liturgi lagungarriak

A) APAIZAREN MONIZIOAK

 

AGURRA ETA SARRERA

Jesu Kristo gure Jaunaren grazia, eta Jainko Aitaren maitasuna, eta Espiritu Santuaren batasuna, izan bedi zuekin. 

 

Apostoluen gainera Espiritu Santua etortzearekin burutu eta bukatu genuen joan zen igandean Pazkoaldia. Gaur, urtean zeharreko igandeen ibil-martxari ekin aurretik, Hirutasun guztiz Santuari begiratzen diogu: maite gaituen Aitari, gurekin bidean doan Semeari, eta betetasunean bizitzera eragiten digun Espirituari. 

 

Erlijioso/erlijiosa kontenplarien egun honetan, beraien alde otoitz egiteaz ba-tera, jar gaitezen kontenplazio-senez eta goza dezagun, daukagun Jainkoa edu-kitzea eta Berarekin bat egitea.

 

Hasteko jar dezagun geure burua gure Jainkoaren eskuetan eta sinets dezagun haren  maitasunean. Aitor diezaiogun bekatari garela (Isilunea).

 

– Jesus Jauna, Aitaren maitasuna erakutsi diguzuna, erruki, Jauna.

– Jesus Jauna, gure bidean gure anaia zaituguna, Kristo, erruki.

– Jesus Jauna, Elizari Espirituaren arnasa txertatzen diozuna, erruki, Jauna.

 

 

SINESTEN DUT

Aitor dezagun gure sinesmena, Aitarengan, Semearengan eta Espiritu Santuarengan dugun sinesmena.

 

PREFAZIOA

Hastera goazen Eukaristi otoitz nagusia esker onezko otoitza da, Aitari, Jesu Kristoren bitartez, Espirituak eraginda egiten diogun esker onezko otoitza. Jainkoarekin elkartzen gaituen mesterioan gaude.

 

GURE AITA

Espirituak, Jesu Kristorekin bat eginda, Aitari otoitz egiten dio gure barnetik. Horregatik ausartzen gara esaten: ...

 

 

 

 

 

B) IRAKURGAIEN MONIZIOAK

  1. Moisesek hitz egingo digu lehenengo irakurgaian, eta guk sinesten dugun Jainkoaz hitz egin ere: hurbileko Jainkoa da, bere herriaz kezkatzen dena, morrontzatik askatzen duen Jainkoa. Guk Jesu Kristorengan ezagutu dugun Jainkoa.
  2. Lehen esan zaigun Jainkoaren hurbiltasuna begira nolakoa egin den: Jesu Kristo eta Espiritu Santuaren bidez hurbilagotu zaigu orain Jainkoa.

 

 

 

 

 

 

HERRI-OTOITZA

Senideok: Jainkoak bere seme-alaba egin gaituela jakinik, inolako bel-durrik gabe beraz, usterik onenaz otoitz berean bat egin dezagun.

 

* Munduko alde guztietan zabaldurik bizi den Eliza osoaren alde; kristau-elkarte guztien alde, zahar edo berri, handi edo txiki…

 

* Egun hauetan lehenengo aldiz jaunartzen duten haurren alde; sendotza hartzen duten gazteen alde; ezkontzen diren bikoteen alde; gaixoen igurtzia hartzen duten gaixoen alde…

 

* Kontenplazioan bizi diren monastegien alde; eta otoitzean, lanean eta Jainkoaren gorespenetan bizi diren moja eta monjeen alde…

 

* Gerran eta sesioan bizi diren herrien alde, gure Euskal Herriaren alde: Jainko Aitaren seme-alaba bezala bakean elkartu gaitezen.

 

* Mundu honetako beren aita edo ama galdu duten haurren alde; zeruko beren Aita eta Ama ezagutu gabe bizi direnen alde.

 

Entzun, gure Aita eta Ama zaren Jainkoa, hainbeste maite duzun herriaren otoitzak. Emaiozu, zure seme-alaba bezala bizitzeko behar duen guztia. Jesu Kristo gure Jaunaren bitartez.

