liturgi lagungarriak

Homilia bakarrik argitaratzen dut hemen, gainerako beste lagungarriak liburu batean argitaratu ditut-eta: Igandetik igandera A urtea. Han daude monizio guztiak eta Jainko-hertriaren otoitza).

HOMILIA
Argia dator, senideok, argia! «Ilunpetan zebilen herriak argi handia ikusi du». Jesusek Aitaren Erreinua eskaintzen du, gizon-emakumeon argi izango dena. Eta argiak aldaketa dakar berekin. Eta ez nolahalako aldaketa. Aldaketa sakona, zuztarrekoa. Jesusek dakarren Erreinuak barru-barrutik ukitzen gaitu. Erreinurako deia luzatzen zaigu, hartu nahi badugu.

Pedro eta Andres, Santiago eta Joan, hantxe zebiltzan betiko betikoan. Egunerokoari eusten. Bizitza aurrera ateratzen. Beren gurasoek egin zutena egiten. Aurrekoek egin zutena errepikatzen. Bizi egin behar. Ezkondu, familia hazi, bizitzari atsegintxo batzuk aletu, etorkizuna pixka bat argitu, hil... Ez zeukaten beste munduko amets handirik. Baina, Jesus hurbiltzen zaie ustekabeko egun hartan: «Etorri nirekin, eta giza arrantzale egingo zaituztet». Eta sekulako aldaketa gertatu da. Dena utzi eta ondoren dihoazkio. Seguru asko, aurretik ere sentituko zuten barruan zerbait. Ez ziren eguneroko bizitza aspertuan erabat eroso sentituko. Zerbait berria beharko zuten. Baina, parera datorkien aldaketa ez da nolanahikoa.

Zer gertatu da? Jesus azaldu dela, besterik ez. Eta Jesusekin Erreinua dator. «Bihotz-berri zaitezte. Hurbil da Jainkoaren Erreinua». Jesusek, gizakien bizigiroa erabat aldatzen duen Erreinua dakar, Aitaren Erreinua. Eta kuriosoa: ez dator orduko erlijio-zentruetatik, ez dator giro egokienetatik. Galileatik dator. Alderdi paganoenetik. Israeldar zintzoek asko maite ez zuten lurralde ilunetik. Horretan ere, garai hartako eskemak hankaz gora jartzen ditu Jesusek. Argia dator, eta argiak dena sustrai-sustraitik berritzen du. Argia datorrenean ezin joka daiteke argirik ez dagoenean bezala. Bizitza aldatu egiten da. Eta aldatu, ez gutxi alajaina! Erabat. Bihotz-berritzea eskatzen duen aldaketa da. Ez da azalekoa. Ikasleek sakon-sakoneko eraberritzea bezala bizi izan zuten une hura: ordurarteko biziera utzi egiten dute eta Jesusi atxikitzen zaizkio erabat. Horrelako aldaketa dakar Jesusek. Erreinuaren aldaketa!

Eta gaur zer? Hitz hau gaurkoa da, dudarik gabe. Gaur entzuten dugu: «Etorri eta giza arrantzale egingo zaituztet». Zuk eta nik entzuten dugu dei hau. «Hurbil da Jainkoaren Erreinua». Hitz honek ezer mugitzen al digu barruan? Ala lehenean uzten gaitu patxada ederrean? Gaur, zure itsas-ertzera Jesus dator. Zeuretik atera nahi zaitu. Zure bizitzari bestelako ibilbideak eskaini nahi dizkio. Zure bizitza aldatu egin nahi du. Sakon aldatu. Ez al duzu deia entzuten? Nola erantzun behar diozu? Lasai gelditzen al zara, fededun arrunta izanez? Pedrok eta egin zutena egitera ausartzen ez zarelako, triste gelditzen al zara lehenean? Zure bizitzari berrialdia emateko ilusioa galdu al duzu? Ezer berririk ez al diozu espero zure bizitzari? Ni ez naiz inor zure bizitzan sartzeko, noski; baina, pena da. Zu bezalako pertsona bat, aldatzeko prest ez egotea, pena da!

