liturgi lagungarriak

(Homilia bakarrik argitaratzen dut hemen, gainerako beste lagungarriak liburu batean argitaratu ditut-eta: Igandetik igandera A urtea. Han daude monizio guztiak eta Jainko-hertriaren otoitza).

 

HOMILIA
Senideok: gauza eder asko  dira izan, eta denak parean suertatu zaizkio fededunari. Dohain bikain askoren berri ematen ari zaigu Eliza Garizuman zehar: bizi-egarria eta zorion-egarria asetzen duen ur bizia, gure giza bideak argitzen dizkigun argi pozgarria eta gaur, betiko bizira esnatzen gaituen askatasunezko oihu indartsua. Elizak jartzen digun katekesi hariari jarraitzen dionak, badu bere kristau bizitza argitzeko hausnargai franko. Esan dezakegu, egiaz esan ere, kristau bizitzaren askatasunari, poza eta itxaropena darizkiola itsasoka.

A zer kontenplazio-une gozo eta sakona aukeran jarri zaiguna. «Barnenetik zuri dagizut oihu, Jauna». Garizumak bistaratzen digun Jesusen ekintza, gizon-emakumeon sakonenera jotzen duen ekintza da. Guk heriotza, geure berrenenean baitaramagu. Eta Jesusen askatasunezko oihuak, bizirako deiak, hantxe entzunarazten du bere oihartzuna. Eta han, hilak sentitzen garen barru sakon eta barreneko hartan, Ebanjelioa biltzen duen mezua entzuten da: «Ni naiz biztuera eta bizia; Niregan sinesten duena, hilik ere, biziko da». Paregabea! Ikusgarria!

Une honetako kasua ez da hizkera ilun eta beltz baten bidez dena hila eta tristea ikustea. Baina, nik uste, Ezekiel profetaren hizkera erabiliz, hilobi bat daramagula geure barnean: hilobi horri dei diezaiokezu "tristura", "etsipena", "zentzurik gabe bizitzea", "nazka", "maitasun faltaren zuloa", "bakardade onartu gabea", "bazterttua sentitzea", "geure burua onartu ezina"... Nahi duzun bezala deitu, baina denok daramagu geure hilobia barrenenean. Ez al da egia? Eta hortxe hasten da biziarazten gaituen notizia: «Lazaro, atera zaitez kanpora».  Eta batek, eta fededunen elkarte osoak, Jesusen hitzaren indarra sumatzen du. Indar biziemalea. Indar biziarazlea. Indar ederra! Eta, zeure eguneroko bizigiroan eta ezinean eta larrialditan jarraitu beharko duzu, baina bizi zara! Bizi zara!

Eta non dago biziaren hitza?, galdetzen duzu. Garizuma burutzen duen aste honetan eta aste santuan ere garbi asko esango zaizu: Jesusen gurutzean daukazu biziaren hitza! Gurutze horretatik ematen zaizu San Paulok bigarren irakurgaian aipatu duen Espiritu biziarazlea. Eta Jesus berpiztu zuen Espiritu bera daukanak, Espirituaren bizia biziko du. Eta Espiritu hori sakramentuetan ematen zaizu. Egun batean Bataioan jaso genuen Espiritu huraxe berritzea da kontua! Eta Eukaristiak, Penitentziak eta beste sakramentuek Espirituaren esperientzia biziemailea berriztatu besterik ez dizute egiten.

Nik ez dakit, egia esatea nahi baduzu, zure Garizumak zer nolako argazkia eman dizun zeure buruaz, ez dakit. Baina, Jesu Kristo gure Jaunaren izenean, gonbite bat egin behar dizut: aste santurako falta zaizkigun egun hauetan, begira iezaiozu Gurutzeari. Begira eta kontenpla ezazu Gurutzeari darion barkaziozko eta bizi berrizko bakea. Eta han, begiratzearen begiratzez, ikus ezazu biziaren garaipena. Ikus ezazu nola gaitza eta heriotza atzera egiten hasiak diren. Ikus ezazu zure bokazioa bizirako bokazioa dela. Eta poztu zaitez. Eta pozaren baretasunez, bizi zaitez. Eta bizitzearen askatasunez, sor ezazu bizia zeure inguruan. Kontenplazio bete baten egunetan sartzen gara. Baina Gurutzea barne-gozatzeak ez lituzke ahaztuta utziarazi behar gure gizartearen minak eta ezinak. Hori gurutzetik ihes egitea izango litzateke.

Jesusek Martari egin zion galdera egin behar dizut, entzule adiskide: «Sinesten al duzu hori?». Galdera horri erantzuna emateko egokiera ezin hobea daukazu Eukaristia honetan. Hementxe gureganatzen zaigu Gurutzearen hitz ahaltsua. Jan dezagun  bizia eta bizi gaitezen! Eta aurrera egin aurretik, Martak bezala, aitor dezagun gure fede ederra!

FaLang translation system by Faboba