berriak
“Eraiki nahi dugun mendi-tenpluarentzat giro aproposa lortzeko
ezinbestean horma-irudiak, burdin forjatua,
egurra eta karea erabili behar ditugu”
Francisco Javier Sáenz de Oizaren eta Luis Laorgaren proiektuaren memoria
Francisco Javier Sáenz de Oiza eta Luis Laorga arkitektoak aukeratu zituzten aurreko Basilikaren gainean eraikin berria altxatzeko. Horretarako nahitaez erreparatu behar izan zioten erakuntza berriaren inguru geografikoari eta elizak bete beharreko funtzioei. Itxura gogorreko eta sendoko eliza izan zen emaitza, inguruan dituen mendiak bezalakoa, eta barrutik frantziskotarren anaidiak Ama Birjina gurtzeko eta Santutegira etorritako erromes kopuru handiari erantzuna emateko prestatu zuten.
Basilikaren barrualdean gurutze latinoko oinplanoa erabili zuten “eliza kristau batentzat egiazkoena” izateagatik. Zabaleran 17 metro, luzeran ia 30 eta 17 metro erdiko altuera dituen luzera-nabea egin zuten arkitektoek. Nabe horrek hamalau kapera ditu, zazpi alde bakoitzean. Zeharkako nabeak, berriz, 10 metro ditu zabaleran, 31 metro luzeran eta beste 20 metro altueran.
Koruak eta Ama Birjinaren kamarina altuera berdinean daude, luzera-nabeko parez pareko muturretan. Koruko lehen solairuak 117 aita eta 100 kantari hartzeko lekua zuen, eta bigarrenak 210 ikaslerentzat. Bi koru horien gainetik sabairaino dagoen espazioan organoa dago.
Ama Birjinaren kamarinari dagokionez, gipuzkoarrentzat zuen balio materiala eta afektiboa zela-eta, Sáenz de Oizak eta Laorgak aurreko elizan zegoen bezalaxe gordetzea erabaki zuten.
Santutegi berriaren kanpoaldea diseinatu zutenean ezinbestekotzat jo zuten eliz ataria egitea. Arantzazuko mendiko klima dela-eta, beharrezkoa ikusi zuten erromesek beren buruak eguraldi txarretik babesteko tokia izatea. Eliz atariak 36 metroko luzera du, 4 metroko zabalera eta 2 metro eta erdi altueran. Oinarrian zazpi euskarri ditu, eta horma du alde batean ataria ixteko.
Plaza zabalaren eta luzearen amaieran eraikin erraldoia ageri da, aurrealdean humanoide antzeko zaindariak dituena sarrera gordetzeko. Bi aldeetara dorre bana ditu, eta beste bat, pixka bat urrutiago ezkerreko aldean. Hirurak diamante forman landutako harriz eginak.
Eliza eraikitzeko erabili zituzten materialak kareharria, estalduretan egurra eta estrukturan hormigoi armatua izan ziren. Arkitektoen helburu nagusiena eraikina bera ingurura moldatzea zen. Haiek azaldu zuten moduan, “defenda liteke arbelez edota beste edozein material arrotzez jantzitako eliza, baina horiekin ez genuke sekula inguruarekin lotura kaskarra ere sortzerik lortuko. Ondo desberdindu behar da zer den benetako aberastasuna, handitasuna eta edertasuna eta zer tokian tokiko inguruarekin eta gaiarekin zerikusirik ez duen handikeria. Bikaina izan liteke marmola eta brontzea erabiltzea, baina kasu honetan mendian zehar paseoan ibiltzeko etiketa-jantzia aukeratzea bezain zentzugabea litzateke”.
Luis Laorga 1919an jaio zen Madrilen, eta XX. mende erdialdean haren diziplinari berrikuntza-bultzada eman zion arkitekto azpimarragarria da. Proiektu askotan Francisco Javier Sáenz de Oiza ospetsuarekin bat egin zuen lan. Horien artean nabarmendu beharrekoak dira Arantzazuko Basilika eta Madrilgo Mesedetako Andre Mariaren Basilika Hispanoamerikarra. Bai Laorga eta baita Sáenz de Oiza ere 50. hamarkadan sormen arkitektonikoko abangoardiaren buru izan zen Madrilgo Arkitektura Eskolako ordezkari nagusiak izan ziren.
Francisco Javier Sáenz de Oiza 1918ko urriaren 12an jaio zen Casedan (Nafarroa) eta XX. mende erdialdeko arkitektura espainarraren ordezkari esanguratsuenetarikoa da. Madrilgo Arkitektura Eskolan lizentziatu zen 1946an, eta bertan espediente akademiko onenaren saria irabazi. Arte Ederretako Akademiak beka eman zion haren ikasketak Estatu Batuetan jarraitzeko. Itzuli zenean Madrilgo Arkitektura eskolan Osasungarritasuneko eta Higieneko irakasle izan zen, eta geroago Proiektuak irakasgaiakoa. 1968an irakasgai horretako katedra lortu zuen, eta eskolako zuzendaria izan zen 1981 eta 1983 bitartean.
Irakaskuntza- eta arkitektura-lana batera egin zituen. Arkitekto bezala izandako ibilbideak gerraosteko historizismoa gainditu zuen eta arrazionalismorantz eta organizismorantz egin. Bere obren artean nabarmendu beharrekoak dira Arantzazuko Basilika, Madrilgo Dorre Zuriak, Bilbao Bankuko Dorrea eta Juan Carlos I.a azoka-barrutiko pabilioaiak eta Altzuzako Oteiza Museoa Nafarroan. 1989an Espainiako Arkitektuen Kontseilu Goreneko Urrezko Domina eman zioten eta 1993an Arteetako Asturiasko Printzea Saria.
Gure cookieak eta hirugarrenenak erabiltzen ditugu helburu analitikoetarako eta publizitate pertsonalizatua erakusteko, zure nabigazio-ohituretan oinarrituta (adibidez, bisitatutako orrialdeak). Cookie guztiak onar ditzakezu "onartu" botoia sakatuz edo horiek konfiguratuz edo haien erabilera ukatuz "konfiguratu" botoia sakatuz. Informazio gehiago lor dezakezu edo, ondoren, doikuntzak aldatu gure Cookien politikan.