berriak

Irailaren 16an Arantzazuk “Xavier Álvarez de Eulate” Pintura-Lehiaketako V. ekitaldia hartuko du

Arantzazuko Basilikako beirateen egile den Xavier Álvarez de Eulateren ibilbide artistikoa aintzat hartzea eta egindako lanari omenaldia egitea izango da datorren irailaren 16an, larunbata, Arantzazuko Adiskideak elkarteak eta Arantzazu Gaur Fundazioak aurten bosgarrenez antolatu duten pintura-lehiaketako xede nagusia.

“Xavier Álvarez de Eulate” Pintura-Lehiaketako V. ekitaldian nahi duten guztiek hartu ahal izango dute parte, hiru kategoria baitaude: helduena (16 urtetik gorakoak), gazteena (12 eta 16 urte bitartekoak) eta haurrena (11 urte artekoak). Lehiakideek Arantzazuko Santutegiko edozein zoko, paisaia edo monumentu margotu ahal izango dute, eta teknika librea baliatuz sortutako lan bakarra aurkeztu.

Zigilatzea eta izen-ematea Arantzazuko Gandiaga Topagunea kultur zentroan egingo dira 10.00etatik 12.00etara, eta obrak 16.00etatik 17.00etara entregatu beharko dira leku berean eta sinadurarik gabe. Arte-munduko profesional desberdinez osatutako epaimahaiak erabakiko du nortzuk izango diren irabazleak. Helduen kategoriako lehen saridunak 1.500€ eta diploma lortuko ditu, bigarrenak 750€ eta diploma, eta hirugarrenak 400€ eta diploma. Gazteen eta haurren kategorietako lehen eta bigarren irabazleek pintura-material sorta bana eskuratuko dute.

Saritutako koadroak eta lehiaketara aurkeztutako besteak ere ikusgai izango dira urriaren 7tik 29ra bitartean Gandiaga Topagunea kultur zentroan. Erakusketa asteburuetan eta jai-egunetan egongo da zabalik 11.00etatik 14.00etara, eta sarrera doakoa izango da.

Izena aurretik eman nahi dutenek Helbide elektroniko hau spam roboten kontra babestuta dago. JavaScript aktibatuta eduki behar duzu hau ikusteko. posta elektronikora idatz dezakete edota 943-716575 telefono-zenbakira deitu.

Bederatziurrena 2017. Mezako testuak

 
 
Andre Mariaren Bederratziurrena gainean dugu. PDF honetan, Bederatziurreneko Meza-testu guztiak eskaintzen ditugu. Arantzazuko Andre Mariaren bederatziurrena egiten dutenentzat lagungarri izatea da gure asmoa eta gogoa.

"Idazkera ederraren artea" kaligrafia-erakusketa ikusgai izango da Arantzazun uztailaren 14tik aurrera

2015az geroztik diziplina kaligrafikoaren erreferentzia-gune den Arantzazuk hirugarrenez hartuko ditu, Gandiaga Topagunea kultur zentroan, Kaligrafia-Jardunaldiak. Aurreko bi ekitaldiek izan zuten arrakasta dela-eta, “Arantzazu Letraz gunea” antolatzaileak (Arantzazu Gaur Fundazioak Euskal Herriko Unibertsitateko Diseinu Grafikoaren eta Tipografiaren Talde Ikertzaile “Letraz”-ekin sinaturiko kolaborazioko hitzarmenaren ondorioz eratutako proiektua bera) programa osatu du, eta ekintza desberdinak prestatu, eskuzko idazkeraren gainean geroz eta interes handiagoa erakusten duen publikoaren jakin-mina asetzeko asmoz.

