liturgi lagungarriak

Liturgi lagungarriak

 

A) APAIZAREN MONIZIOAK

 

AGURRA ETA SARRERA

Ongietorri igandeko ospaketara, eta Jesus Jauna, bere Eliza esku sendoz gidatzen duen Maisua, izan bedi zuekin.

 

Adiskideok, uda etorri zaigu; ikasleek amaitu dute edo amaitzeko zorian dute ikasturtea; familiek, beraz, beste biziera bat hartzen dute neurri batean; parrokiek ere aldaketa dezentea... 

Gu hemen gaude giro berri honetan igandeko misterioa ospatzeko prest. Eukaristia oro esker onezko ospakizuna da. Zergatik esker ona? Gaurko irakurgaiek ederki esango digute: Jauna gurekin dago; askotan lotan dagoela ematen badu ere, bera dugu gure euskarri; berak gidatzen du gure bizitza eta elkartearen bizibidea.

 

Adiskideok, Jesusengan dugun fedea bizirik daukagu, sinesten dugu bera gurekin dagoela; jo dezagun beraren errukitara.

 

– Jesus Jauna, dena sortzen duen Aitaren Hitza. Erruki, Jauna.

– Jesus Jauna, itsaso handia baretzen dakizuna. Kristo, erruki.

– Jesus Jauna, zeure segiziora dei egiten diguzuna. Erruki, Jauna.

 

PREFAZIOA

Jainkoaren bihotz-ontasuna guregana hurbildu zaigu. Ontasun ahalguztidun hori presente egin zaigu Jesusengan, gizaki berri izatera iritsi gaitezen. Ager dezagun gure esker ona.

 

GURE AITA

Jesus lagun dugula, Aitarengana jo dezagun gaitzetik gorde gaitzala eskatuz.

 

HONA HEMEN

Begira!, hauxe da Jesus gure artean. Zoriontsuak berarengan baretasuna eta atsedena aurkitzen dakitenak. Gatozen ustetsu mahai honetara.

 

 

 

 

 

  1. B) IRAKURGAIEN MONIZIOA

Gaurko irakurgaietan, nahiz Testamentu Zaharreko nahiz Berrikoetan, Jainkoa, beti bere seme-alaben ondoan dagoen Jainko bezala ageri zaigu, bere seme-alabak salbatzen dituena bezala. Antzina itsasoa gaitzaren irudia zen, ilunpeen bizilekua. Baina Jainkoa nagusi da. Eta Jesu Kristoren odolaz gu ere nagusi egin gaitu. Olatu ilun eta indartsuen harrokeria baretu du Jesusek. Entzun dezagun Jainkoaren Hitza bere ederrean.

 

 

 

 

HERRI-OTOITZA

Gure fedea ahula izan arren, senideok, beldurtiak izan arren, eska diezaiogun Jainkoari munduko gizon-emakume guztien alde.

 

Eguneroko bizitzaren gora-beherak eta ekaitzak bizi dituen Eliz elkartearen alde...

Fededun guztien alde, gizartean fedea bizitzen saiatzen diren guztien alde, kristau izateagatik sufritzen dutenen alde...

Beren ikasturtea amaitzen ari diren neska-mutil eta gazte guztien alde, berorien maisu eta irakasle guztien alde...

Gure parrokia eta elkarteetan fede-prozesua egiten ari diren gizon eta emakumeen alde; kristau- eta giza esperientzia lantzen ari direnen alde…

Euakristia ospatzera bildu garen guztion alde, gure senide eta adiskideen alde, gure otoitzen zain daudenen alde...

 

Entzun, Aita, fedez egin dizkizugun eskariok. Bizitzan ditugun zailtasunek ez diezagutela inoiz esperantza eta bakea galarazi. Jesu Kristo gure  Jaunaren bitartez.

 

 

 

 

HOMILIA                       

Senideok: itsasoak giza-bizitzaren ibilbidea nahi du adierazi. Eta bizitzan, itsasoan bezalaxe, ekaitzak eta uhin-aldi handiak sortzen dira. Ebanjelioko kontakizunean, apostoluen aurpegian ikusten dugun urduritasun hori, inoiz geurean ere ikusi ohi dugu. Eta ez da harritzekoa. Bizitza den bezalakoa da eta ez dago askoz gehiago esan beharrik.

 

Eta gure bizitzari begira dioguna, berdintsu esan behar gizartera begira jarrita ere. Olatu handiek, menperatu ezineko oletuek, buruz gain altxatzen zaizkigun olatuek, erakusten digute askotan oso ahulak garela. Gure indarrek ez dute askotarako ematen.

 

Seguru asko, gure  eta gizarteko ekaitzaldiak aipatzen hasiko bagina, ez genuke berehala amaituko. Baina, gaurko gure eginkizuna ez da gure ekaitzaldiei buruz jardutea. Baizik ekaitzaldien erdian presente dagoen Jesus horri buruz jardutea. Hori da garrantzizkoena. Egia da, gure arazoak ez ditugu ahaztu eta alde batera utzi behar. Baina are gutxiago egin behar dugu hori Jesusen presentziarekin. Izan ere, eta zer esatera noan ondo pentsatua daukat, giza bizitzaren gakoa ez dago arazoak ez edukitzean, Jesus presente eta gertuan sentitzean baizik.

 

Begira, entzule, kristauoi ez zaigu esan arazorik ez dugula izango edo bizitza samurra suertatuko zaigunik, ez. Hori ere egin zezakeen Jainkoak. Baina ez du hori gizon-emakumeontzat hain  garrantzizko ikusi. Arazoak izan edo ez izan, benetan erabakiorra beste hau da: Jauna hurbil senti dezagula beharrean edo ezbeharrean. Beti Jauna gertuan senti dezagula. Kondairari gainbegiratu bat ematea aski: Elizaren historia olatu-kolpe handiez zauritutako historia da. Olatu sendoak. San Markosek gaurko ebanjelio-zatia idatzi zuenerako, Elizak asko zekien erasoaz eta sufritu-beharraz.

