Bosgarren muraletik bederatzigarrenera honakoa da Basterretxeak adierazi zuena: mundura etorritako Kristo gizateria salbatzeko hil zen. Baina gizakientzat sakrifizioa ez zen nahikoa izan, eta beren bizitzarentzat beste soluzio baten bila jarraitu zuten. Hala, mesfidantza- eta angustia-egoerara eraman zituen ideologia materialistak sortu ziren. Elkarrengandik babesteko beharra zuelakoan, mundu erdia beste erdiaren kontra egiteko armaz hornitu zen.
Egoera horretan aurrera egiteko indarra eta babesa Aita Jainkoarengan aurki daitekeelako benetako lekukoa Eliza da. Aita Jainkoak gizakiak kreatu zituen, eta bere seme-alaba bihurtu, eta Jainko Semea horiek salbatzeko mundura bidali. Beldurra eta mundu honetarako lotura alde batera utzita, gizakiak jabetu dira gurutzearen garaipenak dakarrela benetako esperantza.
Mural honetan, gris- eta beltz-koloreko atzealdearen gainean, figura ahaltsu bat ageri da. Kristo gorri bat, maitasunaren nahiz suminaren koloreaz, buruaren inguruan aura zuria duela, egiaren eta araztasunaren sinbolo. Hasierako proiektuan Basterretxeak bizkarrez irudikatu zuen Kristo, gizakiekin haserre dagoen Jainkoaren mezua adierazteko. Jainkoak bere eskuetan dagoen guztia egin du, semea ere bidali du, baina gizakiak ez du kontuan hartu. Kristok berak sufritu du gehien, modu injustuan hil dute-eta, eta gizakien gaiztakeriak gogaitua bizkarra eman die damutuko direlakoan. Ikuspegi hori, kristau teologiarekin bat ez etortzeagatik, ez zuten onartu, eta horren ordez hasiera batean irudikatutako Kristori buelta eman zitzaion. Aurrez begiratzen dio sinestunari. Figura horrek hasierako Kristoren kolorea eta eskumuturrak gorde zituen, baina adierazten duen mezua guztiz kontrakoa da.