Arantzazuko Kaligrafia-Jardunaldien hirugarren ekitaldiak dakarren berrikuntza handiena kaligrafia eta euskal poesia uztartu dituen ekimen berezia eta aurretik inoiz egin gabekoa da, Kaligrafia Arantzazun: idazkera ederraren artea izeneko erakusketan gorpuztu dena. Uztailaren 14an, ostirala, 20.00etan, ateak zabalduko dituen erakusketako bilduma osatzeko, nazioarteko kaligrafiaren hamahiru ordezkari ospetsuenetakoenek eskuz izkiriatu dituzte Salbatore Mitxelenaren Arantzazu: euskal-sinismenaren poema (1949) liburuan jasotako zenbait poema. Testu horiexek izango dira ikusgai, irailaren 17a arte, Gandiaga Topagunea kultur zentroan. Proposamen bikaina eta bakarra da, zinez, izan ere, profesionalek kaligrafiatutako euskarazko poemak aurrenekoz erakutsiko zaizkio publikoari. Bisita-ordutegia honakoa da: larunbatetan, 11.00etatik 14.00etara eta 17.00etatik 19.00etara, eta igandeetan eta jaiegunetan, 11.00etatik 14.00etara. Ikusgai jarritako obra guztiak erakusketa-zentroan salgai izango den argitalpen ederrean jaso dira.

Letra erromatarraren inguruan antolatutako hirugarren Kaligrafia-Jardunaldiei uztailaren 14an emango zaie hasiera, 15.00etan, EHU-ko Diseinu Grafikoko irakasle Leire Fernández-ek eta Eduardo Herrera-k La letra romana, modelo de corrección óptica izenburupean eskainiko duten hitzaldiarekin. Ondoren, 2015ean bezala, Oriol Miró kaligrafo ospetsuaren eskutik kaligrafia-lantegia (Mayúsculas romanas) izango da, bi jardunaldiz. Azken bi ekintza horiek lantegian izena emanda dauden hogei lagunentzat dira bakarrik (orain ez da izena emateko aukerarik).

Arantzazuk, datorren maiatzaren 27an, Chillidaren Burdinezko Eguzkia haurrentzako lantegia eskainiko du Eduardo Chillidaren obra plastikoa haurrei ezagutarazteko

Arantzazu Gaur Fundazioak, Donostiako Maushaus estudioarekin eta Arantzazuko Adiskideak elkartearekin elkarlanean, datorren maiatzaren 27an, larunbata, goizeko 10.30etik 13.30era, 6 eta 11 urte bitarteko haurrei eskainitako lantegia antolatu du Arantzazun. Lantegi honen helburua da, bertan parte hartzen dutenek Eduardo Chillidaren (1924-2002) lanaren zuzeneko berri izatea, beraren lanetako baten ikerketa eta behaketa zuzena eginez, Basilikako ateena hain zuzen; baita berak bere lanbide luzean erabili zituen teknika batzuk praktikan jarriz ere.

Izen-ematea Helbide elektroniko hau spam roboten kontra babestuta dago. JavaScript aktibatuta eduki behar duzu hau ikusteko.helbidera idatziz edo 943 716 575 nahiz 662 181 353 telefono-zenbakietara deituz egin behar da. Parte-hartzaile bakoitzak 3 euro ordaindu beharko ditu eta 20 lagunentzako lekua izango da. Antolatzaileek datorren ekainaren 17an, larunbata, lantegia errepikatzeko asmoa dute.

Alex Txikon alpinistaren hitzaldia hartuko du Gandiaga Topaguneak maiatzaren 20an

Arantzazuko Adiskideak elkartearen eskutik eta Arantzazu Gaur Fundazioa eta Arantzazuko Parketxea laguntzaile izanik, datorren maiatzaren 20an, larunbata, Alex Txikon mendizale bizkaitarra, negu-garaian eta oxigenoaren laguntzarik gabe, Everest mendiko gailurrera iristeko ahaleginean duela hilabete gutxi bizi izandako muturreko esperientziaren gainean mintzatuko da Arantzazun. Hitzaldia, publiko zabalari eskainia, Gandiaga Topagunea kultur zentroan izango da, goizeko 11.00etan.

