liturgi lagungarriak

Liturgi lagungarriak

 

AGURRA ETA SARRERA

Maitasun handiz maite gaituen Jainkoa, zuekin!

 

Kristauok askotan, alferrikako gauzetan edo bigarren mailako gauzetan denbora galtzeko arriskua izan ohi dugu. Eta gauza garrantzizkoena ahaztuta utz dezakegu, geure fedeari oinarrizkoa zaiona, alegia. Eta oinarrizkoa zer den noizean behin gogoratu beharko genuke. Maitasuna da garrantzizkoa. Jainkoarekiko maitasuna eta behartsuekiko maitasuna. Maitasunik ez badugu bizi, beste guztia sentidurik gabe geratzen zaigu. Ospakizun honetan entzungo dugun Jainkoaren Hitzak maitasuna jarriko digu bistan: Jainkoa eta lagun hurkoa zerbitzatzea.

 

Hasteko, Jainkoaren aurrean isilik prantatu eta eska dezagun gure barruarentzat errukia.

– Jesus Jauna, zu zara Aitaren maitasun betea. Erruki, Jauna.

– Jesus Jauna, zu zara gure biderako maitasun-indarra. Kristo, erruki.

– Jesus Jauna, zu zara gizadi osoaren bizi eta poza. Erruki, Jauna.

 

 

Prefazioa

Maitasunaren Jainkoa eskertzeko unea dugu orain. Maitasunera erakarri gaituen Jainkoa eskertu dezagun bihotz-bihotzetik.

 

 

Gure aita

Jesu Kristok irakatsia gogoan dugula, maitasunaren Jainko Aitari begira, esan dezagun beldurrik gabe eta konfiantza osoz.

 

 

 

 

 

 

 

B) IRAKURGAIEN MONIZIOAK

1 – Ebanjelioan Jesusek gure agindu eta lege nagusiaz hitz egingo digu. Hura entzutera prestatuko gaitu lehenengo irakurgai honek. Entzun dezagun zein den Jainkoaren nahia pobre, ahul eta zapalduei dagokienez.

 

2 – San Paulok, berak berritu zuen kristau-elkarteaz hitz egingo digu. Elkarte hori ematen ari den testigantza ederraz jardungo zaigu. Gure fedearentzat ereduzkoa Tesalonikako elkartea!

 

 

 

 

 

HERRI-OTOITZA

Aita onari aurkez diezazkiogun geure beharrak eta maite ditugun behartsuenen beharrak.

 

Eliz elkarte guztien alde eta munduan sakabanaturik bizi diren kristau guztien alde…

 

Munduko herri guztien alde; zailtasun bereziak bizi dituzten herri guztien alde...

 

Sufritzen ari diren guztien alde; gure gaixoen alde; maitasunik gabe sufritzen dutenen alde…

 

Tratu txarrak jasotzen dituzten emakumeen alde; inolako babesik ez duten zahar eta haurren alde…

 

Geure alde; gure senide eta adiskideen alde; gurekin topo egingo duten guztien  alde…

 

Errukiaren Aita, maitasun ororen iturburu eta indarra, entzun gure eskariok eta ase itzazu gure bihotzeko nahi on guztiak. Jesu Kristo gure Jaunaren bitartez.

 

 

 

 

HOMILIA

Kristau-bizitzari buruz eta kristauak egin beharrekoei buruz, asko eta luze hitz egin daiteke. Azterketa eta programazio luze-zabalak egin daitezke. Mila ñabardura eta aberasgarri gogoeman dezakegu horretaz. Baina, Jesusek ez du zeharbide asko erabiltzen gauzak garbi esateko: kristau izatearen zuztarra eta ardatza maitasuna da, eta ez dago besterik. Kristau izatea maitatzea da. Jainkoa gauza guztien gainetik maitatzea eta besteak geure burua bezala maitatzea.

 

Jainkoa maitatzea, aurrena. Eta hemen ere ez da teoria handirik behar. Jainkoarengan oinarritzea gure bizitza guztia. Tesalonikarrek egin dutena: sasi-jainkoak utzi eta Jainko biziarengana itzuli. Gure bihotzaren eta gure sentimenduen eta gure jarduera guztiaren erdigune Jainkoa jarri. Eta Jainkoa maitatzeak, haren hitza entzutea esan nahi du. Harekiko harremana afektibitatez bizitzea, ez baikabiltza irudi poetiko eta filosofiko batekin. Jainkoarekiko harremanak gure biziaren sustraiei eragin behar lieke, benetako maitasun izatekotan. Jainkoa norbait baita, azkeneraino eta bete-betean maite izan gaituen norbait. Jainkoa ez da zerbait lausotua. Jainkoa ez da ideia bat. Jainkoa ez da filosofia bat. Jainkoa ez da, guztiaren atzean eta azpian dagoen fondo bat. 

 

Zertan zehazten den Jainkoarekiko maitasuna? Zertan izango da ba? Berarekiko harremana zaindu beharko dugu, aurrena. Otoitza, baina harreman bezala bizitako otoitza. Ez da errezoetan jardutea, harreman afektiboa bideratzea eta indartzea baizik. Haren nahia bilatu eta betetzea. Horrek haren hitza entzutea esan nahi du. Jainkoa bizitza eta egintzaren argitasun eta muin bihurtzea da.

