berriak
“Emakumea, esperantzaz haurdun zegoena gurutzearen oinarrian,
haur eder batez erditu da.
Horrek adierazten du modu fisikoan eta materialean mundu berria iritsi dela”.
Xabier Egaña
Xabier Egañarentzat artelana ez da garrantzitsua bere teknikarengatik edota edertasunagatik, ezpada mezu zehatza adieraztea ahalbidetzen duen zeinuen multzoa delako. Egañak Arantzazuko Ama Birjinaren kamarina pintatzerakoan oinarri bezala izan zuen gaia gaizkiaren, minaren eta injustiziaren existentzia izan zen. Horretarako Job-en liburua baliatu zuen. Jobek bezalaxe, artistak ez du ulertzen minak zentzurik izatea. Baina Jainkoarenganako fedea du, eta galderak eta zalantzak gaindituz, egunen batean Jerusalem zerutiarra iritsiko delako uste osoa du. Mundu berria, zeinetan maitasuna, bakea eta justizia izango diren nagusi, eta mina desagertuko den.
Kamarineko obra zortzi muralez osatua dago, eta guztira hogeita hamar metro hartzen ditu luzeran eta beste lau eta erdi zabaleran. Mural espresionistok lau gaitan sailka daitezke: Kreazioa, Mundua, Salbazioa eta Apokalipsia eta Esperantza. Egañak berak ondoz ondoko ordenari jarraitu gabe azaltzen du haien esanahia.
Kamarinean dago Arantzazuko Ama Birjinaren irudia. Xabien Egañak 1979an dekoratzen amaitu zuen leku honetara presbiterioaren atzean dauden eskailera batzuk igota hel gaitezke.
Egaña Madrilen zegoela proposatu zioten kamarina dekoratzeko lana. 1978. urtea zen, eta atzean zeuden Nestor Basterretxearen kriptarako zirriborroekin izandako gora-beherak. Baina zirudienez eliz artea zaintzeko ardura zuen zentsurak ez zuen aurrerapauso handirik eman hogeita bost urtetan. Izan ere, oso nekeza izan zen moral kristauak Egañaren muralak (emakumezkoak eta gizonezkoak ageri ziren biluzik) horren leku sakratuan onartzea. Pixkana-pixkana frantziskotarrek Egañaren obraren zentzua ulertu zuten, Job-en liburuan eta minaren zentzuan oinarritzen zena, eta bere pinturek ez zuten Basterretxearen kriptak bezain besteko istilurik sortu.
Xabier Egaña Areetan jaio zen 1943ko uztailaren 22an. Hamazazpi urte zituela frantziskotar egin zen Zarautzen. Hantxe hasi zuen harremana Javier Álvarez de Eulate Arantzazuko Basilikako beirateen egilearekin. Eulate bera izan zen arte-munduan sartzeko bultzada eman ziona.
Bere margoek kubismoaren eragina dute figuren eskematizazioari erreparatuz gero, eta espresionismotik hartu ditu kolore biziak eta dirdiratsuak. Jorge Oteizak Basilikako fatxadako Apostoluak egiten Arantzazun eman zuen bigarren aldian, 1968an, haren tailerrean jardun zen lanean. Bere obra garrantzitsuenen artean Arantzazuko Santutegiko Ama Birjinaren kamarineko muralak eta Zarauzko San Pelaio parrokiako absidea eta Salbatore Mitxelenaren omenezko horma aipatu behar dira. Alemanian eta Puerto Ricon erakusketak egin ditu.
Gure cookieak eta hirugarrenenak erabiltzen ditugu helburu analitikoetarako eta publizitate pertsonalizatua erakusteko, zure nabigazio-ohituretan oinarrituta (adibidez, bisitatutako orrialdeak). Cookie guztiak onar ditzakezu "onartu" botoia sakatuz edo horiek konfiguratuz edo haien erabilera ukatuz "konfiguratu" botoia sakatuz. Informazio gehiago lor dezakezu edo, ondoren, doikuntzak aldatu gure Cookien politikan.