liturgi lagungarriak

Homilia bakarrik argitaratzen dut hemen, gainerako beste lagungarriak liburu batean argitaratu ditut-eta: Igandetik igandera A urtea. Han daude monizio guztiak eta Jainko-hertriaren otoitza).

HOMILIA

 

«Ni nor naizela diozue?», izan zen joan zen igandean, Apostoluen aitormena sorrarazi zuen galdera. Eta ezaguna zaigu Pedroren erantzuna: «Zu Mesias zara, Jainko biziaren Semea». Pedrok ulertu zuen Jesusen misterioa. Pedrok ulertu zuen Jesus hark erantzun behar ziela Israel herriaren uste eta amets guztiei. Gauzak nola diren! Gaurko Ebanjelio-zatian agertzen zaigun Pedro honek ez du ulertzen. Zer ez du ulertzen Pedrok? Ba, zera: Mesias dela, bai, baina Mesias-izatea gurutze-bidetik burutu behar duela, hori ez zaio inolatan ere onartzekoa iruditzen. «Zu Mesias zara» esan zuenean, Pedrok esan nahi zion: Zuk askatuko duzu Israel herria, zuk berrituko dituzu gure herriaren oinarriak, zuk indartuko duzu herri hau, herri morroitu eta zapaldu honen esperantzari askatasun-leiho berriak irekiko dizkiozu... Eta Jesusek baietz esan bai, baina hori dena gurutzeko misterio ulertezin horretan gertatuko dela esaten dionean; askatasuna emango duela, baina horretarako berak lotua eta gaitzetsia eta hila eta izan behar duela esaten duenean, kitto!, Pedrok ez du ulertzen eta, areago, ez du onartzen.

Baina, bidea horixe da. Pedroren jarrera horrekin ez genuke gehiegi harritu behar. Esadazu, adiskide, ez al da berez harritzekoa eta erabat txokatzekoa, mesiastasun-bideak gurutze bidean egizta daitezkeela esatea! Izango ez da ba! Mesias eta hila! Mesias eta lotua! Mesias eta hankapean! Hori horratio ez da normala izango!

Zer gertatzen da? Gu haragiz eta hezurrez gaudela eginak, besterik ez. Gure pentsamoldeak giza mailakoak direla. Eta uste dugula Jainkoaren bideak ere gureen antzekoak direla. Eta ez: «Zure gogoetak ez dira Jainkoarenak». Eta aurrekoan Jesusen aitorle bezala txalotua Pedro, gaur, Pedro bera erorbide bezala paretik kendua!

Gaurko ebanjelio-zati hau entzuteko, bihotz sendoak behar dira. Bizitzaren laztasunari aurre egiteko prest dauden bihotzak, sufrimenduari ihes egiten ez dioten bihotzak. Eta ez naiz ari inoiz gure bizitzan sortzen diren edo sor daitezkeen sufrimendu bereziez. Eguneroko sufrimendu arruntaz ari naiz: konpondu ezin ditugun famili arazoak, luze dihoazkigun gaixotasunak, familia egunero aurrera ateratzea, askotan bakardadea bizi beharra, sikologi arazoak, fuitu gutxiko ahalegin saiatuak... gure bizitzari egunero sortzen  eta sartzen zaizkion arantzak, alegia.

Pedroren ulertu-ezina ez da batere harritzekoa. Zaila baita biak uztartzea: alde batetik, zoriontsu izan nahia eta, bestetik, geure buruari uko egitea. Teoriaz badakigu zoriontsu izateko, geuretik atera beharra daukagula, egoismoak ez baitu zorionik sortzen. Baina, gero, praktikan, zoriontsu izan nahiak geure buruari begiratzera eramaten gaitu. Hainbestetan, gure kristau-bizitzan sakrifizioa eta lepoa makurtzea eta jarri zaizkigu portabide! Horregatik, halako azterketa serioa egin beharra daukagu… zoriontsu izateko, kontua ez da gauzei uko egitea edo sakrifizioa; ezta ere, beti atsegin-bila itolarrian ibiltzea.

