Liturgi lagungarriak
A) APAIZAREN MONIZIOAK
AGURRA eta SARRERA
Anai-arreba maiteok: Bere seme-alaba izatera deitu gaituen Jainko gure Aitaren grazia eta bakea zuekin!
Ia bi mila urte ditu gure batzarrak. Igandero-igandero Jaun berpiztuak deiturik, Hitzaren eta Eukaristiaren ederrera biltzen gara. Jauna gurekin daukagu. Utz diezaiogun gure Jaun izaten. Eta ahaleginak egin ditzagun haren erregetza mundura zabal dadin.
Senideok: Jaunak santu eta errugabe nahi gaitu bere aurrean maitasunez. Horretarako atera gaitu bekatuaren morrontzatik. Baina izan, ahulak gara. Jo dezagun usterik onenaz Jaunaren errukitara.
– Jesus Jauna, bedeinkazio ororen iturri agortezina. Erruki, Jauna.
– Jesus Jauna, mundua askatzen duen benetako argia. Kristo, erruki.
– Jesus Jauna, gizon-emakumeen benetako Berri Ona. erruki, Jauna.
PREFAZIOA
Gure bihiotza Jaunarengana altxatuz, eskerrak demaizkiogun gure Aita Jainkoari, guretzat egin dituen gauza harrigarriengatik (Igandetako VI.a).
GURE AITA
Jesu Kristoren bitartez, Jainkoaren seme-alaba gara. Horregatik beldurrik gabe esaten dugu.
- B) IRAKURGAIEN MONIZIOAK
1) Jainkoak herriko gizon xumea aukeratzen du bere Hitza adierazteko, Amos. Jainkoak biziaren hitzez hitz egiten du.
2) Efesotarrei eginiko eskutitzari ekiten diogu gaur eta zenbait igandetan bera irakumrriko dugu. Jainkoari esker onez kantatuz hasten da, salbamen betea eman baitzaigu.
HERRI-OTOITZA
Senideok: Jainko Aitak gizon-emakumeon beharrak arduraz begiratzen dituela sinetsiz, aurkez diezazkiogun mundu osoaren beharrak.
• Elizaren alde: askatasunez eta atrebentziaz hots egin dezan Jainkoaren hitz askatzailea.
• Gaixoen alde: beren sufrimenduan Jainkoaren esku askatzaileak jaso ditzan.
• Boladako lanetan dabiltzan langileen alde: beraien eskubideak errespetatuak izan daitezen, eta pertsona bezala tratatuak izan daitezen.
• Lanik ez daukatenen alde, atsekabeturik bizi direnen alde: beren kontsolamendua Jainkoarengan aurki dezaten eta guregan laguntza.
• Gu guztion alde, gure familien alde: Jainkoaren maitasunaren bakean bizi gaitezen.
Entzun, guztion Aita, zure seme-alaben eskariok. Emaguzu pertsona bezala hazteko behar dugun guztia. Jesu Kristo gure Jaunaren bitartez.
HOMILIA
Senideok: Jesus ez da onartua izan, aurreko igandeotan ikusi dugunez. Nazareten ez dute onartu, bere senitartekoek ez dute onartu... Hala ere, Jesusen Ebanjelioak hegoak zabaldu nahi ditu. Eta bere ikasleak bidaltzen ditu herriz herri. Ikasle-bikote haiek bidez bide ikusteak argi uzten du, Jesusen Ebanjelioa ez dela herriak behartuz eta zanpatuz egiten den konkista. Eskainte xume eta txikia da. Pobreen bidez eta pobreentzat egiten den eskaintza.
Jesusek bidali ditu eta ikasleak badoaz. Beste behin Ebanjelioko jokaerak garbi azaltzen dira. Pentsa zazu: Jesus bera nazaretarrentzako xumeegia eta normalegia baldin bazen Erreinua adierazteko, pentsa zer gertatuko zen ikasleekin! Jainkoak horrela jokatzen du. Ez dator indar derrigortzailez. Ez dator inor behartuz. Ez da buruan ez dakit nolako morrontzak sortuz ezartzen. Testigu eta aitorle xume batzuren testigantzaz eskaintzen da. Berri Onak, berak dauka behar adina indar barnean, eta ez du beste indarrik eta botererik behar. Botereak enbarazu besterik ez dio egiten Ebanjelioari.
Hortxe daukagu Amosen kasua, lehenengo irakurgaian. Ez da profeta ikasia, ez baita profeta-familiakoa. Ez da horretarako prestatu. Artzaina da, pentsa! Eta profeta bezala dabil, baina ez horretatik inolako etekinik atera nahi duelako. Jainkoak bidali du eta kitto! Jainkoak horrelakoxe bideak erabiltzen ditu! Gure eskema eta uste zehatzetan kabitzen ez diren bideak dira!