 

Baina San Markosek ez du gure gaitzaldiak eta arriskuak zenbatzea eta zerrenda batean biltzea nahi. San Markosek esan nahi dio kristau-elkarteari, Jesus, nahiz eta iruditu lotan edo arduragabe dagoela, Jesus presente eta kezkatua dabilela gure ondoan. Eta gure bizitzaz kezkatzen den hori ez dela nornahi, ahalmena eta indarra bere esku dituen Jaun ahaltsua baizik. «Nor da baina hau? Itsasoak eta haizeak ere obeditzen diote!». 

 

Geure gurpilera etorriz, entzule, (eta galdera soila da), zergatik kezkatzen ote gaitu gehiago ez sufritzeak, Jauna gurekin dagoela sinesteak baino? Ez sufritzeak ez du zoriona ematen. Jauna gertuan sinesteak bai! Ez sufritzeak ez du giza-barnea pozez asetzen. Jauna gertuan dagoela sumatzeak bai! «Hala ere, esango duzu agian, ez sufritzea hobe!». Sufrimentua ez da guk bilatu behar dugun jeneroa, ezta pentsatu ere! Baina sufritu edo ez sufritu, Jaunaren esku bizitzea da giza-izate osoa eskuratzen digun jarrera.

 

Job bere sufrimenduak kezkatzen du. Eta Jaunak ez dio sufrimenduaren argitasunik ematen. Bera Jauna dela erakusten dio, eta bere sufrimenduan gertuan daukala. Hori nahikoa da! Maitasuna sinesteak ez du prolemarik eta arazorik aurrezten. Baina arazo guztien azpian dagoen arazo nagusia konpontzen du: maitasunaren arazoa. Hori bai dela benetan garrantzizkoa!

 

Gauza bat eduki behar genuke gogoan. Fededun helduak ez du Jainkoa  erabiltzen bere beharren gora-beheran. Jainkoa berekin duela sendo sinetsirik, berak egiten dio aurre bizitzari, sufrimenduari, injustiziari.  Jainkoarengan sinesteak ez baitu gure erantzukizuna gutxitzen. Guk egin behar dugu mundu zuzenagoa. Guk jaso behar ditugu eroriak. Guk gainditu behar ditugu arriskuak. Guk berritu behar dugu Eliza. Jainkoak bere presentziaren ziurtasuna eman digu. Aski dugu. Utz diezaiogun Jainkoari lo egiten, nolabait estaeko, eta heldu diezaiogun eguneroko lanari sendo eta adorez.

 

Badugu honetatik guztitik zer ikasi:

Lehenengo apaltasuna:  Ez gaitezen bizitzan seguruegi senti. Geure indar hutsetan uste izatea, zorakeria gehiegizkoa izango litzateke. Noiznahi sor daiteke ahultasunaren zorabioa bizitzaren olatu artean. 

Ona da geure bizitzaren egia erakusten diguten zalantza eta krisialdia  nozitzea. Ahulak garela ahaztea arriskutsua da oso. Bakoitzak bere ibilaldia indarka burutu behar du. Begira  Mariari. A zer nolako erromesaldi latz eta saiatua burutu zuen!

Baina ikasi beharrekoena, zalantzarik gabe, zera da: zailtasun guztiak fedez eta itxaropenez behar ditugula eraman. Haize eta kontra-bolada gogorrak sor daitezke. Baina Jainkoaz fidatu behar du fededunak. Gure bizitzan irtenbiderik gabeko une estu horietan ez genuke erori behar. Indartsua gurekin daukagu. Eta indartsuak maite gaitu! Zeren beldur, entzule fededun?

 

Eta hau guztia ez dut harrotzeko esaten. Ez ote dugu asmatuko sendotasuna eta apaltasuna bizitzan elkarrekin uztartzen? Datozen egunotan emango zaizkigu testigu bikain askoak: San Joan bataiatzailea, alde batetik. San Pedro eta San Paulo, bestetik. Beren fedearen borroka sendotasunez bizitzen asmatu zuten, ahulak izanik ere. 

 

Ba al dakigu zer sinesten dugun? Edo hobeto galdetuta, ba al dakigu Nor daukagun ondoan? 

 

Baina kuadro honetan ez dut San Paulok bigarren irakurraldian eman digun datua ahaztu nahi: Jainkoaren maitasunak ematen digun sendotasun hau konpromisoa da. «Kristoren maitasunak behartzen gaitu». Zertara behartu?, galdetzen duzu! Zertara izango da ba! Batek gure alde bizia eman zuen bezala guk ere besteen zerbitzuan gure bizia aletzera!

 

Eukaristia ospatzera goaz. Kristoren maitasunaren konpromiso ikusgarria! Zerbitzu eder horrek egingo gaitu zerbitzurako gai. Goazen ospaketa alaia egitera. Eta bizitzaren itsasoan aurrera egiteko indarrak jaso ditzagun!

FaLang translation system by Faboba

Utilizamos cookies propias y de terceros para fines analíticos y para mostrarle publicidad personalizada en base a un perfil elaborado a partir de sus hábitos de navegación (por ejemplo, páginas visitadas). Puede aceptar todas las cookies pulsando el botón "Aceptar" o configurarlas o rechazar su uso pulsando el botón "Configurar". Puede obtener más información o cambiar posteriormente los ajustes en nuestra Política de Cookies.