Zoriontsu izateak bi irizpide baditu berekin, ahaztu ezin ditugunak, gauzak ongi izatekotan:
- Bata da errealitatearen irizpidea. Zoriontsu izan nahi duenak, ezin diezaioke ihes egin eguneroko bizitzaren errealitate zailari. Eta horrek esan nahi du, eguneroko bizitzak dakartzan uko egitea, laztasuna eta ondoeza onartu egin behar direla. Bihar askotxok hasiko duen lana, esate baterako. Zoriontsu izan nahi duenak eguneroko errealitateari heldu behar dio, eta ez ihes egin. Eta horrek uko egitea esan nahiko du, seguru asko. Bizitzaren laztasuna bizi daiteke arrastaka, gogo txarrez. Edota bizi daiteke, heldutasunera daraman gizabide bezala, gure ibilbidea Jaunaren eskuetan dagoela sinetsiz. Eta badako alde ederra batetik bestera!
- Eta bigarren irizpidea, maitasunarena da. Maitasunak dena aldatzen du. Norbaiten ilusioz bizitzeak dena ezberdin egiten digu. Maite dugunean, badakigu merezi duela inoiz gaizki pasatu beharra ere. Esate baterako, bere semea asko maite duen ama batek, badaki seme hori gaixo daukanean, merezi duela gaizki pasatzea seme hori sendatzeko. Goizeko ordu txikietan lanerako jaikitzen den aita batek badaki, bere familiak merezi duela sufritzea.

Eta izan ere, ulergarri gerta edo ulertezin gerta, hor dago betirako bidea egina: gurutze-bidea, heriotzarainoko zerbitzu erabatekoa, obedientziaren isiltasun mirabea! Galtzea irabazbide dela inoiz probatu ez duenak, zaila dauka era honetako zoriona gozatzea! Egia da, sufrimendua datorkigunean, Pedrori sortu zitzaion jarrera bera sortzen zaigu, onartu-ezina!  Zergatik da hori horrela? Jainkoak ez al zitzakeen gauzak beste era batetara egin? Eta «liluratua sentitzen da bat», Jeremias bezala engainatua. Jainkoagandik halako gauzak espero genituen: berrituko gintuela, gure amets onak aurrera eramaten lagunduko zigula, Berak ez zuela utziko inolako nahigabe eta ezusterik gertatzen eta, bai zera! Jainkoaren erreinuak ez du guk nahi eta uste bezala jokatzen. Jainkoaren erreinua Jesusen heriotzean mamitu eta gertatu da. Eta beti eliztarren, fededunen, menpekotasun heriotzarainokoan gertatzen da. Beti!

Eta fededun izan nahi duenak, bere fedea heriotzaraino eramateko prest egon behar du. Seguru asko ez zaizu eta ez zaigu tokatuko gurutze batean edo fletxaz josiak hiltzerik. Baina, eguneroko zerbitzu apal eta txikian, eguneroko maitasun-hitz isilean, lagun hurkoari egunero adiskidetasunezko eupada gozoak emanez, beti besteen ona eta mesedea bilatuz... hitz batean, beti geure buruaz ahaztuz, geuregandik ateraz, horrelako eguneroko heriotzeraino prest egon behar du gure fedeak. San Paulok esan digu: «Eskain itzazue zuen buruak, opari bizi, santu eta atsegingarri Jainkoarentzat; hori da zuen egiazko gurtza».

Galdetu ezazu, zer sentidu ematen diogun eguneroko bizitzaren sufrimendu eta laztasunari. Zaila dela hori? Pedrori bezala guri ere gogorra gertatzen zaigula? Bai horixe! Baina ez dago beste zorion-biderik. Eta Jesusek Aitarengan indar hartzen zuen bezala, guk ere Eukaristian indar hartu behar dugu. Eukaristiak ulertaraziko dizkigu Ebanjelioko bideak.

FaLang translation system by Faboba