ELKARrEKIN BILA proiektua abian
Azken Buletinean ezagutzera eman genizuen proiektu sozial berri bat hastera zihoala Arantzazu, ELKARrEKIN BILA izenekoa. Proiektu horrek bilatzen du zokoraketa-arriskuan aurkitzen diren pertsona eta taldeei hiru eguneko txangoa eskaintzea Arantzazun. Aisialdirako eta, ahal den neurrian, kulturarako izango da egonaldia.
Zehazki, Arantzazuk bere aukerak eskaintzen dizkie talde hauei: Santutegia eta Parketxea bisitatzea, bide egokitua eta Gomiztegi, Arrikrutzeko haitzuloak, Oñati bisitatzea, mendi-irteerak, Urkuluko urtegi inguruan arratsalde-pasa, koruen kontzertuak, arteeta natura-lantegiak... Talde bakoitzak gustukoen duena aukeratzen du ekitaldi hauen artean eta hiru eguneko programa zehatza antolatzen da.
Aurten 9 talde etorriko dira Arantzazura: sei Gipuzkoatik (Atzegi, Betania, Laguntza Etxea, Hurkoa, Programa gitano eta Inclusión Bergara), bi Bizkaiatik (Iralako Jantokia y Bizitegi) eta bat Arabatik (Bizitza Berria). Orain arte bi talde pasatu dira bederatzi hauetatik, Iralako Jantokia eta Atzegi. Benetan pozik itzuli dira, hiru egun zoragarri igaro eta gero.
Proiektu hau Santutegiko Kontseilu Pastoralak diseinatua da, beharrezko ikusi baitzuen sozial arloan aurrera-pauso bat eman behar genuela, gizartean hainbeste behar daudenean. Arantzazuk talde hauen zerbitzura jartzen du Asis Topagunea etxea eta proiektuaren %20a finantzatzen du. Bi koordinatzaile boluntario daude taldeez arduratzeko, baita ekitaldi bakoitzerako laguntzaileak ere.
Proiektua finantzatzeko, frantziskotarrez gain, Eusko Jaurlaritzak laguntza ederra eman du, subentzio bidez. Garizuma eta Ostegun Santuz, jendeari laguntza ekonomikoa eskatu zaio. Eta aitortu behar dugu, benetan bihotz-zabala izan dela jendea. Ilusio handiz ari gara proiektua bizitzen Arantzazun.
Arantzazuko berriak
Inkunablea ikusgai
Arantzazuko Santutegiak, Arantzazuko Adiskideak elkartearen laguntzaz, 1495eko San Agustinen inkunable bat (1453 eta 1500 urteen artean inprimatutako liburua) berrizatu berri du bere edukia digitalizatu ahal izateko. Azpimarratu beharrekoa da Arantzazuko Liburutegiak beren pareten artean gordetzen eta kontserbatzen duen altxorra. Izan ere, Gipuzkoan dauden 169 inkunableetatik 107 Arantzazurenak dira. Balio kalkulaezina duten obra hauek behar bezala daude gordeak, eta ezin ditu inork ikusi, ez ikutu, ez bada, ikerketa berezia egiten ari delako, inkunablearen paperarekin zuzeneko kontaktua behar duen lagunen batek baimena eskatu duelako. Inkunable bakoitzaren kopia digitalizatua dago beharreko informazioa kontsultatzeko.
Liburu honen inguruan hiru ekintza biltzen dituen “Liburua, arimaren ispilu” programa prestatu da maiatzerako eta ekainerako. Lehena, horren liburu berezia eta aintzinakoa begien aurrean ikusteko ezohiko aukera ematea izango da. Inkunablea ikusgai izango da Gandiaga Topagunea kultur zentroan maiatzaren 1etik 25era, larunbatetan, igandeetan eta jaiegunetan, 11.00etatik 14.00etara eta 17.00etatik 19.00etara. Programatutako bigarren ekintza Xabier Egaña artistaren Liburua, bigarren irakurketa izeneko eskultura-erakusketa da. Arantzazuko Ama Birjinaren kamarineko muralen egileak, bere liburutegiko liburuak hartu ditu artematerial gisa eta berriz ere interpretatu eta moldatu ditu sorrarazi izan dioten plazerra nahiz etsipena adierazteko. Brut art eta povera artearen iturrietatik edaten duen erakusketa, inkunablea ikusgai izango den egun eta ordu berdinetan egongo da zabalik Gandiaga Topagunean. Maiatzaren 10ean eta 24an, 12.00etan eta
18.00etan, artistak doako bisita gidatua egingo die bertaratutakoei, ikustaldia modu aberasgarriagoan aprobetxatu dezaten.
Hirugarren ekintza Arantzazuko komentuak maiatzaren 31tik ekainaren 29ra, larunbatetan, igandeetan eta jaiegunetan, hartuko duen liburu-azoka izango da. Edizio Frantziskotarren argitapenak izango dira salgai azokan. Ordu arte berrizatutako inkunablea ikusteko paradarik izan ez dutenek, azken aukera izango dute azoka luzatu bitartean, izan ere, komentuko klaustroan ikusgai izango da Arantzazuko Liburutegian dagokion lekuan betiko gorde artean.