Santutegiko fraideen hurbilekoa da Txikon, izan ere, maiz etortzen da Arantzazura inguruko mendiek eskaintzen dizkioten erronka berrien bila, etorkizunean beste zenbait ekintza gogoangarri abian jarri ahal izateko entrenamendu gisa balio baitzaizkio. Everest-eko azken espedizioan zela mezu bidez komunikatu ohi zen frantziskotarrekin, eta halakoak kontatzen zizkien: “Haizea jasangaitza zen hegoaldeko mendi-lepoan, 7.950 metrora. Ezin genituen bi pauso baino gehiago eman lurrera erori gabe. […] Beherantz abiatu ginen. Norbu-ri eskatu nion, mesedez, jaitsieran lagundu ziezadan. Azkar mugitu ezean, gure bizitzek beste eszenatoki batera pasatzeko arriskua izango zuten. […] Rapelatzen hasi eta altuera nola galtzen genuen nabaritu nuen, baina ez nuen sudurra sentitzen, ezta eskuak ere. Pentsa, oinak! Gauez iritsi ginen, eta ezin izan nuen negarrik ere egin sentitzen nuen mina zela-eta”.

Nahiz eta Txikon-ek mundu-mailako ospea lortu zuen, besteak beste, 2016an Pakistango Nanga Parbat-eko gailurrera (8.128 m) neguan iritsi zen lehen mendigoizalea izateko meritua egin zuelako, Arantzazuko testigantza ez dago mendizaleei bakarrik eskainia, ezpada gizon grinatsu baten eta haren bizi-esperientziaren gainean jakiteko interesa duten lagun guztiei.

Xavier Álvarez de Eulateren “Paisaiak” erakusketa Donostiako Santa Mariako Basilikan

Arantzazuko Adiskideak elkarteak eta Arantzazu Gaur Fundazioak, Donostiako Santa Mariako Basilikarekin elkarlanean, apirilaren 25etik uztailaren 25era, Xavier Álvarez de Eulate (1919-2012) frantziskotarrak bere ibilbide artistikoan landutako Paisaiak seriea osatzen duten formatu handiko zein ertaineko zenbait obra ikusgai jarriko dituzte. Lan horietan, Arantzazuko Basilikako beirate koloretsuen egileak, molde figuratiboz zein abstraktuz, “zeru-zatitxo bilakatzeraino poetizatu zuen lurra” erakusketako komisario Edorta Kortadik adierazi bezalaxe. Erakusketa bisitatzeko ordutegia honakoa da: astelehenetik larunbatera, 11.00etatik 13.00etara eta 16.00etatik 19.00etara.

Xavier Álvarez de Eulate margolariaren erakusketa-katalogoa (2014-2017)

Xavier Álvarez de Eulate artista frantziskotarren margolanak oinarri izanik, 2014.az geroztik, urtero-urtero eta gaur egun arte, Donostiako Santa Mariako Basilikan antolatu diren lau pintura-erakusketetan publikoaren ikusgai jarri diren obrak jasotzen dituen katalogoa kaleratu berri du Edizio Frantziskotarrak argitaletxeak. Erakusketok Álvarez de Eulateren artea publikoari gerturatzeko asmoa eta margolari bezala zor zaion ospea aitortzeko xedea izan dute.

Edorta Kortadi arte-kritikoaren irizpideari jarraiki, Álvarez de Eulatek haren ibilbide plastikoan, formatu handian zein txikian, landu zituen serie desberdinetako laurekin osatu dituzte Arantzazuko Frantziskotarren Probintziak, Arantzazu Gaur Fundazioak eta Arantzazuko Adiskideak elkarteak publikoari erakutsitako bildumak. Lehen erakusketak autorearen hamalau Aurpegi Santu hartu zituen. 2015ean, Sasia sutan motibo biblikoaren hogeita bat interpretazio hautatu ziren. 2016. urtean, abstrakzio puruaren aldeko apustua eginez, Agerkunderako espazioak saileko hamasei margolan jarri ziren ikusgai; gogoetarako eta kontenplaziorako espazio koloretsuak horiek. Eta 2017ko erakusketak, apirilaren 25ean inauguratuko dena, Paisaiak saileko beste hamasei obra erakutsiko ditu.

Katalogo berriak, interesdunek eskuragarri dutena (www.edicionesfranciscanasarantzazu.com), Álvarez de Eulate kreatzaile prolifikoaren (eta umilaren) pintura-ekoizpeneko zati txiki bat baino ez du jasotzen. Haren katalogo osoak, margolanak eta eskulturak batuta, 600 lanetik gora hartzen ditu. Oparoa da ondarea. Arantzazutik, gogo betez, gizarteratzen jarraituko dena, gainera (arte-zirkuituetan ez nabarmentzeko artistak zuen borondatearen gainetik).

