liturgi lagungarriak

 Liturgi lagungarriak

 

A) APAIZAREN MONIZIOAK

 

AGURRA ETA SARRERA

Jaun berpiztuaren maitasuna, alaitasuna eta bakea beude zuekin.

 

Jesus berpiztuarengan sinetsi zuten lehenengo gizon-emakume haiek indargarri dira gure fedearentzat, dei berezia dira. Paulo eta Bernabe, Pedro eta Joan, ikasleak, lehen elkarteak... Pazko garai honetan gure fedea eta gure maitasuna gaztetzeko aire freskoa ditugu.

Gaur hemen, Pazko elkarte honetan bildurik, ikasle haien testigantza entzungo dugu eta, haiekin bat eginez, Jesus berpiztuaren presentzia biziko dugu Eukaristian. Horra gure igandearen poza.

 

Pazko-uretan berri dezagun gure Bataioko fede ederra.

(Urez zirtatzea)

 

Uretan berriturik, kanta dezagun gure fedeak aitortzen duen Jaunaren aintza.

(Aintza kantatua, ahal dela)

 

PREFAZIOA

Pazkoari dagokion pozez jaso ditzagun gure bihotzak esker onez beterik Jaunarengana. Jesus tarteko egin zaigu ospaketa honetan. Bere mahaira gonbidatzen gaitu, betiko biziaren ogi egiten zaigu. Eskertzea dagokigu!

 

 

GURE AITA

Mahai honen inguruan bildurik, otoitz egiogun gure Aitari eta eska diezaiogun bere maitasunezko borondatea egiteko poza.

 

 

 

 

B) IRAKURGAIEN MONIZIOAK

1) Apostoluen Eginetatik irakurtzen dugu gaurko zati hau, Bazkoako beste igandeetan bezalaxe. Eliza hazten eta garatzen ari da, Berpiztuaren Espirituak eraginda. Entzun dezagun nola sendotu eta finkatzen diren kristau elkarteak.

2) Entzun dezagun orain Jainkoaren bizi berriaren adierazpen pozgarria. Jainkoa hurbilera jarri zaigu dena berri eta eder egiteko.

 

 

 

HERRI-OTOITZA

Jesusek bildu gaitu bere elkarte bezala eta bere Espiritua eman digu. Orain, Espiritu horrek eraginik, begira diezaiogun mundu osoari eta aurkez diezazkiogun Aitari pobreen beharrak.

 

* Eliza osoak eta kristau-elkarte bakoitzak, bere ebanjelizatze adoreari indarrean eutsi diezaion gaurko gizartean, errukiaren misiolari izateko.

 

* Oraindik Jesu Kristo ezagutzen ez dutenek, beraren Ebanjelioaren poza eta esperantza bizitzeko zoria izan dezaten.

 

* Gure herriko gidari eta politikarien alde, herriaren beharrak zerbitza ditzaten, beren interesaren gainetik.

 

* Otoitz egin dezagun sufritzen ari diren guztien alde: gaixo, ezindu, bakarrik bizi direnak... Gogoan izan ditzagun lurrikaraz eta uholdez kaltetuak izan direnak. Gogoan, baita ere, Siria eta beste herrietako errefuxiatuak. Maitasuna aurki dezaten  ingurukoengan, Jaunaren maitasuna sumatzeko.

 

* Eukaristia honetan parte hartzen dugunok elkar maita dezagun; lehenengo aldiz sakramentuetara hurbildu direnak ere maitasunean hazi daitezen, Jaun berpiztuaren zeru berri eta lur berrien agerpide izanez.

 

Entzun, Aita, gure otoitza, munduak zure azkengabeko maitasuna ezagutu dezan. Jesu Kristo gure Jaun berpiztuaren bitartez.

 

 

 

HOMILIA

Oraintxe entzun dugun Jainkoaren hitzak txertu berri bat bezala ematen dio gure fedeari. Benetan ikuspegi eder eta baikorrean kokatu gaitu. Lehenengo kristau elkartea bere fruitu ikusgarriak ematen ari da, jentilengana berri ona zabalduz. Jainkoak fruitu ederrak ematen ditu elkarte haren bihotzean. Eta egintza horrek «zeru eta lur berrien» aurrean jartzen gaitu. Negarrik eta malkorik isuriko ez den erreinuaren bihotzean kokatzen gaitu Jaun berpiztuaren presentziak. Maitasunaren agindu eta eginkizun ederra bizi duen erreinuaren giro berrituan.

 

Amets hutsa dela hori guztia? Pazkoan ez egitekotan, noiz egin behar dugu bada amets? Pazkoak eskaintzen digun koadro ikusgarri honetan presentzia bat eskaintzen zaigu, Jesus berpiztuaren hurbiltasuna. Eta, noski, Jaun berpiztuaren inguruan, dena biziberritzen da, dena edertzen, dena askatzen. Jainkoa gurekin daukagula esaten digun presentzia da. Mundu berri baten leihoak zabaldu zaizkigula esaten digun presentzia da. Eta nola ez dugu bada amets egingo? Nola ez zaigu bada bihotza poztuko? Nola ez diogu bada mundu berri baten lanari gogotik helduko? Sinets iezadazu!

