Liturgi lagungarriak
A) APAIZAREN MONIZIOAK
AGURRA ETA SARRERA
Anai-arreba maiteok: Jesu Kristo, gure gidari eta artzain ona, izan bedi zuekin.
Gaur, Ebanjelioan, Jesusen hitz hauek entzungo ditugu: «Zatozte zuek bakarrik leku baztertu batera, atseden pixka bat hartzera». Hitz hauek beharrezkoak ditugu guk ere gaur. Atseden beharrean aurkitzen gara denok, geurekin eta Jesu Kristorekin topo egiteko.
Ospaketa hau gerta dadila guretzat barru-barruko atseden eta bake. Jesu Kristoren hitzak eman diezagula barne-bake gozoa.
Hasteko, apaltasunez eta fede sendoz eska dezagun Jainkoaren barkazioa geuretzat eta gizon-emakume guztientzat.
- Jesus Jauna, zu zara gure atseden eta gure bake gozoa. Erruki, Jauna.
- Jesus Jauna, zu zara gure gidaria eta gure artzain ona. Kristo, erruki.
- Jesus Jauna, zuk eramaten gaituzu bizi-larretara. Erruki, Jauna.
PREFAZIOA
Igandero bezala, beste behin Jainkoari eskerrak ematen dizkiogu bizirako bidea urratu digulako. Eskertzeaz batera eska diezaiogun bere bizia ugaldu eta sakondu dadila guregan.
B) IRAKURGAIEN MONIZIOAK
1) Norabiderik gabe, noraezean dabiltzanak, batzuetan topatzen ditugu geure inguruan bertan. Une batzuetan, guk geuk ere, aurkitu izan dugu geure burua erdigalduta. Israel herriak ere probatu zuen horrelakorik: Jerusalemdik urrun, desterruan, bere onetik kanpo... Profetak ematen dio geroko bidearen berri. Entzun!
2) Israel herria izan zen Jaunaren begiko kutuna: Jaunaren agintzariak beteko zitzaizkion herri aukeratua. Herri hartatik kanpo, bazirudien ezin zitekeela salbazioa gozatu. Jesu Kristoren etorrerak, ordea, kontuak erabat aldatzen ditu.
HERRI-OTOITZA
Jainkoaren Hitza entzun eta hausnartu ondoren, bat egin dezagun gizon-emakume guztien aldeko otoitz-saioan. Artzain onaren bakea eska dezagun guztientzat.
• Gizon-emakume guztien alde egigun otoitz:
ez daitezela ardi galduak bezala ibili; egian, maitasunean eta itxaropenean sendotu dezatela beren bizitza.
• Kristau-elkarte guztien alde egigun otoitz:
bakoitzak bere ahalmenen eta eginbideen neurrian, Jainkoaren Hitzaren argia munduan zabal dezagun.
• Besteen erantzukizun handiagoa daukatenen alde egigun otoitz: sendagile, herri-gidari, enpresari...
beren esku daudenen beharrak eta premiak kontuan izan ditzaten eta besteen zerbitzura bizi daitezen.
• Egun hauetan oporretan eta atseden hartzen aurkitzen direnen alde egigun otoitz:
beren bizitza berritu eta arnastu dezaten.
• Hemen, ospaketa honetan bat eginik gaudenon alde egigun otoitz, gaixoen alde bereziki:
bakea, beharrezko baretasuna eta bizipoza aurki ditzagun, besteen bizigiroa poztu ahal izateko
Entzun, Aita ona, gure eta mundu guztiaren eskabideak. Eta zure ontasunak babes gaitzala mundu honetako bizibide latzean. Jesu Kristo gure Jaunaren bitartez.
HOMILIA
Adiskide maiteok! Bihotz-bihotzetik esaten dugu guk ere San Paulok bezalaxe: «Kristo da gure bakea». Bera aurkeztu zaigu, artaldea gidatzen duen artzain on eta gidari bakar. Eta bera agertu zaigu giza bihotzak barru-barrutik pozten dituen atseden bete eta beharrezko. Eguneroko bizitzaren zailtasuna eta ezina bizi ditugunok, gogotik aitortzen dugu Kristo dela barrutik eusten digun indarra eta bakea.
Izan ere, nekatuta gabiltza. Oraintxe entzun dugun ebanjelio-zatiak eskaini digun atalean, ikasleak nekatuta zetozen. Binaka bidali zituen Jesusek herriz herri Berri Onaren poza jende guztiari eskaintzera. Gauza ederrak ikusi zituzten, egintza bikainak. Ikusi zuten Berri Onak bazuela indar gizakien bihotzak sakon-sakonetik liluratzeko. Gizakiengan bizi berriaren amets ederra sortzeko. Eta pozik zetozen. Pozik, baina nekatuta. Pozik, baina urduri. Bihotza beteko esanbeharra zekarten. Hainbeste gauza ederren testigu izan ziren.
