Frantziskotarrek (herrian «Arantzazuko fraideak» esaten zaie) Andre Mariaren ondoan iraun dute bost mendez (1501). Fraideak izan ez balira, seguru asko, leku hau une bateko pasadizoa izango zen.
Fraideek babestu zuten irudia eta, une larrietan, herriaren sinesmena. Andre Mariak, herriak eta fraideen anaiarteak egin dute Arantzazuko historia. Pietatea, ebanjelizazioa eta kultura eskutik helduta ibili dira beti. Azken aldian ere, frantziskotarrek eutsi diote euskal literaturaren etengabeko tradizioari, ikertzaile, idazle eta olerkari handiak sortuz. Arantzazuko liburutegia erreferentzi puntu inportantea da herri honen historia eta literatura ezagutzeko.
Elkarte erlijioso batek, bere giza muga guztiekin, barrualdera egiten duen bizimoldea, gordean gelditu ohi da. Isilean otoitz egiten duen anaia, edo aitortzak entzuten ari dena, edo erromes zauritu bati bere ardura eskaintzen diona... Indar gorde hori da, eguneroko leialtasun hori, kanpoko lana eta ahalegina biziarazten eta sustatzen duena.
Egia da, garai bateko bokazio askoko urteekin alderatuz, anaidia oso gutxira etorri dela. Hala ere, duintasunez zaintzen ditu oraindik ere santutegiko ospakizunak, era askotako hitzaldiz ebanjelizatzen jarraitzen du (predikazioa, helduen pastoraltza, irratia, telebista...) eta oraindik orain «Asis Topagunea» izeneko gogartetxea berritu du, erretiro-egunetarako edo gogoetarako eskaintza anitzak eginez.
Bere xumetasunean, indarrik onenak erromesen zerbitzuan ematen ditu Arantzazuko elakrteak. Etxeko lanak, gaixoak zaintzea, aldizkaria idaztea, unibertsitatean klaseak ematea, mojei laguntza ematea, bilerak, erromesaldia, bederatziurrena, kantua, otoitza... Anaiarte batek bere barruan bizi dezakeen jarduera anitza bizi da Arantzazun.