 

 

 

 

 

HOMILIA

Pazko-festak buruturik eta Urtean zeharreko igandeen martxa hasterakoan, Hirutasun guztiz Santuaren festaburua ematen digu Elizak. Eta pozarren ari gara festaburu hau ospatzen elkarturik. Esan dezakegu, Pazko-jaiak ospatzerakoan, Jesu Kristoren misterio guztia ospatua gelditu zaigula: mundura etorri zitzaigun, Salbatzaile agertuz, Aitaren maitasuna erakutsi zigun, hitzez bai, baina batez ere bere burua gure alde emanez. Eta Aitaren maitasunaren garaipena ikusi eta gozatu dugu Piztuera eta Aitaren eskuinaldera igotzea ospatu dugunean. Aitaren maitasunaren agerpena izan da Jesusen misterioa.

 

Gaurko festaburuak, berriz, badirudi Jesu Kristorengan agertu zaigun maitasunezko gertaera hori bildu eta eskaini nahi digula. Jesu Kristoren gizon egitean, heriotzean eta Piztueran ezagutu dugun Jainkoa nolakoa izan da? Zer jainko-mota sinesten dugu guk? Nolakoa da gure bizitzaren iturburu eta helburu aitortzen dugun Jainkoa? Zer Jainko eman digu Jesusek ezagutzera? Eta esaldi batean bildu behar banu, hauxe esango nuke: Jainkoaren edertasuna ospatzen dugula gaur. Eder eta maitagarri agertu zaigun Jainkoaren festa dugula gaurkoa.

 

Nor da Jainko Aita? Dena eder eta dena gure onerako egin duen Jainkoa! Lehenengo irakurgaia ez dugu berriz irakurriko, baina Jainkoa guregana hurbildu zaigu, pentsa ezin zitekeen moduan. Eta Jainko horrek bere jauntasuna erakutsi digu dizdiz. Jainko Aita guregana etorri da Jesusengan. Gertuko egin zaigu. Hobeto: Aita egin zaigu. Jainkoak gaitza eta heriotza desegin ditu Jesusengan, guri salbaziozko mundu berria eskaini nahiz.  Jainko Aitak, Jesusen bidez, berekin baketu gaitu. Eta betiko biziaren itxaropen zoriontsua eman digu.

 

Nor da Jainko Semea? Aitak bidalia, guregana etorri eta Aitaren maitasunaren neurririk eza erakutsi diguna. Gure gaitza beregan hartu eta gure ordez heriotzaren ur kaltegarriak hondoraino edan dituena. Beregan Aitaren eskuinaldeko salbaziozko aintzatara jaso gaituena. Jainkoa Aita dugula erakutsiz bere anai-arreba egin gaituen Jainko Seme gertukoa. Munduaren azkeneraino gurekin, Elizarekin biziko dela agindu ziguna. Jesus Jainkoa, Elizaren maitea!

 

Nor da Jainko Espiritua? Jesusek azaldu digun Aitaren maitasunaren edertasuna atergabe gure bihotzetan aletzen duen indar biziemailea. Egunero eta unero, Jainkoaren erreinuko arnasa berrira altxatzen eta esnatzen gaituen barneko argia. Eliza, mundu behetik Erreinuko gainera jasotzen duen ahalmen erakargarria. Elizaren goi-biziera eragiten duen jainkozko indarra. Espiritua, Elizaren bihotza, gure fedearen eragilea, gure maitasunaren sua.

 

Eta, adiskideok, Jainko Aita, Jainko Semea eta Jainko Espiritua horrelakoak izanik, zer edo nor gara gu, Jainko horrengan sinesten dugunok? Zer-nolako duintasuna eta goitasuna eman zaigu guri, Jainko hori ezagutzera eman zaigunean? «Ez dugu morrontza-espiritua hartu beldurrean erortzeko, seme-alabatzaren espiritua baizik, Jainkoari ‘Aita’ esanarazten diguna». «Jaikoaren seme-alaba gara». Hauxe dugu gure edertasun, hauxe gure nagusitasun! 