 

Eta, seguru asko, amets horri bueloa kentzeko, aurrean jarriko zenizkidake giza sufrimendua, gogorkeria, gerrateak, egoismoa, heriotza... Eta hala ere amets? Fedeari sortzen zaion ametsa, adiskidea, ez da gizartea berritu beharra ahaztuarazten digun ametsa. Ez da mundu mindu baten negarretik urrutiratzen gaituen ametsa. Esango dizut amets hau nondik sortzen zaigun eta nora dihoan. Jainkoaren hitzak esan du honako hau: "Orain, gauza guztiak berri egiten ditut". Eta amets egingo ez dugu bada?! Baina jakin badakigu, Jainkoak egiten duen berritasuna ez dela botoi bati sakatu eta berez sortzen den automatismoa. Jainkoak ematen digun berritasunak, mundua berritzera garamatza. Bihotza eta besoak lanera eramaten dizkigun amets erantzukizunezkoa da, amets eragilea da. Jainkoak esan digu: mundu berri horretan «ez da izango gehiago, ez heriotzarik, ez negarrik, ez garrasirik, ez atsekaberik». Eta horrek, gaitzaren eragin negargarria ezabatu eta zuztargabetzeko lanera eramaten gaitu, Pazko gertatzen ari dela sinetsirik. Ulertzen al duzu, fededun, sortu zaigun ametsa ez dela amets huts eta lotaratzailea. Amets eragilea da, amets langilea da.

 

Nola gertarazi nahi dugu amets hori gure munduan eta gure euskal gizartean? Gogoan al duzu Ebanjelioan entzundakoa? «Maita ezazue elkar nik maite izan zaituztedan bezala». Maitasuna dugu Pazkoko arma ederra ametsa munduan ereiteko. Maitasunaren erantzukizun langilez ez bada, gure ametsa amets huts geratuko zaigu. Maitasunak bakarrik egin dezake dena berriarazteko miraria.

 

Eta maitasunaren ondoan, kristau elkarte elkartu eta eragile bat behar da ametsa gertarazteko. Lehen irakurgaian ikusi duguna. Kristau elkartea bat eginda: batzuk hitza hots egiten, besteak ekintza hori bultzatzen eta berotzen, denak fede berean pozten. Katekesia, hitzaren zerbitzua, ospaketak, erakundea, otoitza... Hori guztia Espiritu beraren ekintza denean eta hori guztia zerbitzu beharrezko gertatzen denean, orduan Berri Onaren ametsa gertaraz daiteke gizartean.

 

Jesusek erakutsi eta agindu digun maitasunak muga eta hesi guztiak apurtzen ditu. Elkartasuna eta batasuna sortzen duen maitasuna da. Judu ala jentil, zuri ala beltz, zintzo ala bekatari... hesi horiek denak gaindituak eta deseginak geratu ez dira ba! Harreman eta elkartasun berria sortzen duen maitasuna da. Harreman berria pertsonartean; harreman berria gizartean; harreman berriak elkartean.

 

Zertan daukagu gure bizitza oinarritua? Pazko-maitasunean ala Legean? Jainkoaren maitasunera ireki behar dugu geure barrua. Eta biziera berriaren arnasa hartu bularra betean. Ederra da maitasuna sinestea! Eta ederra, maitasuna bizitzea!

 

Fededun adiskide, Pazko-ametsak pozten eta adoretzen ote gaitu? Nahiago nuke halaxe balitz! Eta pentsatzen jarrita, zergatik ez? Ospatzen ari garen Eukaristia honek ere amets berritzaile horren giro eragilera gakartza. Eta zergatik ez dugu Pazkoko mundu berri eta berritua sinetsiko! Zergatik ez dugu bada gaur bertan Jaunarekiko elkartasuna berrituko eta dena berri daitekeela sinetsiko! Zergatik ez!? Benga, animo! Ez dadila guregan Pazkoaren festa eta eragina moteldu. Gizarteari zor diogun festa eta eragina baita. Pazkoa eman zaigu, bizi dezagun Pazkoa!

 
FaLang translation system by Faboba

Utilizamos cookies propias y de terceros para fines analíticos y para mostrarle publicidad personalizada en base a un perfil elaborado a partir de sus hábitos de navegación (por ejemplo, páginas visitadas). Puede aceptar todas las cookies pulsando el botón "Aceptar" o configurarlas o rechazar su uso pulsando el botón "Configurar". Puede obtener más información o cambiar posteriormente los ajustes en nuestra Política de Cookies.