, triste, gauzen eta ondasunen eta aginteen grinek kateaturik? Karga horiek guztiak gainean ditugula, ezin gaitezke Pazkora iritsi. Baraua, bijilia, otoitza, penitentzia... Jesusen bidea jarritu nahi dutenen ezaugarri dira! Pazkora doan herriak bizi dituen ezaugarriak!

Honela jarraitzen du gero errezatuko dugun Prefazioak: «Tentatzailearen maltzurkeriak baztertuz, okerrerako gure joera nola azpiratu erakutsi zigun». Jesu Kristo, basamortuan, borrokalari eta maisu dugu. Jesus ez du sugeak atzipetzen, engainatzen. Sugearen maltzurkeriek ez dute Jesus Aitaren menpetasunetik aldenduko. Adan eta Eba sugearen maltzurkeriaren morrontzan ikusten ditugu. Sugeak asko agindu du, gutxi eman. Askatasuna agindu, morrontza eman. Jainkotasuna agindu, gizatasuna kendu. Zenbat maltzurkeria ez da edonoren bidertzean?! Maltzurkeria, horrexegatik... askatasuna eta aurrerapena agintzen dutelako, baina eman, biluzkeria hutsa eta heriotza ematen dutelako. Zenbat askatasun-hitz ez dabil gure bizitzan eta gure inguruan, hutsune negargarri bat estali nahiz. Ez alferrik!

Jesusek atzekoz aurrera jartzen ditu sugearen, gaizpidearen, maltzurkeriak. Jesusek badaki egiazko askatasuna Jainkoaren eskuetan daukala. Egiazko betetasuna eta ondasuna, Jainkoaren nahia egitea dela. Jesusek badaki, Jainkoa zerbitzatzea dela, egiazko giza askatasuna eta izanbidea. Eta bere jokalegeaz, askatasunezko bide horren arrastoan jartzen gaitu, gu ere atzipetuak izan ez gaitezen, edo hala izanik, askatasunera ihes egin dezagun Garizuma honetan.

Eta bide honetatik, Prefazio berak dioen bezala, «Betiko Pazkora» helduko gara. Garizuma eta Pazko-ospaketa askoren bidez, inoiz amaituko ez den Pazkora bidean goaz. Jainkoaren Hitza, sakramentuak, Eukaristia bera... Pazkora gero eta gehiago hurbiltzeko aukerak ditugu. Elizak esku-eskura jartzen dizkigun aukerak. San Paulok luze eta zabal adierazi digu: gizakiak hautatu zuen morrontza-bideak badu sendabidea, Jesu Kristoren askatasun-bidean. Egia da, gure bideak benetan zailak dira uzteko, ongi lotuak gauzkate... Baina indartsuago da Kristo. Eta Berak askatuko gaitu! Berak emango digu zuzentasuna!

Ondorio batzuk behintzat atera beharko genituzke honetatik guztitik:
    -    bat hauxe: Garizuma serio hartu behar dugu. Ez da serioa, beti Garizuma dela esatea. Gure bizitzaren berrialdiak ezin du gehiago itxaron. Jaunaren bizi-eskaintza paregabea jartzen zaigu aurrean. Eta ulertu beharko genuke, gure bizi-aukera nagusia Jesusen bide berean daukagula. Gure barruko korapiloak, ezinak, lotsak, beldurrak… garizumako argitara atera beharko genituzke. Eta barrua libratu. Barruari Jainkoaren besarkada eskaini. Ezin gaitezke gehiagoz morrontza eta zabarkerian luza.
    -    horrek eskatzen digu, guregan daramagun gaitza eta gaiztakeria aztertu behar ditugula. Zer engainutan, zer maltzurkeriatan, zer morrontzatan erori naiz? Garizuma honetan zer askatasun-lan burutu beharko nuke? Zertatik behar dut askatu? Zer behar dut bazterrera utzi? Zer da niregan egiatik eta zuzentasunetik urrutiratzen nauena? Zer aukera engainuzkotan erorita nabil, Adan eta Eba berri baikina? Zertan nireganatu behar dut Jesusen jokamoldea?
    -    eta, azkenik, Garizuma honetan ezin ahaztuta utzi, bizi dugun krisi ekonomikoa. Era askotako pobrezia eta beharrak sortu ditu gure inguruan. Geure inguruko jendeari solidaritatea zor diogu. Jaunaren maitasunak maitasunera eragiten digu. Garizuma honetan gure ekonomia beste era batera bizitzeko bideak aztertu beharko genituzke.

Hortxe duzu, bada, Garizuma aurrean.  Geuk ikusi beharko dugu zer nahi dugun garizuma hau izatea. Orain Eukaristiara goaz, Garizumarako janaritzen gaituen mahaira goaz. Jesusekin eta bere bidearekin bat egiten dugun mahaira goaz. Jaso dezagun Pazko-bidean behar ditugun indarra eta Espiritua.

FaLang translation system by Faboba