liturgi lagungarriak

(Homilia bakarrik argitaratzen dut hemen, gainerako beste lagungarriak liburu batean argitaratu ditut-eta: Igandetik igandera A urtea. Han daude monizio guztiak eta Jainko-hertriaren otoitza).

 

HOMILIA
Senideok: Garizuman gora goazelarik, halako  une berezi batean aurkitzen gara: bataioko igandeetan sartzen gara gaurkoarekin. Gaur hasi eta hurrengo bi igandeetan, bataio-katekesia paregabea eskainiko digu Eliza amak, bataioaren ibilbideetan zehar, Pazko-Gaubeilara berriturik iritsi gaitezen. Eta katekesia hauetan, gure bataioaren eta Pazko-misterioaren eduki berritzailea adieraziko zaigu. Ebanjelio-atal harrigarriak irakurtzen ditugu, gure bizitzaren sustrai-sustraiak harrapatzen dituzten ebanjelio-atalak.

Gaurko irakurgaietan, egarriaren eta uraren sinbolismoa erabili dugu, entzun dugunez. Israel herria nekaturik zihoan basamortuko bide luzean. Egiptoko morrontzatik askatasunera bidean zihoan, eta pozik, baina bide hura luzeegia eta latzegia gertatzen zitzaion. Eta marmarrak barrua gaiztotu zion herri hari. Jainkoarekiko hasierako sinesmen eta uste gazte hura, nekearen atzaparretan zahartu eta hustu egin zitzaion. Agindu zitzaien lurralde bizi berriko hura ez zen iristen. Eta sentitzen dutenaren irudi gordin, egarria sentitzen dute. Egarri hori adierazgarria da benetan: egarri hori ezina da, etsipena, utzitakoaren gogo-mina, zalantza. «Jainkoa gurekin ote dihoa benetan?». Jainkoa haiekin zihoan, bai, eta harkaitzeko ura emango die, Jainko horren hurbiltasuna eta maitasuna senti ditzaten. Ez daude eskutik utziak. Ez doaz bakarrik. Promesak indarrean irauten du oraindik ere.

Halatsu gertatzen da ebanjelioko emakume egarritu horrekin ere. Jesusekin bizi duen elkarrizketa sakon eta berritzailea, iturriaren ondoan gertatzen da. Emakumea, bere egarria kentzen ez dion iturriaren ondoan dago, eta egarria betiko kenduko dionaren ondoan. Emakumearen egarria tristea da, ase-ezina, bizi-egarria. Zoriona nahi du eta bilatzen du. Barrua hutsik sentitzen du emakumeak. Ez daki nongo eta nolako uretatik edan. Iturri askotan ibilia da. Baina ezerk eta inork ez dio ase bere barrua. Eta betiko tristura poztu ezinarekin bizitzera jarria dagoela ematen du. Eta emakume horrengan nabari ditugu egarritik sortzen diren ondorio ilun guztiak: samariarren eta juduen arteko konpondu-ezina, erlijioen arteko borroka gezurtia, munduko eskaintza askoren iruzurra, eta horrek guztiak barruan uzten duen egoera negargarria.

Jakina! Israel herriarena eta ebanjelioko emakumearena ez dira garai bateko egoera igaroak. Gu guztion irudi ditugu gaur bertan. Gu ere egarri gara. Gu ere nekatuta goaz. Guri ere tentazio gaiztoa sortzen zaigu bihotzetik: «Jainkoa gurekin al dahil? Ez ote da hau guztia iruzur hutsa?». Gure barruko egarria eta biziezina erakusten duten galderak eta zalantzak dira. Guk ere Egiptoko morrontza amets izan dezakegu eta izaten dugu. Guk ere handik eta hemendik bila dezakegu, inon aurkitzen ez dugun zoriona. Guk ere gure bizia hustu dezakegu, sasi-eskaintzen morrontzan. Guk ere bila dezakegu zoriona dirutan edo atseginetan edo agintean edo besteen gainetik egon eta azaltzean edo … al dakit nik zertan! Hainbeste jendek bizi du barrua erretzen dion kezka etsia! Hainbeste aldiz sentitzen dugu halako egoera mindua, gure barrua sekula ase ahal izango ez bagenu bezala!