Eulateren Aurpegi Santuen erakusketa
Donostiako Santa Maria Basilikak Xavier Álvarez de Eulate margolariaren Aurpegi Santuak saileko hamalau obra hartu ditu, martxoaren 7tik apirilaren 27ra. Edorta Kortadi komisario bezala izan duen erakusketak harrera ederra izan du, eta Arantzazuko beirateen egilearen arte figuratiboa nahi abstraktoa Gipuzkoako publikoari gerturatzeko balio izan du.
Mendi-irteerak
2014ko programak, sei mendi-irteerez osatuak, lehena pasa den apirilaren 13an egin zuen Duruko lapiazera. Datozen hilabeteetarako antolatutako ibilbideak tematikoak izango dira. Horrenbestez, maiatzaren 11n taldea osatzen duten lagunek Uraren bidea egingo dute, eta uraren jatorriari eta erabilerari buruz gehiago jakiteko aukeran izango dira. Ekainaren 15eko irteerak, berriz, petroglifoen gaia landuko du taldea Pin Pilerako bidean doala. Beti bezala, taldeak goizeko 9.00etan ekingo dio bideari Parketxetik.
Txerri-jaiari eskainitako jardunaldia
Mendi-irteerak antolatzen dituen taldeak urteari amaiera emateko prestatzen duen mikopoteo-jardunaldi arrakastatsua gogoan izanik, pasa den otsailaren 22an antzeko ekintza prestatu zen baina txerria protagonista izanik. Ehun bat lagun etorri ziren hitzaldia eta Arantzazuko jatetxeek prestatutako pintxo-dastaketa batu zituen jardunaldiaz gozatzera.
Arantzazu, Afrikarekiko topagune
Tau Fundazioak lanean dihardu urtero bezala Afrika Arantzazura gerturatzeko. Gandiaga Topagunean ekainaren 7an leku izango duen Arantzazu, Afrikarekiko topaleku 2014 jardunaldia prestatzen ari da egun hauetan. Gaia iazkoa izango da, eta programak ere ildo berari jarraituko dio: hitzaldia, zine-foruma, mahai-ingurua eta argazki-erakusketak Afrikan emakumeak duen egoeraren inguruan.
Mantenimendu taldearen lana
Ezin eskertuzkoa da, zinez, Arantzazura hilean behin edo bitan lan desberdinetan aritzeko etortzen den taldearen laguntza. Taldearen hurrengo hitzordua, etorri nahi duenarentzat deialdi irekia da, maiatzaren 10a, larunbata, izango da, goizeko 9.30ean, Arantzazuko Santutegia Hoteleko kafetegian. Zenbat eta gehiago izan, ordua eta hobeto.
Eulate, argi handi bat! lantegia
Arantzazu Gaur Fundazioak, Arantzazuko Adiskideak elkartearen laguntzaz, apirilaren 26an Eulate, argi handi bat! 6 eta 11 urte bitarteko haurrei eskainitako lantegiaren lehen saioa egin zuen, harrera ederrarekin. Ez zen leku bakarra ere gelditu. Maushaus arkitekturaestudioak eskainitako lantegiaren xedea haurrek Xavier Álvarez de Eulateren obra plastikoa ezagutzea eta argiak eta koloreak gune baten eraldaketan duten eragina ulertzea da. Lantegi honen bigarren saioa ekainaren 21ean izango da.
Ibilaldia 2014
Ospatuberri dugu Aste Santua Arantzazun. Beti bezala, seriotasun eta sakontasun handiz, gure baliabide eta ahalbide guztiak misterioaren eta erromesen zerbitzura ipiniz.
Azken urte dezentetan bezala, aurten ere Erramu Igandearen bezperan, Elizbarrutiko Ibilaldia 2014 izan da Santutegian. Oñatin goizeko 9:30etan abiatu ohi da eta oinez Santutegira, eguerdiko 12:00ak aldera iristeko. Ondoren otoitzaldi laburra egiten da eliz barruan, 12:20 aldera amaitzeko. Hogei minutuko atsedenaldia eta 12:40tan denak autobusetara, etxerako bideari ekiteko.
Aurtengo Ibilaldiko gogoeta eta otoitza gidatu duen gaia, Aita Santu Frantziskok azaroan emandako aholku apostolikoa izan da, Evangelii Gaudium izenekoa. Pozaren gaia, bai maila pertsonalean, elizakoan eta gizartekoan planteatua.
Ibilaldian osagai desberdinak txirikordatzen dira: musika, isiltasuna, kantuak, poemak, bertsoak (aurten Aitor Mendiluze), gogoeta (Iñaki Beristainek zuzendua), otoitza... Ibilaldia oso serioa izan ohi da, eta aurtengoa ere halaxe izan da, jendeak benetan eta era bizian parte hartuz.
Jendearen aldetik kopuruak ez dira garai batekoak. 1.500en bat aurten. Arantzazutik atsedenalditxo bat hartzea proposatu izan dugu, Ibilaldia pixka bat bakanduz, baina Elizbarrutiko gidariek ez dute horrela ikusten. Eta frantziskotarrek Ibilaldia ilusioz eta kalitatez antolatzen jarraitzen dute.
Hurrena arte, besarkada.