Abenduaren 17an eta 18an ate irekien ekitaldia Arantzazuko «Katedraletan», César Barrioren egoitza artistikoa ezagutzeko

Arantzazuko katedralakDatorren asteburuan, Arantzazuk ateak irekiko ditu Oteizak Arantzazuko «Katedralak» deitu zuen gunean, César Barrio margolariak egonaldi artistikoan (irailaren 25etik azaroaren 30ra) burutu dituen lanak aurkezteko.

César Barriok (Oviedo, 1971) aipatutako egonaldi artistikoa burutu du, ARS magazine aldizkarian portfolio bat argitaratzeko helburuarekin. Aldizkari hau arteari buruzko aldizkari nazionalen artean sonatuenetakoa da. Horretarako artistak bere lanaren ibilbide guztia dokumentatu du, lehen bozoetatik abiatu eta azken piezak osatu arte. Denak lan berriak dira, Arantzazuko paraje berdingabe honetan aldizkari horretarako egindakoak.

Egonaldi hau bururtzeko, abenduaren 17 eta 18an ate irekien ekitaldia eskainiko du, goizeko 11:00etatik arratsaldeko 17:00etara bitartean. Artista agurtu eta berarekin hitz egiteko aukera izango da.

Nikolas Segurolari omenaldia Gandiaga Topagunean

Azaroaren 26an, lagunek gorazarre egingo diote Nikolas Segurolari, Arantzazun, haren omenez argitaratu den Nikolas Segurola fraide, artzain eta bertsolari liburuaren aurkezpen-ekitaldian. EFArantzazu argitaletxeak argitara eman duen biografia-liburuaren aurkezpena Arantzazuko Gandiaga Topagunea kultur zentroan izango da larunbat honetan, goizeko 11.00etan, eta aurkezpen-ekitaldia bera baliatuz, Nikolasi omenaldia egingo zaio. Sebastian Lizaso eta Andoni Egaña izango dira bertsotan eta Oñatiko Ganbara abesbatza kantuan, besteak beste. Sarrera librea da.

“Laranja bat zaborretan” kultur diziplina anitzeko emanaldia izango da Arantzazun, azaroaren 19an, 18.00etan

Patxi Zubizarreta idazlearen “Laranja bat zaborretan” eleberrian oinarritutako errezitaldi piktoriko-musikala hartuko du Arantzazuko Gandiaga Topagunea kultur zentroak azaroaren 19an, larunbata, arratsaldeko 18.00etan. Egilearekin batera izango dira Felipe Barandiaran, esatari lanetan, eta Mintxo Cemillán marrazkilaria eta Pello Ramirez txelo-jotzailea hitzez adierazitakoa beren espresio-bideak baliatuz interpretatzeko.

Egungo errefuxiatuen eta etorkinen auziarekin estu lotua dago Kairon kokatua dagoen “Laranja bat zaborretan” liburuaren argumentua: hiru erlijio desberdinek beren hariak gurutzatzen dituzte, hautsi gabe, protagonisten joan-etorrietan. Liburua abegitasunaren aldeko aldarria da, eta Arantzazuko emanaldiak ikus-entzuleengan espiritu horixe bera piztea bilatuko du, zentzumenen dardarrez.

Euskara hutsean egingo den emanaldirako sarrera doakoa izango da, eta 120 lagunentzako lekua prestatuko da. Bertaratzeko asmoa dutenek etorriko direla baieztatzea gomendatzen da 943-716575 telefono-zenbakira deituz edo Helbide elektroniko hau spam roboten kontra babestuta dago. JavaScript aktibatuta eduki behar duzu hau ikusteko. posta elektronikora mezua idatziz.

FaLang translation system by Faboba

Agenda

ABUZTUA 2017
Al Ar Az Og Or Lr Ig
1
2
3
4
5
6
7
8
9
10
11
12
13
14
15
16
17
18
19
20
21
22
23
24
25
26
27
28
29
30
31
No upcoming event!