Ebanjeliokoan bidaliak izan diren ikasleak ere, pentsa dezakegu zer jende zen: ezjakinak, herriko jende xumea, arrantzaleak... Ez ziren maisuak, ikasiak, idazlariak. Eta, hala ere, «espiritu lohien gain ahalamena eman zien». Berri Onaren indar eragile eta ikusgarria daramate.
Azter dezagun, labur bada ere, nola bidaltzen dituen Jesusek bere ikasleak. Gaurko Ebanjelio-zatiak ederki zehazten baitu bidaliaren itxura.
- Ikaslea «behartsu» doa. Oinetakoak eta makila. Beste guztia alferrikakoa dute. Dirua eta horrelakoak erabat albora uzten dituzte. Nolabait esateko, Hitzaren ahalmen soila aski dutela egin behar dutena egiteko. Ez da ekonomi ahalbideak mespretxuz baztertzea. Esan nahi dena da: bidaliak erabat aske eta libre joan behar duela Berri Ona eramatera.
- Erabat «prest» doa. Berri Ona zerbitzatzea beste zereginik ez du. Ez doa «profesionalizatua». Ez du bere burua «saltzen», txalo edo interes ilun batengatik. Onartzen duten tokian ondo. Eta onartzen ez dutenetan ere bai. Onar dezaten ez du Ebanjelioaren maila jaisten. Berri Ona hots egiten duenari beti gerta dakioke onartua ez izatea.
- «Bihotz-berritzearen» notizia darama. Ez du bere burua hots egingo. Erreinuaren hurbiltasunak eskatzen duen bihotz-berritzea aldarrikatzen du. Amosek, Jainkoak esaten diona hots egiten du. Ikasleari ere Erreinuko mezua jarri zaio eskuetan.
- «Hitzez eta egitez» bete behar du bere misioa. Markosen estiloa da, Jesusek esaten duena mirari batez egiztatzen du. Ikasleek ere horrelaxe: «hots egiten zuten; deabru asko uxatzen zuten» (Eb.).
Gu ere bidaliak gara gaur. Bizi naizen garaian eta tokian. Eta Ebanjelioan ikusten dugun ikasle-eredu hau benetan epai gertatzen da guztiontzat. Ni neu, hizketan ari natzaizun hau, nola noa Berri ona hots egitera? Zer indar ditut indar? Zertaz fidatzen naiz edo zer nolako jantziak jartzen dizkiot Ebanjelioko notiziari? Berri Onaren indarra askotxotan ez ote dugun gain-jantziz estaltzen, dotoreago, onargarriago, txalogarriago ager dadin!
Baina, jakina, ez naiz ni bakarrik izan bidalia. Apaiza bidalia den bezala, gizon eta emakume fededun oro ere bidalia da. Ezkontzan, lanean, hezkuntzan, negozioetan... fededuna bidalia da! Jesusek berak bidali du eta fededunen elkarteak bidaltzen du astero-astero, ari den eta bizi den tokian Berri Ona hots egin eta adieraz dezan. Askotan ez al dugu pentsatzen: ba, eliz gauzetan dabilena izan duk bidalia... ni trankil neure gauzetara. Eta bidalia izateak, ez du esan nahi beste gauza batzuk egin behar dituzunik. Baina egiten dituzunetan, eliz elkarteak bidalia, Jaunak berak bidalia sentitzen al zara? Egiten duzuna ez da «zure kontua», zeuri dagokizun arazoa.
Bidaliak garenez, lehentxeago eman ditugun profetaren ezaugarriak aztertu beharko genituzke:
- onartzen al dugu Elizaren eta eliztarraren «behartsu» izatea? Ahalbide pobreez eskandalizatzen al gara? Ez ote ditugu amets, garai bateko ahalmenak? Ebanjelioaren indar soilez ote goaz?;
- «prest» al goaz? Ez ote gaude eliz eginkizunak gehiegiz «profesionalizatuta»?;
- daramagun mezua «Erreinuko mezu xumea» al da? Ez ote ditugu beste eskaintza erakargarriagoak bilatzen askotan? Bihotz-berritzearen eskintzari gutxitxo irizten al diogu?;
- hitz hutsetan gelditzen ote gara? Gure hitzak ba al du «esperientziaren», «lekukotasunaren», indarrik eta egintzarik?
Eukaristia ospatzera goaz. San Paulok bigarren irakurgaian aipatu dituen Jainkoaren dohain oparoak ematen zaizkigu. Baina ez geuretzat. Bidaliak gara. «Zoazte Jaunaren bakean» esango zaigu. Hemen ongi «egon» gaitezen aurrena. Gero ongi eta pozik «joan» gaitezen bidali gaituen tokira.