berriak

“Erretaulan dauden formen esanahiagatik galdetzen badiote berorri,
erantzun diezaie bakea irudikatzen dutela”.
Lucio Muñoz

Lucio Muñoz hautatu zuten, Carlos Pascual de Lararen heriotzaren ondoren, Arantzazuko Basilikaren absidea dekoratzeko. Muñoz, margolaria zena, egurrean egindako lanengatik egin zen ospetsu. Mihiseak ez bezala, egurrak material gisa “urratzea, marratzea eta horren kontra borrokatzea” ahalbidetzen zion, eta haren erliebeak espresio artistikorako beharrezkoa zuen dimentsioa ematen. Francisco Javier Sáenz de Oiza arkitektoak Muñozen lanaren goreneko emozio espirituala nabarmendu zuen: “Etenaldiaren eta barne-isiltasunaren maitale honek koadro bakoitzarekin zabalik dagoen leihoa irudikatzen dio berak asmatu duen natura artifialaz eta inposibleaz nekatua dagoen ikusleari. Leiho horrek bere burua berriz ere aurkitzeko aukera ematen dio”.

Muñozek ordu luzez erreparatu zion Santutegiko paisaiari, eta sortu zuen absidea inguru hartako bake-giroaren erakuslea da. Gauza guztien gainetik Ama Birjinaren irudia nabarmendu nahi izan zuen. “Horretarako ulertzeko errazak diren sinboloak erabili ditut, nahiz eta ez dudan kanon klasikoetan oinarrituriko ikuspegi figuratiboa islatu nahi izan. Narrazioa bigarren mailan utzi dut sinesduna ez distraitzeko eta haren kontzentrazio-gaitasunean ez eragiteko. Ama Birjina, sentitu bakarrik ez, ulertu ere egin dezan giro egokia sortu nahi izan dut”.

Zizelkatutako eta polikromatutako egurrez egindako seiehun metroko absidean hiru gune desberdindu daitezke. Beheko aldean eta alboetan gora lurrari dagokion gunea jarri zuen Muñozek. “Arantzazuko eta Gipuzkoako lurraren espiritua jasotzeko kolore opakuzko eta isileko forma malkartsuak dira”. Zati horrek kamarina inguratzen du, eta egileak hortxe zizelkatu zuen sakonenen egurra eta kolore “arina, baina biolentoa” erabili.

Gora eginez tonu urdinetan dekoraturiko gunea ageri da. Ama Birjinaren irudia agertzeak ekarri zuen miraria irudikatu nahi izan zuen artistak kolore horren bidez. Konposizioaren goranzko erritmoari jarraiki, tonu urdinak gune ilunagoekin nahasten dira goialdera heldu arte. Hirugarren zati horretan argitasuna da nagusi. Kristok dakarren egiaren garaipena irudikatu zuen Muñozek goialdeko urdinaz.

Absidearen konposizioak bi interpretazio izan ditzake. Lehena, Muñozek tonu ilunak jarri zituen beheko aldean agerraldiaren miraria gertatu aurretiko lehortea, gosea, liskarra eta gertaerak sinbolizatzeko. Kamarinaren goialdean koloreek argitzera egiten dute. Gerra amaitu da, euriak hasi du, eta modu biolentoak baretu dira. Bakea eta lasaitasuna heldu zaizkie, azkenik, euskal herritarrei. Bigarren interpretazioari erreparatuz, Kristo iritsi zen arte mundua iluntasunean eta bekatuan bizi zen. Ama Birjinak aldaketa-momentua irudikatzen du. Ama Birjinatik jaio zen Jesukristo, bekatuaren garailea eta gizakion salbatzailea. Kamarina dagoen lekutik gora tonu urdinak agertzen hasten dira, gaizkiarekin borrokan oraindik, goialdeko urdin-kolorera heldu arte. Horrek egiaren garaipena adierazten du.

Lucio Muñoz 1929ko abenduaren 27an jaio zen Madrilen. Madrilgo errealismoaren ordezkari honek San Fernandoko Arte Ederretako Eskolan ikasi zuen. Frantziako gobernuak beka eman zion, eta 1956an Parisera joan zen bizitzara. Bertan “Art Autre” izeneko mugimendua ezagutu zuen, eta horrek abstrakzioagatiko interesa piztu zion. Hala, errealismotik informalismora egin zuen. Mihisea egurragatik, erretako paperengatik eta hondakin-materialengatik aldatu zuen. 1962an Arantzazuko Basilikako absidea dekoratzeko murala egin zuen, eta geroago, 1968 inguruan, hasi zen haren etapa errealistena. 80. hamarkadan egurra erabiltzen hasi zen berriz ere bere lanetan. Hark sortutako mural esanguratsuenen artean, Arantzazuko erretaulaz gain, Madrilgo Barajasko aireporturako eta Indubán eraikinerako eta Burgosko Cordón Etxeko sabairako egindakoak aipatu behar dira.