Eta etsipen triste horrek ondorio desegileak ditu gure barruan: zertarako segi bilatzen? Zertarako segi leialtasunean? Zertarako segi maitasun-bidean? Merezi al du gehiengoaren kontra ibiltzea? Merezi al du aurrera egitea? Erosotasunaren eta egokitzearen jarrera lasaiagoak nor ez du tentatzen?

Gure egarrien eta iturrien ondoan Jesusekin egiten dugu topo. Gure egarrien ondo-ondoan baitago bera. Eta barrua irekitzen digu. Jesusen aurrean ez daukagu gordetzen eta gauzak estaltzen eta ibili beharrik. Hark ondo asko daki gure barruaren historia. Hark ezagutzen ditu, zorionaren eta egiaren eta benetako askatassunaren bila egin ditugun bide guztiak. Ondo asko ezagutzen du bide horiek utzi diguten frustrazio sakona. Eta askotan, gure egonezinaren arrazoia kanpoan bilatu ohi dugu: erlijioa eta eliza eta aginduak eta heziketa eta gertaerak eta ondokoak eta… Ez, ez. Gure barruan daude gure egarriaren egiazko arrazoiak. Non jarri dugu bihotza? Zertan oinarritu ditugu zorion-usteak? Norena da gure bihotza? Zertan sinestu dugu? Jesusek geure barrura sartzen gaitu. Egiazko topaketak eta egiazko asegarriak barruan dauzkagu. Eta barruko egiara iritsi behar dugu. Zenbat senar edo zenbat bihotz-bidetan bilatu dugu zoriona?

Ez alferrik! Gure bihotza egiazko zorionerako egina dago. Eta Jesusek bakarrik ase dezake bere onean gure barruko egarria. Geure barruko egia bistara ateratzen digunean, orduan aurkitzen du pertsonak zorionaren eta asetasunaren egia. Egiazko ura bilatzeko ez daukagu urrutira joan beharrik. Ez dugu gauza asko behar. Beharbada gauzatxo bat bakarrik: jo dezagun gure bihotzeko harkaitzean! Gogorrenean aurki dezakegu ura! Jo dezagun geure bihotzeko ilunbea fedaren makilaz eta aterako da ura. Nire bihotzetik ura? Bai, nire bihotzetik! Jo dezagun gure barruko gezurra uste onaren makilaz eta bizi-iturria urratuko da, askatasunaren ura dariola. Orduan ulertuko dugu, gure barruko egiara eraman gaituen Jesus hori dugula egiazko ur-iturria. Orduan ulertuko dugu zer den fedearen argia eta indarra.

Badakit, denok dakigu, ez dela erraza gure betiko jarrera eta itxikeriak ireki eta Jesusen aurrean bihotz zabalik jartzea. Gure bihotza kipula-geruza gehiegiz estalia daukagu. Eta barruko egiara sartzea ez da erraza. Aitzakia gehiegi prantatu dugu, gure itxikeria estaltzeko. Baina, Jesusen iturria geruza horien guztien azpian dago. Gure barruko zoriona, gogortua daukagun bihotz horren harkaitzean dago. Jesusen agindura, barrura sartu behar genuke. Kanpoan sakabanaturik ibiltzetik, barruko egia ilunera etorri behar genuke Garizuma honetan. Eta barruan aurkitu behar genuke, Jesusek eskaintzen digun zoriona. Posible da! Izango ez da ba!

Eukaristia honetan, egaizko iturriaren ondo-ondoan eserita gaude. Eta ospakizun honek ere barruko egiara eragiten digu. Berreskura dezagun geure barrua, eta geure barruan aurki dezagun bizirako besarkatzen gaituen Aita ona. Zertarako ibili beti egarri, ura hain eskura edukita! Zertarako, adiskidea!?

FaLang translation system by Faboba