 

Baina Jainkoarekiko maitasun-harreman honek ez gaitu engainatu behar. Bestela, hainbestetan bezala, gure kristautasuna teoriazko jarduera ihesle bihurtuko dugu. Eta hori ez da kristauarena. Hori ez da Jesusena. Jainkoarekiko harreman horrek badu epaia edo badu irizpidea: lagun hurkoarekiko maitasuna. Lagun hurkoa maitatu behar da, bestela Jainkoarekiko maitasuna ideia hutsa edo gezur hutsa izango litzateke. San Joanek beste hartan esaten duena: «Norbaitek esaten badu: “Nik Jainkoa maite dut”, baina bere senidea maite ez badu, gezurti hutsa da; ikusten duen senidea maite ez duenak ezin dezake maite ikusten ez duen Jainkoa» (1Jn 4, 20). 

 

Jainkoarekiko maitasunak eta lagun hurkoarekiko maitasunak, beraz, elkar epaitzen dute. Jainkoarekiko maitasunak lagun hurkoa maitatzera eramaten gaitu eta lagun hurkoarekiko maitasuna bide zuzena da Jainkoarengana joateko. «Maite duena Jainkoagandik jaio da eta ezagutzen du Jainkoa» (1Jn 4, 7). Maitasuna dagoen tokian han dago Jainkoa, eta Jainkoa dagoen tokian han dago maitasuna. Maitasunaren irizpidea erabatekoa da, eta ez du inolako ihesbiderik uzten.

 

Horretatik ikusten da, kristauarentzat inportanteena, inportante bakarra ez bada, maitasuna dela. Beste guztiak maitasuna indartzeko balio duen neurrian balio du. Maitasuna bihurtzen zaio, beraz, kristauari beste ekintza guztien erreferentzi puntu. Maitasunik ez dagoen tokian dena hutsa eta sentidu gabea gertatzen da. Maitasunak betetzen du kristauaren eta pertsona ororen barne-bokazioa. Maitatu, denak maitatu. Maitatu eta barkatu. Inor baztertu gabe maitatu.

 

Baina, lagun hurkoarekiko maitasun honek badu zehaztasunik gaurko irakurgaietatik begiratuta. Denak maitatu behar dira, baina Jesusen maitasunak bazituen bere lehentasunak eta bere berezitasunak. Eta gure maitasunak ere behar ditu bere lehentasunak eta berezitasunak. Pobreak, txikiak, baztertuak, horiek dira Jesusek bereziki maite zituenak. Gaur entzun dugun lehen irakurgaiak gordintasun guztiaz hitz egin digu. Alarguna, umezurtza, behartsua, etorkina ziren orduko pobreak eta ahulak. Eta horientzako maitasun berezia eskatzen digu Jesusek. 

 

Gaur ere gure kristau-maitasunak baditu bere zehaztasunak. Bat, etorkinekiko harremana da. Zenbat jarrera eta jokaera arrazista bazterretan. Zenbat ezbehar eta desastre bazterretan etorkinei ateak ixten dizkiegulako. Zenbat hildako geure itsasoetan. Zenbat komentario negargarri etorkinei buruz! Zenbat bereizketa iguingarri gure gizartean! Baina Jainkoaren Hitzak ez du zirrikitu handirik uzten jokaera horientzako: «Ez egin arrotzari, ez zapalketarik, ez nahigaberik, zuek ere Egiptoko lurrean arrotz izanak baitzarete». Ulertzen da, ezta? Jesusen eta Bibliaren proposamena oso argia da. Argiegia ere!

 

Gure herriko berradiskidetze-beharra izan daiteke beste zehaztasuna. Armak isildu ziren, egia da; baina oraindik urratu asko dago sendatzeko, samin asko goizatzeko, barkazio asko eskatu eta emateko…

 

Maitasunaren lege honek izan ditzake beste zehaztasun asko: gure familian, auzoan, lantegian… Bakoitzak begiratu beharko dugu geure barrura, maitasuna nola bizi dugun ikusteko. Honek guztiak ez du esan nahi, maitasunak zailtasun guztiak kentzen dituenik. Gure elkarbizitzan beti izan dira eta izango dira zailtasunak eta ezinak. Baina maitasunak badaki pertsonari begiratzen eta arazoak pertsonaren zerbitzura konpontzen. Pertsona bere duintasunean salbatzea baita garrantzizkoa.

 

Eukaristia ospatzeak maitasunaren mahaira gakartza. Jainkoak hemen erakutsiko digu bere maitasun neurrigabea. Hemen maitatuko dugu Jainkoa. Eta hemen hartuko dugu lagun hurkoaren maitasunerako ogi indartzailea. Ospa dezagun maitasunaren misterio handia!

FaLang translation system by Faboba

Utilizamos cookies propias y de terceros para fines analíticos y para mostrarle publicidad personalizada en base a un perfil elaborado a partir de sus hábitos de navegación (por ejemplo, páginas visitadas). Puede aceptar todas las cookies pulsando el botón "Aceptar" o configurarlas o rechazar su uso pulsando el botón "Configurar". Puede obtener más información o cambiar posteriormente los ajustes en nuestra Política de Cookies.