Carlos Pascual de Lara Madrilen jaio zen 1920ko otsailaren 10ean. Haren obra Vallecasko eta Madrilgo Eskolan eta Espainiako 50. hamarkadako korronte muralistaren barruan kokatu zen. Oinarri piktorikotik abiatu zen arren, Henry Mooren eskultura-lanen antzeko obrak egitera iritsi zen. Eragin izugarria izan zuen ilustrazioaren berritzean aldizkari literarioen, artistikoen eta prentsaren bidez. Bere sormen-produkzioaren beste alderdi bat pintura erlijiosoarena izan zen. Oso gazte hil zen arren, artista emankorra izan zen oso, eta Madrilgo eliza, parrokia eta basilika askotarako artelanak egin zituen.

“Euskaldun apalenak
egunero egiten duen bide espirituala
irudikatu nahi izan dut absidean”.
Carlos Pascual de Lara

Carlos Pascual de Lararen absideak, “kolore-tonu sutsu- eta argitsu-sortaren bidez”, batu nahi izan zituen frantziskotarren ordenaren eta Santutegiko ezaugarri historikoak Ama Birjinaren gai biblikoarekin eta eukaristiaren instituzioarekin amaitu zen salbazioaren historian izan zuen paperarekin. Honekin guztiarekin egilea “sintesi kosmiko-eukaristiko-marianora” iritsi nahi izan zen.

Bere amaitu gabeko proiektuan gaiak hiru gunetan banatu zituen. Beheko zatian eta Ama Birjinaren kamarina dagoen lekuan Rodrigo de Balzategi artzaina irudikatu zuen agerraldia dela-eta harriturik. Kamarina inguratzen duen elorri handitik agertzen da artzaina. Erdialdean eta kamarinaren gainaldean Azken Afariak Eukaristia irudikatzen du, eta horren denaren goiko aldean Birjinaren irudia eliza guztiaren buru da. Aingeru-koru bat eskuineko eta ezkerreko aldeak bereizteko eta lotzeko darabil, aldi berean, artistak. Beheko aldeko ezker alboan oinaztarren eta ganboatarren arteko batailak jaso zituen. Gora datozela preso hartutako fraideak, martiriak, suteak eta frantziskotarren misio-ekintzak ageri dira, eta kamarinerantz, beherantz doazela, erromesak. Eskubiko alboan Basilika berriaren eraikuntza irudikatu zuen. Horren behealdean San Frantzisko dago, eliza haren sorbalden gainean altxatuko balu bezala. Gai hori inguratuz kamarinerantz doan erromes- eta marinel-taldea dago, eta goikaldean bakeari eta lanari erreferentzia egiten dion konposizioa.

Larak gauzatu beharreko lan honen zirriborroa Santutegiko klaustroan dago.

1952 urtearen erdialdera, Francisco Javier Sáenz de Oiza eta Luis Laorga arkitektoek, Pablo Lete Probintzialaren onespenaz, Arantzazuko Basilikaren pintura-dekorazioaren egiletza erabakitzeko lehiaketan parte hartzeko gonbita egin zieten zenbait artistari. Obrarik egokiena hautatzeko ardura Sáenz de Oiza eta Laorga beraiek, Jorge Oteiza eskultoreak, Secundino Zuazo arkitektoak eta Daniel Vázquez margolariak izan zuten. Bi azken horiek Madrilgo San Fernando akademiako kideak ziren. Lehiaketan parte hartu zuten hamar zirriborroetatik bi bakarrik jo zituzten, aho batez, proiektua gauzatzeko mailadun: Carlos Pascual de Lararena eta Nestor Basterretxearena. Larak absidea eta Basterretxeak kripta dekoratuko zutela erabaki zuten. 1953ko urtarrilean jakinarazi zieten erabakia artistei.

Basilika berriaren eraikuntza amaitu baino zenbait hilabete lehenago, 1955eko udan, Erromatik heldu zen Donostiako Gotzainak, Jaime Font Andreuk, urte bete aurrerago hartutako erabakia konfirmatu zuen agindua: Santutegiko dekorazioa debekatu zuten ezarritako kanon artistikoei erantzuten ez ziolako. Artistek ez zuten agindua onartzea beste irtenbiderik izan.

Urteek aurrera egin zuten debekuari soluziorik eman gabe 1961ean amaitu gabe utzitako absidea dekoratzeko maila nazionaleko lehiaketa iragarri zen arte. Lara 1958an hil zen, eta beste artista baten lana hautatu beharra zegoen. Joera askotako berrogeita bi proiektu aurkeztu zituzten, izan ere, deialdian jasotakoaren arabera, “lehiaketako baldintzek ez dute ezinbestean eskatzen pintzel-lana, baizik eta eskultura, burdin forjatua, mosaikoa, argiak nahasten dituen joko artistikoak eta era askotako obra mistoak ere onartuko dira”. Aho batez erabaki zuten lehen saria eta artelanaren enkargua Madrilgo Lucio Muñozi ematea. 1962ko urriaren 28an inauguratu zen Basilika berriko absidea.

FaLang translation system by Faboba

Agenda

URTARRILA 2018
Al Ar Az Og Or Lr Ig
1
2
3
4
5
6
7
8
9
10
11
12
13
14
15
16
17
18
19
20
21
22
23
24
25
26
27
28
29
30
31
No upcoming event!