Izan ere, ez da bizimoduz aldatzea eskatzen zaizuna. Ez da, eskuartean daukazun guztia utzi eta beste zerbaitetan hastea. Normalean ez da hori. Aldaketaren barruko esperientzia eskatzen zaizu. Ez da biziera kanpotik aldatzea, barrutik baino. Egiten duzuna, egin; baina beste era batera. Egiten duzuna eginez Jesusi jarraitu behar diozu. Eta segizio hori da berritu beharrekoa. Eguneroko bizitza arruntean izan behar dugu jarraitzaile. Izan ere, eguneroko biziera arruntean Erreinurako deia entzuteko kapazitatea galdu baldin baduzu, zure fedeak bere indarra galdu du. Jesusekiko maitasuna eguneroko bizitzan erakutsi behar dugu. Eguneroko gauza txikietan.

Prest al zaude aldaketarako? Prest al zaude Jesusek egiten dizun deia entzuteko? Zure segurantzak utzi, eta prest al zaude Jainkoaren ibilbide berrian sartzeko? Jainkoari utzi nahi al diozu zure bizitza gidatzen? Jesus bezala prest jarri nahi al duzu, Jainkoak nahi duena egin diezazun? Zerk eragozten digu Jesusen segizioan joatea? Zerk lotzen gaitu? Askotan asko kostatzen zaigu, lotzen gaituzten kate horiek ebakitzea, ezta? Gauzak aldatu nahi izaten ditugu, egia da: geure irudia pixka bat iluntzen diguten gauzak. Baina, hori ez da kontua. Kontua da, Jesusi jarraitzea uzten ez digun hori aurkitzea. Eta ebakitzea. Zure ontzia itsasertzean lotzen duen hori aurkitu, ebaki, eta Jesusen Erreinuko itsasbarrura abiatzea. Hori da egin beharrekoa.

Gero zer gertatuko den? Zer gertatuko da, ba? Erreinua! Argia! Galileako ilunpetan bezala, zure alderdi ilunetan ere argia piztuko dela. Eta argiak bizipoza sortzen du. Argiak sentidua sortzen du, bizitzeko sentidua. Zer gertatuko den? Zure inguruan ere argia sortuko duzula. Zure inguruan ere, bizitzeko sentidua sortuko duzula. Beldurra ematen dizu. Baina, zergatik? Zeure bizitza lasai bizitzen jarraitu nahi al duzu? Berriari heltzeak izutu egiten al zaitu? Eguneroko sistema seguruaren loturak etetea askotxo kostatzen da, bai! Baina, Jesusen deia indartsua da, erakarlea, ederra. Eta gure bizitza bizi egin nahi dugu. Eta Jesusek eskaintzen digun biziera hori da edertzaileena, ederrena. Inork sekula egin ez duen aldaketa sortu nahi du Jesusek. Eta zu aukeratu zaitu horretarako!

Benga!, jar zaitez prest. Esaiozu baietz. Esaiozu zure eguneroko bizitza segizio-esperientzian bizi nahi duzula. Zure eguneroko segurantza lasaiak hankaz gora jartzeko prest zaudela. Prest zaudela maitasun-esperientzia berria bizitzeko pobreekin. Prest zaudela Berri Onaren argia nonahitan pizteko. Prest zaudela, lokarriak etenik, Ebanjelioaren bideetan aurrera egiteko. Eta ikusiko duzu!: gauza ederrik bada, eta ez gutxi. Horrelakorik ez da besterik! Jesusi jarraitzea esperientzia paregabea da! Eguneroko bizitza txikian gertatzen den esperientzia paregabea! Zuri eskaintzen zaizuna.

Goazen Eukaristia ospatzera. Jan dezagun aldaketaren ogia. Berri dezagun fededun guztiok Jesusen segizioan lotzen gaituen fedea!

FaLang translation system by Faboba