liturgi lagungarriak

Homilia bakarrik argitaratzen dut hemen, gainerako beste lagungarriak liburu batean argitaratu ditut-eta: Igandetik igandera A urtea. Han daude monizio guztiak eta Jainko-hertriaren otoitza).

 

HOMILIA
Senideok: Jainkoaren hitza entzuteak gogoeta une honetara ekarri gaitu. Eta geldiune labur batean, hitz honek guretzat daukan mezua jaso behar dugu. Bakoitzak berea, bakoitzak bizi dugun bizi-esperientzia ezberdina izanik. Eta Jainkoaren hitza esperientzia bakoitzari eskaintzen zaion argi izpia da.

Fededunok gogo onez jasotzen dugu Jainkoaren hitza. Hitz horren argiak pozten eta askatzen baitigu eguneroko bizitza. Bizitza askatu, bizitza poztu!... Izan ere giza bizitza oso latza da sarri. Ezbeharrak, ezusteak, sufrimendua, gaixoaldia, lana, lanik eza... eta denok sentitzen dugu askotan ezinaren zama astuna gainean. Eta bizitza nola libratu, nola poztu?

Jeremiasi ere ez zitzaion ba bizitza oso samurra tokatu gizajoari. Jainkoaren profeta izateko deiak erabat aldatu zizkion bizibideak. Dena atzekoz aurrera jarri zion Jainkoak. Profeta izan behar zuen. Hutsa, profeta eginkizuna ondo joan izan balitzaio. Baina, ez. Profeta bezala ere frakasoa izan zuen bere bizigiroa. Adiskideak kontra ditu. Denek profeta isilaraztea bilatzen dute. Izan ere, hitz mingarria eta ezerosoa jarri zion Jainkoak ahoan. Jainkoarekiko zintzotasunak honetaraino ekarri zuen.

Zure bizitzan ere ez al duzu zenbaitetan tankera honetako esperientzia aurkitzen? Ustez ondo ari zara gauzak egiten. Baina zergatik da hain ulerkaitza gure biziera hau? Zergatik gertatzen zaizkigu gertatzen zaizkigunak? Fededun izatearen konpromisoa ere lanbide eta bihaleku bihurtzen zaigu. Honela ordaintzen al ditu Jainkoak fededunen ahaleginak? Eta, egia da, zenbait iluntzetan, eguna amaitzean, zeure lanaren eta entregaren sentiduaz eta zergatiaz galdetzen duzu. Egiten dituzunak eginda, zer irabazten duzu, disgustua eta zenbait begirada oker izan ezik?

Orduan, barrura sartu eta gaurko ebanjelio zatia entzuten duzu. «Ez izan beldurrik». Nahi al duzu berriz esatea? «Ez izan beldurrik, gizona. Ez izan beldurrik, emakumea». Ez diogu ezeri beldurrik izan behar. Kalte egin diezaguketenei ere ez. Okerrenera jota ere, zer kalte egin diezagukete? Zauritu, baztertu, izen ona kutsatu... hil? «Ez izan beldurrik gorputza hiltzen dutenei». Mundu honetan egin diezaguketen kaltea hortxe amaitzen da. Eta mesedez entzun iezazkidazu hurrengo hitz hauek: «Ez al dira txanpon batean saltzen bi txori? Eta haietako bakar bat ere ez da lurrera erortzen, zuen Aitaren baimenik gabe. Zuen buruko ile guztiak ere kontaturik daude. Beraz, ez izan beldurrik; txori guztiak baino gehiago zarete zuek».

Egia da, gure lanik handienetakoa, gure beldurrak ezkutatzea izaten dugula. Umeak aitor dezake beldur dela. Baina, hortik aurrera, nekez. Beldurra sentitzeak lotsatu egiten gaitu. Gaztetan eta heldualdian, ez daukagu beldurrik izateko eskubiderik. Zahartzaroan, beharbada, berriro ere barruko egia nagusietara itzul gaitezke. Denok daukagu beldurra. Denok dauzkagu beldurrak. Bakoitzak bereak. Zeren beldur bizi naiz une honetan? Zergatik gorde gure beldurrak? «Ez izan beldurrik» esaten digu Jesusek bakoitzari.

Hitz horien eta hitz horien araberako bizieraren azpian, maitasun ikusgarri baten segurantzia dago. Sinesten al dugu maitasuna? Sinesten al dugu baduela gure bizitzak arduratzen zaionik? Sinesten al dugu Jainko Aitaren eskuetan bizi garela? Gertaera bat bera erabat ezberdin irakurtzen da, maitasunetik izan edo maitasun ezetik izan. Eta guk maitasunaren irakurketa askatzailea daukagu eskuetan eta bihotzean. San Paulorena kontuan hartu al duzu? «Baten bekatuaz guztiak hil badira, askoz ugariago zabaldu da guztientzat Jainkoaren grazia eta dohaina, gizon bakarrari esker, Jesu Kristori esker, alegia». Jesu Kristoren misterioak eskuratu digu oinarrizko maitasunaren segurantzia.

Hori horrela esanda, onenean ulertuko diozu Jeremiasi honako hau esan duenean: «Nerekin daukat Jauna, gudari indartsu. Ez zaizkit etsaiak gailenduko». Beltz dihoakio bizitza Jeremiasi, baina hala ere badu bere esperantza zertan oinarritua. Badu oinarria. Eta bere profeta eginkizunari sendo eutsiko dio. Beste era batera, Jesusek esan duena: «Gizakien aurrean nire alde ateratzen denak, bere alde izango nau ni ere». Beldurra kendu zaigunez, uste onenaz joan gaitezke gure giza eta fede-eginkizunera, jakinik, maitatu gaituenak eusten digula eskutik.

Agian esango didazu, ez zaiola asko antz ematen eusten diguten ala ez. Baina, ez gara ba baietzean gelditu maitasuna sinesten duzun galdetu dizudanean? Maitasuna sinesteak ez dizkigu sufrimenduak eta zailtasunak kenduko, baina, eta berriro hasierara gatoz, bizia libratu egiten dizu. Bizia askatu eta poztu. Badakit, horrek ez dizkizu adiskideak ugarituko. Horrek ez dizkizu iluntzetako zalantzak ezkutatuko. Baina, bai bakardadean bai zalantzan, oinarri segurua sentituko duzu zeure oinazpian. Maitasun baten gainean eraikia sentituko duzu zure bizitza.

Orain uler dezakezu ederki asko zertarako den igandea. Beldurrik ez izateko. Hastera goazen aste berriari beldurra kentzeko eta maitasunaren oinarria emateko. Igandeko ospaketak maitasunaren segurantzia ematen baitigu. Orain ospatzera goazen otorduak ere maitasunaren segurantzia emango digu. Gure bihotzak bere sakonenetik entzungo du, «ez izan beldurrik». Eta beldurraren kilima sentituko dugu behin baino gehiagotan. Baina, igandeko hitza etorriko zaigu bihotz ertzera esanez, «ez izan beldurrik». Eta ez dugu beldurrik izango.

FaLang translation system by Faboba