liturgi lagungarriak

(Homilia bakarrik argitaratzen dut hemen, gainerako beste lagungarriak liburu batean argitaratu ditut-eta: Igandetik igandera A urtea. Han daude monizio guztiak eta Jainko-hertriaren otoitza).

 

Pazkoa gertuan dela garbi ikusten da gaurko liturgian. «Poztu zaitezte» esaten baitigu gaur. Garizuman poztu? Bai, poztu. Pazkoa gertuan baita, oso hurbilean. Eta  Garizumako gure bide saiatuak behar du arnasa eta adorea. Eta Pazkoa gertuan sentitzeak, poztu egiten gaitu. Urte guztiko gure ametsik handiena eta beteena betetzera baitoa. Eta hori poztekoa da, poztekorik baldin badaukagu.

Gaur, gainera, argiaren iruditan, begiak argitzen dizkigun uraren iruditan, Pazko eragina oso barruan jarri digu Ebanjelioak. Gure bataioaren katekesia eder askoa jaso dugu. Espirituaren azken gabeko uretan izan baikinen bataiatuak eta han hasi ginen ikusten. Lehenengo aldiz Jainkoaren presentzia ikusten hasi ginen. Gaurko ebanjelio-zatiak, argiarekin topo egiteko eginbide edo prozesu guztia zehaztu digu ederki asko.

Jesus da Aitak egiten duen argi-egintza pozgarria. Jesus da argia. Jesus da, Aitarengandik guregana etorri, eta gure bizitzak erabat argitzen dizkigun argi berri eta betea. Gizon-emakumeok jaiotzez itsuak baikara. Ez dugu argia ikusteko gaitasunik eta trebetasunik. Eta, hala ere, argia nahi dugu, argizale gara. Argiak pozten gaitu, argiak askatzen. Baina geuk ezin argia sortu. Hori da barruan daramagun ezina. Mundua ere itsua da. Argiaren gosea adinaxekoa du bere barnean ilunpearen indarra. Eta ezin argibideak urratu. Argia ez baita gurea.

Eta zer gertatzen zaigu guretako bakoitzari eta munduari? Ba ilunpeak nagusitzen zaizkigula. Gezurrak iluntzen dizkigula geure begirada eta harremanak. Eta ezin dugula geure errealitatea pozik onartu eta ezin dugula besteen edertasuna ikusi eta onartu. Ilunpearen gezurra nagusitzen zaigu. Eta geure barruarekiko harremana ilundu egiten zaigu: geure burua engainatzen, amets handien karetak janzten, itxurak zuritzen. Eta harremanetan ere berdin: gezurrezko azala lantzen, honelako edo halako azaldu nahi dugulako. Itsuak! Lehenengo irakurgaikoa gertatzen zaigu: itxurari begira, erregea aukeratzeko. Baina, Jainkoak barruko egia ezagutzen du eta ez zaio hari itxuraren azala inporta.

Argia hartzeko lehenengo baldintza, itsuak garela aitortzea dugu. Argiari barne-leihoak irekitzea. Itsu garela aitortzeko egizaletasunik ez baudugu, ez dugu argiarekin topo egingo. Farisearrak itsu daude, eta ez dute argia maite. Ezin dute beren argi-falta aitortu. Eta argiari aurre egiten diote. Era askotako karetak jantzi behar, jakina: legea, zintzotasun-kareta, Jainko-zaletasunaren kareta... Ez dutela ikusten ez aitortzeagatik, edozer gauza. Eta dena, itsu jarraitzeko babes gertatzen zaie. Ez dute argirik nahi eta ez daukate argirik!

Jaiotzez itsua zenaren fede-prozesua benetan argigarria gertatzen da. Hasieran ez daki ikusten hasi dela besterik. «Ez nuen ikusten, eta ikusi egiten dut». Jesus ez zuen ezagutzen. Hala ere, kaso egiten dio. «Zoaz eta garbitu Siloeko uraskan». Gero, Jesus ikusten du, baina ez du ezagutzen. Gero, ezagutu eta sinestu egiten du. «Sinesten dut, Jauna».

Gu ere ez al gaude itsu? Ikusten al dugu itsu gaudela? Prest al gaude gure itsukeria aitortzeko? Gure gizatasun-bideak zuzendu eta argitu ezinik gabiltza. Gure gezurrari  bere azal sendoa nola kenduko asmatu ezinik gabiltza. Ilunpeak hartu gaitu. Farisearrekin galdera honetara iritsi beharko genuke: «Beraz, itsiuak gara gu ere?». Eta itsukeriarik okerrena zera bihurtzen zaigu: ez ikusten eta ikusi egiten dugula uste izan eta hala esan. Argiaren premiarik eza itsukeria txarrena. Argiaren premiarik ez sumatzea.

Gure gizarteak ere argia behar du. Denok, guretako bakoitzak eta denok, Pazko-gaueko jesto hura berritu behar dugu. Geure kandelatxo itzalia hartu eskuetan, argirik ez daukagula ikusi, eta Argiarengana, Argi handiarengana hurbildu apal-apal, eta argia piztu. Pazko gaueko argi pozgarria jaso behar dugu. Bataioko ibilbideak berritu behar ditugu. Jesus dugu argia, bestela nor edo zer? Siloeko uraskan, Espirituaren eskaintza oparoan, garbitu behar dugu geure izatea, geure barrua, geure gezurra, geure dena. Sakramentuen eta Hitzaren lisiba garbitzailetik pasa beharra daukagu.

Hori egite aldera, San Paulok bigarren irakurgaian esan diguna gertatuko litzaiguke: «Lehen ilunpe zineten; orain, ordea, kristau bezala, argi zarete. Zabiltzate, beraz, argiaren seme-alaba bezala». Argiaren miraria gertatzen zaigunean, dena berritzen da. Ez ikustetik ikustera dagoen tartea handia da, gero! Ezer ez ikusi ala gauzak beren ederrean ikusi, horixe da aldea. Badago hutsa adinako koska! Ikustetik, bestelako bizimoldea sortzen da. Ez daukagu gezurrari estalkiak jartzen ibili beharrik, barneko egiari ez baitiogu beldurrik. Itsu garela aitortzeko izua joan egiten zaigu, eta itsu garela aitortuz, argia den Jesusek argitu egiten zaigu. Eta ikustearekin batera, dena berritu. Benetan, prozesu ederra!

Goazen Eukaristiako uraskara, sakramentuaren uretara. Eta garbi dezagun gure izate osoa. Ez diezaiogun argiari beldurrik izan. Berri dezagun geure izatea, maitasunaren uretan. Bataiatuak garenok, argia baitugu bokazio. Eta gero bizi dezagun argiaren poza. Pazkoa gertuan baitugu.

FaLang translation system by Faboba