 

Honetatik galdera larri bat behintzat sortzen zait niri. Zer gertatzen zaio gaurko gizon-emakumeari Jainkoa gorrotatzeko edo, gutxienik, Jainkoa zapuzteko? Edo, onenean, beste hau galdetu beharko genuke: Zer-nolako Jainkoa azaldu dugu fededunok, gaurko gizakiak Jainko hori arbuiagarri ikus dezan? Galdera larria! Zenbaitek Jainkoarengan gizon-emakumeon etsaia sumatzen du. Zenbaitek Jainkoagan sinesteari ez dio inolako etekinik ikusten. Zenbaitentzat igual-igual bizitzen da sinestu edo ez sinestu. Eta, horretatik, galdetzen dut: ez al dugu askotan Jainko gogorra, epailea, azaldu? Ez al dugu askotan Jainkoa, lege eta betebehar huts bihurtu? Ez al dugu askotan Jainkoa, gizon-emakumeon askatzaile azaldu ordez, gizon-emakumea lotzen duen soka lodi bezala azaldu? Hortxe legoke, nik uste, gakoa!

 

Gaur, hala ere, aitorpen pozgarria egin nahi dugu fededunok: sinesten dugu Jainkoarengan! Sinesten dugu haren maitasunean! Maite dugu Jainkoa! Sinesten dugu gure gizatasunari zabalero eta buelo berria ematen diola Jesusen Jainkoak! Maite dugu, nonahi eta noiznahi gaitzaren eta heriotzaren tristuratik askatu eta askatzen gaituen Jainkoa! Ez gaude, Jainko hau merke-merke saltzeko! Maitatu gaituen Jainkoa maite dugu. Baina, aitorpen hau egitearekin ez litzateke nahikoa izango: eguneroko bizieraz erakutsi beharko dugu Jainkoagan sinesten dugula eta hura maite dugula. Libreak izanez, lagun hurkoak libre eginez, pobre azalduz eta pobreak askatuz, baldintza gabeko zerbitzu pozgarriaz, gizarte zuzenago baten oinarriak bilatuz, gure gizarteko ahulenen alde jokatuz... erakutsiko dugu Jainko askatzailea dela guk sinesten eta maite duguna. 

 

Kristau senideok: Ederra da gure Jainkoa! Ederra da Jesusengan, merezi gabe, ezagutzera eman zaigun Jainkoa! Esan dezakegu, onenaren eskuetan bizi garela! Eta, hori horrela izanik, sinesmen hori eta maitasun hori sakontzen, gaurkotzen eta ederragotzen, inolaz ahal dugun saiorik saiatuena egin behar dugu! Gaur kontenplazioari emanak bizi diren gizon eta emakumeei laguntzeko eguna dugu. Eta ez ditugu ahaztuta utziko ofiziorik ederrena bizi duten hauek. Ederki egiten dute Jainkoa atergabe adoratzea! Ederki egiten dute Jainkoaren maitasunagatik beste guztia uztea. Ederki egiten dute egun osoa otoitz-giroan bizitzea! Ez diote gizarteari zerbitzu makala egiten!

 

Goazen Eukaristia ospatzera. Hauxe da, seguru asko, Jainkoa ezagutzeko biderik egokienetakoa! Jesus jateko eman digun Jainkoarekin topo egin dezagun ospaketa festatsu eta fedezko honetan. Eta, aurrena, Jainko honengan sinesten dugula aitor dezagun "sinesten dut" kantatuz!

FaLang translation system by Faboba

Utilizamos cookies propias y de terceros para fines analíticos y para mostrarle publicidad personalizada en base a un perfil elaborado a partir de sus hábitos de navegación (por ejemplo, páginas visitadas). Puede aceptar todas las cookies pulsando el botón "Aceptar" o configurarlas o rechazar su uso pulsando el botón "Configurar". Puede obtener más información o cambiar posteriormente los ajustes en nuestra Política de Cookies.