Xavier Álvarez de Eulateren “Paisaiak” erakusketa Donostiako Santa Mariako Basilikan

Arantzazuko Adiskideak elkarteak eta Arantzazu Gaur Fundazioak, Donostiako Santa Mariako Basilikarekin elkarlanean, apirilaren 25etik uztailaren 25era, Xavier Álvarez de Eulate (1919-2012) frantziskotarrak bere ibilbide artistikoan landutako Paisaiak seriea osatzen duten formatu handiko zein ertaineko zenbait obra ikusgai jarriko dituzte. Lan horietan, Arantzazuko Basilikako beirate koloretsuen egileak, molde figuratiboz zein abstraktuz, “zeru-zatitxo bilakatzeraino poetizatu zuen lurra” erakusketako komisario Edorta Kortadik adierazi bezalaxe. Erakusketa bisitatzeko ordutegia honakoa da: astelehenetik larunbatera, 11.00etatik 13.00etara eta 16.00etatik 19.00etara.

Xavier Álvarez de Eulate margolariaren erakusketa-katalogoa (2014-2017)

Xavier Álvarez de Eulate artista frantziskotarren margolanak oinarri izanik, 2014.az geroztik, urtero-urtero eta gaur egun arte, Donostiako Santa Mariako Basilikan antolatu diren lau pintura-erakusketetan publikoaren ikusgai jarri diren obrak jasotzen dituen katalogoa kaleratu berri du Edizio Frantziskotarrak argitaletxeak. Erakusketok Álvarez de Eulateren artea publikoari gerturatzeko asmoa eta margolari bezala zor zaion ospea aitortzeko xedea izan dute.

Edorta Kortadi arte-kritikoaren irizpideari jarraiki, Álvarez de Eulatek haren ibilbide plastikoan, formatu handian zein txikian, landu zituen serie desberdinetako laurekin osatu dituzte Arantzazuko Frantziskotarren Probintziak, Arantzazu Gaur Fundazioak eta Arantzazuko Adiskideak elkarteak publikoari erakutsitako bildumak. Lehen erakusketak autorearen hamalau Aurpegi Santu hartu zituen. 2015ean, Sasia sutan motibo biblikoaren hogeita bat interpretazio hautatu ziren. 2016. urtean, abstrakzio puruaren aldeko apustua eginez, Agerkunderako espazioak saileko hamasei margolan jarri ziren ikusgai; gogoetarako eta kontenplaziorako espazio koloretsuak horiek. Eta 2017ko erakusketak, apirilaren 25ean inauguratuko dena, Paisaiak saileko beste hamasei obra erakutsiko ditu.

Katalogo berriak, interesdunek eskuragarri dutena (www.edicionesfranciscanasarantzazu.com), Álvarez de Eulate kreatzaile prolifikoaren (eta umilaren) pintura-ekoizpeneko zati txiki bat baino ez du jasotzen. Haren katalogo osoak, margolanak eta eskulturak batuta, 600 lanetik gora hartzen ditu. Oparoa da ondarea. Arantzazutik, gogo betez, gizarteratzen jarraituko dena, gainera (arte-zirkuituetan ez nabarmentzeko artistak zuen borondatearen gainetik).

Abenduaren 17an eta 18an ate irekien ekitaldia Arantzazuko «Katedraletan», César Barrioren egoitza artistikoa ezagutzeko

Arantzazuko katedralakDatorren asteburuan, Arantzazuk ateak irekiko ditu Oteizak Arantzazuko «Katedralak» deitu zuen gunean, César Barrio margolariak egonaldi artistikoan (irailaren 25etik azaroaren 30ra) burutu dituen lanak aurkezteko.

César Barriok (Oviedo, 1971) aipatutako egonaldi artistikoa burutu du, ARS magazine aldizkarian portfolio bat argitaratzeko helburuarekin. Aldizkari hau arteari buruzko aldizkari nazionalen artean sonatuenetakoa da. Horretarako artistak bere lanaren ibilbide guztia dokumentatu du, lehen bozoetatik abiatu eta azken piezak osatu arte. Denak lan berriak dira, Arantzazuko paraje berdingabe honetan aldizkari horretarako egindakoak.

Egonaldi hau bururtzeko, abenduaren 17 eta 18an ate irekien ekitaldia eskainiko du, goizeko 11:00etatik arratsaldeko 17:00etara bitartean. Artista agurtu eta berarekin hitz egiteko aukera izango da.

Nikolas Segurolari omenaldia Gandiaga Topagunean

Azaroaren 26an, lagunek gorazarre egingo diote Nikolas Segurolari, Arantzazun, haren omenez argitaratu den Nikolas Segurola fraide, artzain eta bertsolari liburuaren aurkezpen-ekitaldian. EFArantzazu argitaletxeak argitara eman duen biografia-liburuaren aurkezpena Arantzazuko Gandiaga Topagunea kultur zentroan izango da larunbat honetan, goizeko 11.00etan, eta aurkezpen-ekitaldia bera baliatuz, Nikolasi omenaldia egingo zaio. Sebastian Lizaso eta Andoni Egaña izango dira bertsotan eta Oñatiko Ganbara abesbatza kantuan, besteak beste. Sarrera librea da.

“Laranja bat zaborretan” kultur diziplina anitzeko emanaldia izango da Arantzazun, azaroaren 19an, 18.00etan

Patxi Zubizarreta idazlearen “Laranja bat zaborretan” eleberrian oinarritutako errezitaldi piktoriko-musikala hartuko du Arantzazuko Gandiaga Topagunea kultur zentroak azaroaren 19an, larunbata, arratsaldeko 18.00etan. Egilearekin batera izango dira Felipe Barandiaran, esatari lanetan, eta Mintxo Cemillán marrazkilaria eta Pello Ramirez txelo-jotzailea hitzez adierazitakoa beren espresio-bideak baliatuz interpretatzeko.

Egungo errefuxiatuen eta etorkinen auziarekin estu lotua dago Kairon kokatua dagoen “Laranja bat zaborretan” liburuaren argumentua: hiru erlijio desberdinek beren hariak gurutzatzen dituzte, hautsi gabe, protagonisten joan-etorrietan. Liburua abegitasunaren aldeko aldarria da, eta Arantzazuko emanaldiak ikus-entzuleengan espiritu horixe bera piztea bilatuko du, zentzumenen dardarrez.

Euskara hutsean egingo den emanaldirako sarrera doakoa izango da, eta 120 lagunentzako lekua prestatuko da. Bertaratzeko asmoa dutenek etorriko direla baieztatzea gomendatzen da 943-716575 telefono-zenbakira deituz edo Helbide elektroniko hau spam roboten kontra babestuta dago. JavaScript aktibatuta eduki behar duzu hau ikusteko. posta elektronikora mezua idatziz.

FaLang translation system by Faboba

Agenda

APIRILA 2017
Al Ar Az Og Or Lr Ig
1
2
3
4
5
6
7
8
9
10
11
12
13
14
15
16
17
18
19
20
21
22
23
24
25
26
27
28
29
30
No upcoming event!