mendi-irteerak

Arantzazu, mendi-irteera, Orkatzategiko Haitzulo

Txangoak 5 ordu iraungo du eta 480 metro igotzen dituen 9 km-tako luzera du, “zailtasun ertain”tzat jotzen den ibilbidea delarik.

1. Arrikrutzeko aparkalekua. Oñatitik Arantzazura doan errepidearen erdibidean Araotz auzora eta Arrikrutzeko kobazuloetara daraman saihesbidea hartu behar da. Kobazuloetako aparkalekua ibilbidearen topalekua izango da.
2. Haitzulo. Araotz auzoaren inguruan Orkatzategirako igoera erakusten duen saihesbidea hartuko dugu. Ordu bete eskasean kobazulo famatu honetara helduko gara. Arantzazuko sakanaren panoramika ikusgarria eskaintzen du leku honek.
3. Orkatzategi. Beste ordu beteko igoeraren ondoren eta 250 metroko desnibela gaindituz, Zaraiako mendilerroko Orkatzategiko tontorrera helduko gara. Hemendik Urkuluko urtegiaren panoramika ederrenetakoaz gozatuko dugu Kurtzebarri, Gorbeia, Arangio, Anboto, Udalaitz eta Gorordo tontorrengatik inguratua. Orkatzategi gune megalitikoa da, halaber: lau tumulu eta trikuharri bat ditu.
4. Aitzgain. Tontorreko ekialdetik 20 minututan Aitzgaineko tontorrera iritsiko gara (726 m.). Bertan, Olateko zentral elektrikoa hornitzeko XX. mendearen hasieran eraikitako ur-presa dago kokatua.
5. Santa Krutzeko Ermita. Presatik ubidearen pistari jarraituko diogu. Altuera galdu gabe eta ordu bete eskasean 768 metrora kokatua dagoen ermita honetara helduko gara Ugastegiko muinoan, Aretxabaletaren eta Oñatiren mugan. Ibilbidean zehar Araotz auzoko panoramika ederrenetako batez gozatuko dugu.
6. Araotz. Ibilbidearen azken etapa da. 400 metroko desnibela jaitsiko dugu Oñatiko auzo mitiko honetara heldu arte. Aurretik Lope de Agirre esploratzailea jaio zen baserria ezagutuko dugu. Araotz Gipuzkoako bazterrik ezkutatuenetakoa da. Auzo txiki honetan, espeleologoek, paleontologoek eta eskalatzaileek jarri dituzte begiak. Historiak parada egiten du auzo honetan eta gerrillarien eta kontrabandisten babeslekua izan zela kontatzen digu.

FaLang translation system by Faboba