Berriro Adiskideen Buletina
Denbora dezente eman dugu zuei bidaltzeko buletinaz ahazturik. Ahazturik ez, egia esateko; baina osatu gabe bai. Bitarte honetan arazoak izan ditugu, egiturak aldatu ere bai; eta adiskideekiko lotura hau ez dugu landu. Barkazioa eskatuz hasi behar.
Baina, berriro ere bagatoz, eta asmo onez, noski. Urtean hiru-lau bat aldiz buletin hau osatu eta zuei bidaltzeko asmoz onez. Izan ere, ezinbestekoa ikusten dugu zuekin harremanetan egotea eta harreman hori gero eta gehiago indartzea.
Gu erabat konbentzituta gaude adiskideen laguntzak ez digula huts egingo. Eta laguntza hori beharko dugu, behar dugu. Arantzazuren etorkizunari leihoak gizartera irekitzekotan, adiskideak izango ditugu gure lotura eta gure giltza. Zuek zaituztegu gizartearekin dugun harremanik gertukoena eta biziena, horretan ez daukagu zalantzarik.
Bestelako laguntzak ere beharko ditugu, puntualagoak. Buletin honetan bertan, azken atalean, zehazten dizkizuegu horietako batzuk. Eta gehiago ere izango dira. Arantzazun egiten diren eta egin nahi diren gauza askori bizitasuna ematekotan, zuen laguntza behar dugu.
Garai batean Arantzazuk lotura estua zuen Arantzazu aldizkaria kobratzen ibiltzen ziren fraideen bidez; lehenago, berriz, etxez etxe eskean ibiltzen zirenen bidez. Gaur, herri bakoitzean adiskideak behar ditugu Arantzazu herriratzeko eta jendeari Arantzazurekin harremanetan eusteko.
Hori bideratu ahal izateko, buletin honek bere eginkizuna garbi dauka: adiskideei Arantzazuko informazioa ematea eta haiekiko lotura estu mantentzea. Hori dela eta, eta zuen harrera ona gure alde dugula oharturik, buletina zintzo bidaliko dizuegu.
Arantzazuko berriak
Arantzazu Eguna 2013
Arantzazuko Adiskideak elkarteak eta Arantzazu Gaur Fundazioak antolatua, maiatzaren 5ean III. Arantzazu Eguna izan zen. Aurtengo jaialdiak Arantzazuko Seminarioan ikasle izandako ehundik gora lagun bildu zituen, oraindik ere beren bihotzetan Arantzazuren sentimendua gordetzen dutenak. Arantzazuren iraganari, orainari eta etorkizunari buruzko hitzaldia entzuteko elkartu ziren denak Seminarioa izandako eraikinean, egun Gandiaga Topagunea kultur zentro bihurtu dena. Familia-argazkia egin ondoren, bazkari atsegin batek aspaldian ikusi gabeko ikaskideekin pasatako garaiak gogoratzeko aukera eman zien, baita Seminariotik pasatako beste zenbait ikaslerekin antzeko bizipenak partekatzekoa ere.
Batzar Orokorra
Ekainaren 22an Arantzazuko Adiskideak elkarteak bere urteroko Batzar Nagusia egin zuen. Bilera horretan 2012ko memoria eta diru-kontuak onartu ziren, baita 2013rako proposatutako aurrekontuak eta proiektuak ere. 2012an gauzatutakoen artean nabarmentzekoa da Lucio Muñozen omenezko jardunaldia, Basilikako absidea amaitu zuela 50. urteurrena betetzen zela-eta. Antonio López artistak parte hartu zuen ekitaldian. 2013an gero eta parte-hartzaile gehiago dituzten mendi-irteerei jarraipena emango zaie.
Arestiren eskuizkribua entregatzea
Uztailaren 4an Arantzazuko Gandiaga Topagunean ekitaldi berezia izan zen. Gabriel Arestiren Harrizko herri hau liburuaren eskuizkribua bere alargunari itzuli zitzaion. 40 urte zeramazkien Arantzazuko artxiboan.
1970ean argitaratu zen liburua, eta haren editore Enrique Villar-ek eskuizkribua Santutegiko Candido Zubizarreta artxibozainari eman zion. Geroztik, frantziskotarrek gorde izan dute. Orain familiak poetaren obraren corpus guztia leku bakarrean gordetzeko borondatea du, eta eskuizkribua eskatu dute. Frantziskotarrek beren nahia ulertu dute, eta poetari egindako omenaldi-jardunaldian, familiaren eskuetara itzuli dute eskuizkribua. Kontuan izan behar da Gabriel Arestik erlazio estua izan zuela zenbait fraiderekin eta Arantzazurekin. Penaz, baina, aldi berean, gogo onez, eskuizkribua entregatu dute ikertzaileek original horiek gizartearen onurarako erabili ahal ditzaten.
