basilika

“Eraiki nahi dugun mendi-tenpluarentzat giro aproposa lortzeko
ezinbestean horma-irudiak, burdin forjatua,
egurra eta karea erabili behar ditugu”
Francisco Javier Sáenz de Oizaren eta Luis Laorgaren proiektuaren memoria

Francisco Javier Sáenz de Oiza eta Luis Laorga arkitektoak aukeratu zituzten aurreko Basilikaren gainean eraikin berria altxatzeko. Horretarako nahitaez erreparatu behar izan zioten erakuntza berriaren inguru geografikoari eta elizak bete beharreko funtzioei. Itxura gogorreko eta sendoko eliza izan zen emaitza, inguruan dituen mendiak bezalakoa, eta barrutik frantziskotarren anaidiak Ama Birjina gurtzeko eta Santutegira etorritako erromes kopuru handiari erantzuna emateko prestatu zuten.

Basilikaren barrualdean gurutze latinoko oinplanoa erabili zuten “eliza kristau batentzat egiazkoena” izateagatik. Zabaleran 17 metro, luzeran ia 30 eta 17 metro erdiko altuera dituen luzera-nabea egin zuten arkitektoek. Nabe horrek hamalau kapera ditu, zazpi alde bakoitzean. Zeharkako nabeak, berriz, 10 metro ditu zabaleran, 31 metro luzeran eta beste 20 metro altueran.

Koruak eta Ama Birjinaren kamarina altuera berdinean daude, luzera-nabeko parez pareko muturretan. Koruko lehen solairuak 117 aita eta 100 kantari hartzeko lekua zuen, eta bigarrenak 210 ikaslerentzat. Bi koru horien gainetik sabairaino dagoen espazioan organoa dago.

Ama Birjinaren kamarinari dagokionez, gipuzkoarrentzat zuen balio materiala eta afektiboa zela-eta, Sáenz de Oizak eta Laorgak aurreko elizan zegoen bezalaxe gordetzea erabaki zuten.

Santutegi berriaren kanpoaldea diseinatu zutenean ezinbestekotzat jo zuten eliz ataria egitea. Arantzazuko mendiko klima dela-eta, beharrezkoa ikusi zuten erromesek beren buruak eguraldi txarretik babesteko tokia izatea. Eliz atariak 36 metroko luzera du, 4 metroko zabalera eta 2 metro eta erdi altueran. Oinarrian zazpi euskarri ditu, eta horma du alde batean ataria ixteko.

Plaza zabalaren eta luzearen amaieran eraikin erraldoia ageri da, aurrealdean humanoide antzeko zaindariak dituena sarrera gordetzeko. Bi aldeetara dorre bana ditu, eta beste bat, pixka bat urrutiago ezkerreko aldean. Hirurak diamante forman landutako harriz eginak.

Eliza eraikitzeko erabili zituzten materialak kareharria, estalduretan egurra eta estrukturan hormigoi armatua izan ziren. Arkitektoen helburu nagusiena eraikina bera ingurura moldatzea zen. Haiek azaldu zuten moduan, “defenda liteke arbelez edota beste edozein material arrotzez jantzitako eliza, baina horiekin ez genuke sekula inguruarekin lotura kaskarra ere sortzerik lortuko. Ondo desberdindu behar da zer den benetako aberastasuna, handitasuna eta edertasuna eta zer tokian tokiko inguruarekin eta gaiarekin zerikusirik ez duen handikeria. Bikaina izan liteke marmola eta brontzea erabiltzea, baina kasu honetan mendian zehar paseoan ibiltzeko etiketa-jantzia aukeratzea bezain zentzugabea litzateke”.

FaLang translation system by Faboba

Gure cookieak eta hirugarrenenak erabiltzen ditugu helburu analitikoetarako eta publizitate pertsonalizatua erakusteko, zure nabigazio-ohituretan oinarrituta (adibidez, bisitatutako orrialdeak). Cookie guztiak onar ditzakezu "onartu" botoia sakatuz edo horiek konfiguratuz edo haien erabilera ukatuz "konfiguratu" botoia sakatuz. Informazio gehiago lor dezakezu edo, ondoren, doikuntzak aldatu gure Cookien politikan.