«Zatozte zuek bakarrik leku baztertu batera, atseden pixka bat hartzera». Bai, atsedena behar dute. Dena bere onera ekartzeko pausaldia eta isiltasuna behar dute. Aztoratuegiak dabiltza. Jesusek atsedenera ekarri nahi ditu. Eta horretarako isiltasunera eta bakardadera etorri behar dute. Jendeak ez baitie jatordurako ere astirik uzten. Eta beren artzain on duten Maisuarekin bakarrean egon beharra daukate. Maisuaren argitan dena argitu beharra daukate. Beren bizi-esperientziak berriz irakurri beharra daukate.
Jesusek, izan ere, oreka sanoa proposatzen digu. Dena ez da ematea, dena ez da jardutea, dena ez da egitea, dena ez da zalaparta, dena ez da gauzak aurrera nolahala atera-nahia. Batzuetan denok behar dugu bakardadea eta pausaldia, geldialdia. Dena ez da esan eta hitz egitea. Dena ez da hitza eta ideia. Guztiok behar dugu isilaldia. Zertarako pausaldia eta isilaldia? Zertarako izango da, bada? Barrura sartzeko eta barruko isilaldian hitz gordeenak entzuteko. Bihotzari atseden emateko. Kanpokoak isildurik, barrukoak entzuteko. Erantzukizuna ez da perfekzio-nahi itoa. Pertsonak bere barrura sartu behar du. Eta bere barruan maitasunaren iturri sakona oparotu eta aberastu behar du, gero handik eman ahal izateko. Emanahia ez da nahikoa, ez; zer emana ere behar da. Eta askotan emanahiaren eskutik abiada itoan gabiltza; baina zer emana agortuta. Eta hori ez da ona.
Opor-garaiak ditugu, atseden-garaiak. Oporra eta atsedena gauza bera balitz, ondo. Baina ez dakit ba, jende askok ez ote dituen oporrak hartzen, baina atseden gutxi. Nonbait jende askok uste du, oporrak ezertxo ez egiteko direla. Denbora alferrik galtzeko. Eta ezer ez eginez, ez du bihotzak atsedenik hartzen. Eguneroko tentsioa uztea, erlojupean bizitzearen tirabira lagatzea, ez da nahikoa. Hori ere ona da; baina zerbait gehiago behar du gure barruak. Bihotzak behar digun oporra ez da ezer ez egitea. Bihotzaren oporra poza da, festa da, sorkuntza da, nobedadea da. Bihotza, ezer ez eginean, hil egiten da, lotaratu. Bihotzak poza behar du!
Eta jende askok ez du isildu nahi, ez du bakarrik egon nahi. Hori eginez gero, barruan hutsunea sumatzen duelako, hain justu! Eta barruko hutsuneak tristetu egiten gaitu. Eta tristura horri ihes egiteko, esperientzia berriak bila daitezke, esperientzia berri eta zoroak; bizitza pixka bat piztuko diguten sentsazio hutsak dira. Baina barruari hutsa darionean, dena nazka bihurtzen da. Eta zenbat eta hutsago, orduan eta itolarri estuagoz ihes egin behar izaten zaio bakardadeari eta isiltasunari. Eta hor ez dago ez oporrik, ez atsedenik.
Makina bat berotzen denean, aski izaten da itzali eta pixka batean geldirik uztea. Baina gure kasuan ez da horrela. Pertsonak atsedena «sortu» egin behar du. Eta Jesusekin daukagu fededunok geure atsedenik onena. Gehiago ere esango nuke: geuregan daukagu atsedenik onena. Kanpoko esperientzietan ez, barrukoan daukagu bizitza pozten digun topaketa. Barrukoak kanpora atera behar ditugu. Oporraldia une eta gune egokia da bihotza sendatzeko. Barruko zauriak Ebanjelioaren aidera atera, sendatzeko. Zauriak ez baitira gordez sendatzen. Gaur Jesusek beregana biltzen gaitu, eta topaketa horretan barrua sendatuko digu.
Orduan bai, atseden harturik, besteengana hurbilduko zara, jende asko baitabil erruki beharrean. Orduan, zeure barrua aberasturik, joan zaitezke ematera, ingurukoen artzain izatera. Orduan, barruan daukazun baketik, bakea sor dezakezu. Orduan ez zara izango, zeu gaizki egonaz, inguruko guztia gaiztotzen duzun artzain urduri eta errea. Orduan, barruan poza duzula, dena pozez askatuko duzu.
Denok atsedena behar dugu. Geuk atsedena eta gure herriak ere bai. Une nekatu eta zailetan, bihotzak pozetara jaso beharra daukagu. Gure bizitzari arnasa eman behar diogu. Ezin gaitezke izan, bazterrak erretzen goazen artzain erretxin eta zorrotzak. Ardiek atsedena eta bake gozoa bahar dute. Geure bihotzari egiazko atsedena emango bagenio, inguruari atseden ematen ere asmatuko genuke. Seguru!
Adiskidea, atsedena behar dugu. Eta gaur Jesusek Eukaristiaren mahai aparteko honetara biltzen gaitu. Hemen emango digu atsedena, hemen poztuko gaitu. Hemen, ardiok artzain onarekin egindo dugu topo. Eta bihotza atsedenez edertuko zaigu. Behar dugu eta!