Batzuk
·“Arantzazu, Afrikarekiko topaleku”. Pasa den ekainaren 8an TAU Fundazioak eta Arantzazuko Adiskideak elkarteak Arantzazu Afrikarekiko topaleku bihurtu zuten. Zinearen, musikaren eta antzerkiaren bidez, kontinente beltza ezagutzera eman nahi izan zuten, eta Europa eta Afrika artean dagoen desberdintasun-egoera aldatzeko kontzientzia soziala piztu.
·Arantzazuko sarrerako kapera. Iaztik eta Arantzazuko Adiskideak elkartearen laguntza ekonomikoari esker, Arantzazuko sarrerako kaperak itxura berria du. Berritzea beharrekoa zuen. Beharrezko konponketak eginda, merezi du gerturatzea eta duen itxura ederra mirestea.
·Arantzazu ari da. Udaberrian Arantzazuk ekintza askoren leku izaten jarraitu du. Arantzazu Gaur Fundazioaren eskutik, haurrei eskainitako arkitekturako bi lantegi izan dira, Basilika nola eraiki zen hobeto ulertzera bideratuak, eta natura islatzen ikasteko argazkilaritza-ikastaroa. Asis Sareak bere urteroko topaketa ospatu zuen Javier Unanueren hitzaldiarekin, eta Javier Garridok bila dabiltzan pertsonei eskainitako ikastarozikloa osatu du.
Mendi-irteera bereziak
Arantzazuko Adiskideak elkarteak ondorengo hilabeteetarako antolatu dituen mendi-irteerak honakoak dira: uztailaren 20an, Aloña; irailaren 15ean, SekilagaZurkurtz; eta urriaren 13an, Oñati-Arrikrutz-Arantzazu. Uztailaren 20an Aloñara egingo den irteera da bereziki nabarmentzekoa, ilunsentian egingo delako Arantzazuz eta bere inguruaz eguna itzaltzen denean gozatu ahal izateko. Aurten zeruak baimena ematen badu, ilunabarra ikusi eta izar-identifikazioa egingo da aditu baten laguntzaz.
Urria arteko agenda
Uda honetako agendan azpimarratuko ditugun ekintzak honakoak dira:
·Uztailean, Debagoienako XIV. Jardunaldi Gastronomikoak.
·Uztaila eta abuztua bitartean, Arantzazuko Asis Topagunean gogo-jadunak izango dira: Teresa Iribarnegaray, Mikel Hernansanz, Javier Garrido eta beste batzuk. Aukera paregabea da gelditzeko, eta bizitzaren berezko norabideei erreparatzeko.
·Abuztuaren 26an, Donostiako Musika Hamabostaldiak urtero eskaintzen duen kontzertua. Aurten Ainhoa Arteta etorriko da. Urtero bezala, egun handia izango da Arantzazurentzat. Goi-mailako kultur ekitaldia da.
Laguntza eskatzen
Aurrena esan dezagun, aspalditxotik ari dela talde bat Arantzazuren alde lanean. Hilean behin, larunbatez, Arantzazura etorri eta inguruak garbitzen ematen dute eguna adiskide hauek. Lan estimagarria eta eskertzekoa egiten ari dira. Arantzazu garbi eduki nahi genuke hona biltzen diren erromes eta turistentzat. Hauentzat, beraz, gure esker ona eta gure txaloa. Estimatua dago zuen lan eskerga.
Hori esanda, lanerako jendea eskatu behar dugu gaur ere. Zer lanetarako? Begira:
• Arantzazu garbitzeko lanean ari den taldeak kide gehiago balitu, banaketa aringarriagoa egin genezake, hilean behin etorri beharrean, bi hilabetetik behin edo etortzeko. Talde desberdinak osatzeko jendea beharko litzateke, noski. Lan zaila ez da, baina egin beharrekoa.
• Beste lan bat martxan jarri nahi duguna da, Web orri berria mantendu eta lantzea. Une honetan Adiskideen Web orri berria eraikitzen ari gara, baina gauza jakina da Wen orri hori noizbehinka janaritzen eta berritzen ez bada, ez dela ezertarako izaten. Alor honetan aditurik seguru badela adiskideen artean. Boluntario batzuk behar ditugu.
• Eta beste lan inportantea da Arantzazurekiko harremana mantentzea. Herri bakoitzean nahi genuke eta behar genuke Arantzazuren alde lan egingo duen jendea. Batzuetan sortzen dira berriak eta berri horiek herri guztietara iritsiarazi nahi izaten ditugu, baina biderik gabe aurkitzen gara. Herri bakoitzean edukiko bagenu ordezkari bat, oso erraza izango litzateke Arantzazuko berriak edo adierazi nahi diren beste gauzak herri guztietara zabaltzea. Hau ere ez da lan zaila eta handia, baina balio handikoa bai. Gertaera baten kartelak banatu nahi direla, deialdi bat egin nahi dela, adiskideen laguntza gabe ez zaigu erraza gertatzen.
Lan baterako edo besterako prest leudekeenak aski dute Arantzazura deitzea. Orrialde honen beheko aldean hortxe dauzkazue gurekin harremanetan jartzeko bideak. Horietako edozeinek balio du. Zain gelditzen gara itxaropentsu.